Arrazista ez direnak, baina...
Iņigo Astiz
Berria, 2022-10-20

Ados Teatroak “Lagun beltz asko” komedia dramatikoa estreinatuko du gaur, Getxon. Ezezagunari zaion beldurrari eta xenofobiari buruzko komedia dramatikoa da.

      Gaua. Orduz kanpo ixten ari den taberna bat, eta aspaldi elkar ikusi gabeko bi lagun bertan, berriketan, kontu kontari, bai eta elkarri zer isildu neurtzen saiatzen ere. Txiste artean, baina haietako batek etengabe zipriztintzen du solasaldia matxismo, homofobia eta arrazismo orbanez. Laguna ezeroso dago komentario horiekin, eta behin eta berriz aurpegiratuko dio jarrera hori. Baina atzerritar bat sartuko da orduan, paxtuneraz eta ingelesezko hitz solte batzuekin saiatuko da bi gizonei sakelakoa kargatzeko laguntza eskatzen, eta itxurazko txikikeria horrek leherraraziko du bi solaskideen arteko tentsioa. Eta, bat-batean, bistara geratuko dira zuzentasun politikoaren maskarak estalitako guztiak. Hori da Lagun beltz asko antzezlanaren hezurdura nagusia. “Komedia dramatiko bat”, azaldu du Garbi Losada Ados Teatroa konpainiako kideak; “uste dut hala esaten zaiela”. Bera aritu da zuzendari lanetan, eta Asier Hormaza, Ramon Ibarra eta Asier Sota aktoreak aritu dira taula gainean. Gaur estreinatuko dute, Getxon (Bizkaia), Muxikebarri aretoan, 40. Getxo Eszena jardunaldietan. Euskaraz emango dute lehenik, eta gazteleraz gero, etzi.

      “Onak izaten gara gauzak zail ez daudenean: eskuzabalagoak, atseginagoak, hobeak; baina, gero, gauzak konplikatzen badira, geure burua salbatzera jotzen dugu”. Losadaren hitzetan, hori kontatzen du antzezlanak. “Eta aho-zabalenak ez direla beti arriskutsuenak izaten”. Jose Antonio Vitoriarekin batera idatzi du gidoia Losadak, eta hiru aktoreekin joan dira gero solasaldiak zorroztuz. “Ez da obra pedagogiko bat; badu komikoa den parte bat, eta, gero, badira tonu aldaketa batzuk, eta pertsonaiek eramaten duten lekuraino doa gero”.

 

“Adi” segitu beharreko lana

      Hiru pertsonaia horiek dira, hain justu, obraren muina, Hormazaren hitzetan. “Pertsonaiek eraikitako obra bat da hau, nagusiki, aktore lan handikoa”. Ikusleak pentsatzera eramango dituen obra bat ere izango dela uste du. “Komunikazio faltaz hitz egiten du obrak, eta, bereziki, ezezagunari diogun beldurraz. Norbait ezagutzen ez dugunean edo egoera bat arrotza egiten zaigunean, barruan daramatzagun emozio batzuk ateratzera bultzatzen gaitu beldurrak, eta oso desegokiak diren ekintzak egitera garamatza horrek”.

      Trama nagusiarekin batera antzezlanak hainbat azpitrama dauzkala ere esan du aktoreak, eta publikoak “adi” jarraitu beharreko obra bat ere badela. “Ziztu bizian pasatuko da, eta bukaera ere berezia dauka. Komeni da esaten den guztia kontuan izatea, eta adi-adi entzutea”.

      Antzezlanaren titulua ere izan du mintzagai Hormazak. “Jendeak bere burua justifikatzeko erabili ohi duen esaldi horri egiten dio erreferentzia. 'Ni arrazista? Ni nola izango naiz, ba, arrazista, lagun beltz asko ditut-eta'. Edo bestea. 'Homofoboa? Nola izango naiz ni homofoboa, nire koinatua gay-a da eta'. Horregatik, titulua ikusi, eta uste dut ikusleak berehalakoan harrapatzen duela zer unibertsotan gauden”.

      “Gu guztioi buruz mintzo da obra”, azaldu du lehenik Losadak, baina berehala gehitu dio ñabardura. “Egia esan, atzerritarra aterako nuke nik gu horretatik, berak ez baitu bere burua adierazteko modurik”.

 

Bi aktoreko pertsonaia bat

      Euskarazko bertsioan Asier Sotak jokatuko du pertsonaia hori, eta gaztelerazkoan, berriz, Ramon Ibarrak. Trukatu egingo dituzte rolak, beraz. “Halakorik ez nuen sekula egin”, onartu du Ibarrak. “Oso interesgarria izan da, eta baita oso zaila ere”. Bi aktoreetako bakoitzak pertsonaia eraikitzeko modu propioa du, gainera, haren hitzetan, eta horrek antzezlana aberastu duela uste du.

      Ainhoa Aierbe aritu da zuzendari laguntzaile, Xabier Lozanok egin ditu argiztapen lanak, Jabier Asinek sortu du musika, eta Vitoriarena eta Ikerne Jimenezena da eszenografia. Estreinaldiaren aurretik, pare bat saio egin dituzte publikoarekin, orain arte, eta pozik geratu dira emaitzarekin. Losada: “Interesa pitz dezakeela uste dut”.