Txalo konpainiak “Kanpora sartzen” antzezlana estreinatuko du etzi, Legorretan. Xabin Fernandezek idatzi du, GIBaren inguruko bere bizipenak oinarri hartuta, eta Intza Alkainekin batera taularatuko du.
Kaiola gorri-gorri bat oholtzaren erdian. Haren barruan, zabu bat, eta beti ordu bera erakusten duen erloju bat. Eta, barrote artetik sartu-irtenka, gora eta behera, askorentzat oraindik ere nahiko ezezaguna den izaki gorri bat. GIBa da, giza immunoeskasiaren birusa, Intza Alkain aktoreak gorpuzten duen izaki gorri hori. Eta Xabin Fernandezek aurkeztuko dio publikoari, ahots sendoz eta kaiolatik at. Iazko abenduan, hamar urteko isiltasuna hautsi, eta seropositiboa zela jendaurrean lehen aldiz kontatu zuen Fernandezek. Eta orain, Kanpora sartzen obraren bidez aletuko ditu horri lotutako bere bizipenak, umorez betiere. Legorretako herri antzokian (Gipuzkoa) estreinatuko dute antzezlana, etzi; hain justu, duela hamar urte egileak GIBduna zela jakin zuen egun eta herri berean.
Fernandez eta Alkain bakarrik ariko dira oholtza gainean Txalo konpainiaren ekoizpen berrian. Biek Aitziber Garmendia aktorearen gidaritzapean egin dute lan, zeina zuzendari lanetan estreinatu den obrarekin; Sara Cozar izan du zuzendari laguntzaile. Eta Legorretan, Fernandezen sorterrian aritu dira asteon entseatzen. Estreinaldiari begira, ohiko urduritasuna sumatzen hasiak direla aitortu dute laurek, baina obra publikoari erakusteko gogoa nagusitzen zaie. Fernandez: “Lanketa handia egin dut, eta egiten ari naiz. Berezia izango da, oso berezia, baina uste dut prestatuta nagoela; gogoz nago”.
Dei baten bidez jakin zuen Fernandezek, orain dela hamar urte, GIBa zuela. “Ezjakintasun ikaragarriarekin harrapatu ninduen, eta ezjakintasun horrek beldurra sentitzera eraman ninduen; beldurra, errua, lotsa eta haserrea”. Urteotan, behin baino gehiagotan sentitu izan du kontatzeko beharra. “Telebistan lanean ibili nintzen garaian, adibidez, agian dokumental bat ere egin nezakeela pentsatzen nuen; honi buruz hitz egiteko gogoa hor zegoen, baina ez nekien zein formatutan egin”. Beldurrak ere hor zeuden, ordea, atezuan. Garaia heldua zela erabaki zuen arte. “Hamar urteko borroka hori bukatu da, zorionez”, dio orain. Eta erabakia hartzeko obra martxan jartzeak zerikusia izan duela gehitu du. “Horretan guztian ikaragarri lagundu dit antzezlan honek; obra prestatzeak eta hor edukitzeak bultzatu nau zenbait pauso ematera”.
Izan ere, azaldu du pandemia garaian “buelta asko” eman zizkiola buruari, eta zerbait berria egiteko beharra sentitu zuela. “Eta hor sartu zen antzerkia. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean izena eman nuen, eta, beldur askorekin joan arren, beste bide bat ireki zidan; ilusio berriak, eta argi berri bat ere bai”. Antzerkiarekin lehenago ere izana zuen esperientziaren bat, baina ez profesionalki. Antzezlan bat sekula idatzi gabea bazen ere, horretara animatu zen azkenean, GIBaren inguruko bere bizipenetan oinarrituta, eta “idaztea bera oso terapeutikoa” egin zitzaiola dio. “Gero, lotsa handiz erakutsi nuen gidoi hori, baina begira non gauden orain. Oso denbora gutxian asko hazi da obra hau, eta pozik nago emandako pauso guztiekin”. Lantaldearekin, halaber, “zoratzen” dago; berak idatzitako istorioa “distira oso politekin” jantzi izana biziki eskertu die taldeko kide guztiei.
Jendartera itzultzea
Kanpora sartzen izenburuak esanahi berezia du Fernandezentzat. “Azken urteotan nolabait etxean sartuta eta jendartetik kanpo egon naizen sentsazioa izan dut. Beti izan naiz oso kaletarra, baina urteotan aldatu egin naiz. Esaten nuen: ‘Etxean nago, baina ez nago etxean sartuta: nonbaitetik aterata bezala nago’. Uste dut pixka bat alerta egon naizela denbora guztian, eta horrek beste posizio batean jarri nau, beti maskara batekin eta tentsioan”. Horregatik, izenburuarekin etxetik ateratzeari eta jendartera berriz sartzeari egin dio keinu. “Jolas horretatik ere idatzi nuen obra hau”.
Kaiola da antzezlanaren ardatzean jarri duen elementua. “Nik esaten dut kaiola izan dela azken urteotako nire bizitokia, eta bertan sartu eta ateratzeko jolasa badago obran”. Ikuskizunaren hasieran, birusa egongo da kaiola barruan. “Uste dut GIBa ez dugula erakutsi orain arte Euskal Herrian, eta Altzoko Handia etorri zitzaidan burura, atzerrira eramaten eta jendaurrean erakusten zuteneko ideia hori. Eta pentsatu nuen: ‘Nik ere hori egingo dut birusarekin; aterako dugu, eta erakutsiko dugu plazetan eta herrietan, sekula ikusi gabeko zerbait bezala’”. Giro hori irudikatu dute lanaren hasieran. Gero, ordea, Fernandezek aurreratu duenez, istorioa aldatuz doa, eta, tarteka, bera ere kaiolan sartuta egongo da. “Eta, azkenean, ni naiz agerian geratzen dena eta biluzten dena”.
Horretaz guztiaz umorez hitz egitearen aldeko hautua hasieratik egin zuen egileak, nahiz eta une gogorrak ere agertzen diren antzezlanean. “Ez nuen drama bat kontatu nahi, ze iruditzen zait gai honek ja baduela nahikoa beldur eta iluntasun bere inguruan. Eta erakutsi nahi nuena zen nire hamarkada honek gorabeherak izan dituela, baina baita momentu onak ere, eta birusa eta ni lagunak garela hamar urte geroago. Ni ondo nago gaur egun, eta hori islatu nahi nuen obrarekin”.
Bere burua erakutsiko du egileak antzezlanean, bere izen-abizenekin eta maskararik gabe. Alkainek, berriz, GIBa gorpuztuko du, baina zehaztapena ere egin du aktoreak: “Nire rola lantzean, konturatu naiz, birusa baino, gehiago dela haren ondorioz Xabinek barruan izan dituen beldur eta kezkak pertsonifikatzen dituen zerbait; bere barruko alderdi bat”. Fernandezek aurreratu duenez, bere amonaren presentziak ere izango du pisua istorioan.
Gizartean gaiaren gaineko jakintza falta, beldurra eta estigma badira oraindik ere, egilearen ustez. Antzezlanak auzia gizarteratzen lagundu dezakeela iruditzen zaio. Estreinatzeko ez ezik, herriz herri erakusteko gogoz ere badago, eta herri txikietan emateak egiten dio ilusioa, bereziki. Horretan ariko dira aurrerantzean.