Familiarteko harremanak eta besteren onarpena ditu ardatz “Ez naiz inoiz Dublinen egon” antzezlanak. Ostiralean estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Eguberri gaua da, eta elkarrekin afaltzeko bildu da Aresti familia. Aurtengoa, baina, berezia da: Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba, Londrestik itzuli da. Familia afari arrunt bat izan behar zena katramilatzen hasi, eta ospakizun giroa garraztuko da Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlanean. Tentazioa konpainiaren obra berria da, eta urtarrilaren 6an estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:30ean. Markos Goikolearena da testua, Mireia Gabilondok zuzendu du, eta haren gidaritzapean arituko dira Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte eta Aitziber Garmendia aktoreak —antzezten jardungo du Gabilondok ere—. Antzokiaren urteko lehen estreinaldia izango da.
Mahai baten bueltan jazoko da istorioa. Senideak Elenaren zain daude, urduri. “Hiru urte igaro dira alabak etxetik alde egin zuenetik, eta, ordutik, ez dugu inolako harremanik izan berarekin: sekulako eztabaida izan genuen, ez genuelako haren homosexualitatea onartu”, kontatu du Gabilondok. Afarira Cindy neska lagun irlandarrarekin joango dela aurreratu die Elenak, baina atetik sartu eta berehala izango da ustekabea: “Pertsonaia ikusezin bat izango da Cindy: irudimenezko neska lagun bat”.
Familiako lau senideen bizipenen inguruko “komedia garratza” dela azaldu du zuzendariak: “Umorea izango da nagusi, baina gauza serioez hitz egingo da. Norbere minak jarriko dira mahai gainean, eta garraztasun horretatik gauza asko esango dira”. Familiarteko harremanak izango ditu ardatz obrak, eta besteen sinesmenen onarpena izango da, besteak beste, gai nagusia: “Bakoitzak gure errealitate propioa eraikitzen dugu, baina noraino gara gai besteenak onartzeko? Asko kostatzen zaigu besteen desberdintasunak errespetuz tratatzea”.
Pertsonaia bakoitzak “bere sekuentziatxoak” izango dituela aurreratu du Gabilondok, baina, azkenean, denek izango dute helburu bera: “Bakoitzak bere fantasiak eta miseriak erakutsiko ditu, eta, elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak ariko dira bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila”.
Elenaren amaren rola jokatuko du zuzendariak obran: “Bizitza osoa bere familiari eman dio, dena ondo egin nahi du, eta une oro dago guztien gainean”. Aranburu izango da aita; Azpitartek interpretatuko du Martin seme nagusiaren rola; eta, Garmendiak, berriz, Elenarena.
Etxeko giroa irudikatuz osatu dute eszenografia bera ere. Fernando Bernues arduratu da atrezzoa osatzeaz, eta, oholtzari aurrez aurre begira jarriz gero, etxe barrualde errealista bat ikusiko du ikusleak. “Egongelan gertatuko da obra osoa: mahaia erdialdean egongo da, kanpoaldea ikus daitekeen leiho bat izango da, beste gela batzuetara joateko ateak ere bai... Ordu eta erdi iraungo du antzezlanak, eta obra ere denbora errealean gertatuko da”, azaldu du zuzendariak.
Lehenengoz, bi roletan
Antzerkigintza Berriak programaren bidez hasi zen Markos Goikolea bere lehenengo obra eszeniko luzea denaren gidoia osatzen. Bost hilabeteko epea izan zuen testua garatzeko, eta arte eszenikoetako profesionalen gidaritzapean egin zuen lan. Gabilondok ere parte hartu zuen prozesu horretan, eta hala izan zuen zuzendariak Goikolearen obraren berri: “Laborategian sortu den testu bat da, oso gertutik bizi izan dut, eta asko gustatu zitzaidan zertaz hitz egiten zuen, nola zegoen josita eta idatzita...”.
Lana amaitu eta berehala hasi ziren bi kideak elkarlanean, eta prozesu osoan egon da presente obraren idazlea: “Prozesua bertatik bertara jarraitu du Markosek, eta gurekin egon da hainbat entsegutan; oso prozesu polita izan da”, zuzendariaren hitzetan.
Era berean, lehenengoz aritu da Gabilondo aldi berean aktore eta zuzendari lanetan, eta pozik dago emaitzarekin: “Erabakia hartu arte ibili nintzen bueltaka, sekula ez nuen horrelakorik egin, baina oso esperientzia polita izan da”.
Prozesu osoan lankideen babesa izan duela kontatu du, eta, alde horretatik, “guztiz eskertuta” dago. Sara Cozar, kasurako, zuzendari laguntzaile aritu da, eta haren laguntza “sekulakoa” izan dela nabarmendu du Gabilondok. Horrez gainera, agertokitik kanpora ere prestakuntza prozesua “familiartean” egin dutela azpimarratu du: “Oso harmonia ona izan dugu elkarren artean; oso ondo pasatu dugu”.
Hurrena Bilbon
Joan den azaroaren 13an egin zuten jendaurreko lehen proba, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzokian, eta pozik geratu ziren emaitzarekin: “Aretoa bete egin zen, eta publikoak barre asko egin zuen; disfrutatu egin zutela iruditu zitzaidan”. Horrek konfiantza eman die estreinaldirako, baina badute “urduritasun puntu bat” ere. Bihar izango da hori, Donostian, eta sarrera ia guztiak agortuta daude jada. Etzi ere taularatuko dute obra, leku berean, eta igandean ere bai, gazteleraz.
Donostiako estreinaldiaren ondoren, Bilboko Arriaga antzokian izango dira: urtarrilaren 10ean eta 11n. Datozen hilabeteetan Euskal Herrian barrena egingo dute bira.