liburu kritikak
< Zuloak | Sare eskasdun ekilibristak >
Zapata pila!
Amaia Alvarez Uria
Argia, 2024-09-01

Liburua: Antzerkiaren labirintoan I

Egilea: Ander Lipus

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2023

 

      Ander Lipus antzerkigileak EHAZE eta Susarekin argitaratu ditu bere autobiografia teatrala eta antzerkiari buruzko argitalpenak. Antzerkiaren labirintoan I. Bitakora koadernoa eta Antzerkiaren labirintoan II. Artedrama baten bila izenburuak ipini dizkie bi liburu horiei. Oraingoan lehen aleari buruzkoak ekarriko ditugu hona.

      Hasierako eta amaierako hitzekin batera, liburua bere bizitzako etapen eta bizilekuen arabera egituratuta dago, ziklo bat osatzen dutenak: Markina-Xemein (1971-1990), Madril (1990-1996), Bilbo (1996-2005), Berriz (2005-2020), Markina-Xemein (2020-2021). Azken atalari Amarauna izena ipini dio eta bertan bertsolaritza, dantza, musika, arte bisual-plastikoak, eta poesia agertzen dira, aurretik azaldutako antzerkiari buruzkoen osagarri.

      Atal bakoitzean, bizi-etapa bakoitzean, gertatu eta aurkitutakoak testu laburren bidez aletzen ditu. Pasadizoak eta gogoetak tartekatzen dira oso bizi, mamitsu, guri elkarrizketa batean oroitzapen esanguratsuak kontatzen egongo balitz bezala; tartekako galdera eta harridura ikurrek egilearen ardura eta gogoa erakutsiko dute.   

      Ez da autobiografia soila, memoria ariketa ederra da. Euskal antzerkiaren historia garaikidea ezagutu nahi duenarentzat biziki gomendagarria. Izen-abizen, termino eta mugarri segida oparoa agertzen da, bere irakasle eta bidaideei aitorpena egiteko, mende aldaketako euskal teatroaren argazki panoramikoa erakusteko, eta Ander Lipusen ibilbide eta ekarpenaren inguruan jarduteko.

      Iñigo Ibarra Ander Lipus ezagutuko dugu, oztopo-lasterketa batean dena ezagutu eta bere bidea aurkitu nahi izan duen euskal sortzaile eta eragile sutsua.  Berarekin gurutzatu diren antzerkizale askoren berri ere izango dugu: bere hastapenak Markina-Xemeinen, Madrilen eta Indian; Bilboko bakarkako eta taldekako esperimentazioak; Aulestiko Artedrama plataforma eta euskal komunitatearen ingurukoak...

      Antzezlanaren aurretik aktoreei “kaka pila” esaten zaie, publiko burgesaren zaldi-gurdien zaldien kaka pilaren araberako jende kopuruari begira. Baina Lipusek nahiago du Indiako atari aurreko zapatei erreparatu: “Antzerkiak herriarekin egon behar duelako”. Zorionak, Lipus, eta eskerrik asko egindako lan eskergagatik!