Urrutiratze baten istorioa ondu du Kulunka Teatrok “Forever” lanean. “Egun batean izango zirela irudikatu zuten horretatik urruntzen ari dira, oso gutxitan betetzen baita gure ametsa. Bikotekideek elkar asko maite dute, eta maitasun hori ume batengan gauzatu nahi dute, baina haurra ez da izango amestu zuten hura. Dolua egin beharko dute, eta hor hasiko da espero ez zuten bizitza bat”, aurreratu du Iñaki Rikartek.
Berriz ere familiari fokua jarri dio Kulunka Teatrok, orain “Forever” lanean. “Gure obrak hitzik gabekoak direnez, ezagunak zaizkigun egoerak islatu behar ditugu, deskribapenaren beharrik gabe gaian sakondu ahal izateko. Denok dakigu ama zer den, edo aita zer den, aita eta amaren arteko harremana zer izan daitekeen edo zer kabitzen den bertan, umearekiko maitasuna zer izan daitekeen... Nahiz obran agertzen den egoera gure familian ez gertatu, nolabait ezaguna egingo zaigu”. Iñaki Rikarte zuzendariaren hitzak dira.
Lanak Bilboko Arriaga antzokian argia ikusiko du gaur estreinakoz. Gasteizen otsailaren 4an eta Donostian 10-11n eskainiko dute. Lau hankaren gainean sostengatutako muntaketa da. “Proiektu honetarako Centro Dramatico Nacional-en laguntza izan dugu eta Madrilgo Maria Guerrero Antzokian egongo gara bost astez urte amaieran denboraldia egiten. Victoria Eugenia eta Arriaga antzokiek ere parte hartu dute”, adierazi du.
CDN bezalako erakunde publiko batekin lortutako elkarlana orain arte egindako bidearen emaitza da, Rikarteren esanetan. Gurasotasuna, heziketa, ezintasuna, gehiegizko babesa, sexualitatea eta indarkeria bezalako gaiek pisua dute obran. Oholtzan: Jose Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Carcamo, maskarak soinean.
Karikaturak
“Maskarak karikaturak dira. Gure burua distantziarekin ikusteko aukera ematen digute. Aldi berean —antzerkiaren magia dela medio— identifikazio oso potentea sortzen dute”, haren ustez.
Lanak badu gordintasunetik eta samurtasunetik, aurreko ekoizpenetan gertatu gisan. Baina ikuspuntua bestelakoa da oraingoan. “Andre eta Dorin-en pertsonaiek ez zuten horren errurik, gaixotasunaren biktima ziren. Obra honetan, aldiz, pertsonaiek ardura handia izango dute gertatzen zaien horretan, nahiz guk oso ondo ulertuko ditugun”.
Enpatian dago obraren planteamenduaren gakoetako bat. “Jakin nahi genuen zer gertatzen den pertsona batek moralki eztabaidagarria den zerbait egiten duenean eta publikoaren partekatzen duenean. Clownak zer egin ez dakienean guri begiratzen digu. Eta guk barre egiten dugu berak baino gehiago dakigulako. Baina kasu honetan pertsonaiek guri begiratuko digute, eta guk ez dugu jakingo beraiek baino gehiago”, argitu du zuzendariak.
Lur berriak
Arriskua hartu izanaren sentipena dauka Rikartek. Lur berriak zapaldu dituzte. “Hainbeste menderatzen ez genuen arloan sartu gara. Maskararen hizkuntza pixka bat harago eraman dugu”. Izan ere, hain berea duen estiloari jarraiki pauso bat aurrerago doa konpainia “Forever” lanean. “Dramaturgia askoz konplexuagoa da, luzeagoa da eta eszena gehiago ditu. Eszenografia plataforma birakaria da, eta horrek ematen dio kutsu zinematografikoagoa. Eszena askotan ekintza bat baino gehiago dago ,eta hori maskaren bidez egitea zaila da. Inportantea da fokua ondo jartzea edo une oro non dagoen zehaztea, bestela publikoak ez du ulertzen; denak aldi berean hizketan ariko balira bezala da”, esan du.
Sortze prozesua ohikoa izan dute. Oholtzatik paperera. Lau kideen artean ontzen dute dramaturgia agertokian. “Proiektua duela bi urte abiatu genuen, eta epe horretan zazpi hilabetez entseguak egin ditugu Madrilen eta Euskal Herriaren artean; konpainiaren erdia han eta beste erdia hemen gaude, tartekatuz joaten gara”, azaldu du. Hitzik gabea denez gidoia, ekintzen bidez harilkatzen dute. “Forever” ikuskizunaren kasuan dramaturgiaren konplexutasunak gidoia ere gehiago sakontzea eskatu die. “Gure ohiko prozesuetan gutxi idazten dugu, baina oraingoan ez da hala gertatu”, dio.
Zenbait galdera egiten dizkiote ikusleari agertoki gainean. Posible da iristea horrelako muturreko egoera batera eta pertsonaia guztiak ulertzea? Eta posible bada, zer egin dezakegu? Zer egin behar dugu horrelako egoerara ez iristeko? Benetan gure esku dago ala badago zerbait gu baino handiagoa dena horrelako egoerara arrastaka eraman ahal gaituena?
Istorioa ikusleari ulergarria egiteak kezka eragin die. “Pertsonaiek ez dute hitz egiten, baina publikoak entzun egiten ditu esan gabeko hitzak. Ikusleen buruaren barruan sortzen da istorioa. Antzerkian beti da horrela, baina maskaren antzerkiaren kasuan are gehiago”.
Zirkulua itxi
Agertoki gainean hasi da zirkulua, eta bertan itxiko da. “Nahiz erabaki guztiak guk hartu ditugun, emaitza ez dago gure esku bakarrik. Ez gara emaitzaren jabe; sorkuntzan hala gertatzen da. Publikoaren erantzuna inportantea da proiektuari izena emateko. Asko kostatzen zait oraindik ikuskizunaz hitz egitea, nahiz asko hitz egin dugun hitzik gabeko ikuskizuna sortzeko. Sentitzen dut hitzez deskribatzen dudanean traizio egiten dudala. Gauza bera gertatzen zaie gainerako taldekideei”, kontatu du.
Nazioartean sona duen taldea da Kulunka. Eta saritua. “Solitudes” obrak bi Max sari eskuratu zituen. Baina Euskal Herrian oihartzuna apala da, emanaldiak urriak. “Hemen, antzoki nagusien babesa izan arren, kosta egiten zaigu mugitzea; ez dugu emanaldi askorik egin, ez Andre eta Dorin, ez Solitudes. Kasu honetan, gainera, ikuskizuna askoz handiagoa da, eta ez da edozein antzokitan sartuko. Ikusteko dago emanaldi gehiago egingo ditugun”, aitortu du.
Atzerrian mugitzen dira. “Lana eduki badaukagu eta ezin gara kexatu. Pena ematen du etxetik gertuago lanik ez izateak. Egia esan, ez dakit zein den arrazoia. Batetik, euskaraz ez dugu lanik egiten, eta hori izan daiteke oztopo bat zenbait tokitan. Bestetik, lana bitxia da, eta jendeak agian oraindik aurreiritziak dauzka maskarekiko” esanez amaitu du.