Zein kontzertu daude asteburu honetan? Zein da Antzerkiola Imaginarioaren azken antzezlanaren mamia? Nora bidali dezaket idatzi dudan antzezlana? Arte eszenikoek sortzen dituzten ekitaldi, antzezlan, kontzertu eta ekimenen berri izateko parada aproposa eskaintzen du “Artez” aldizkariak duela bost urtetik hona. 80ko eta 90eko hamarkadetan “Antzerti” eta “Euskadi Kulturala” aldizkariak izan ziren, baina haiek desagertzean hutsune bat geratu zen arte eszenikoetan. “Artez” hutsune hori betetzeko asmoz jaio zen 1997ko otsailean. Ordutik, hazi egin da aldizkaria, eta horren lekuko dira 58. zenbakiaren 86 orrialdeak. Bost urte hauetako jardunaren argi-itzalak ezagutu nahi izan ditugu eta aldizkariaren labera abiatu gara.
Elorrion du egoitza arte eszenikoetan espezializatutako aldizkariak, Arriola kultur aretoko lehen solairuan. Zortzi pertsonako lan taldea jo eta su aurkitu dugu, 59. “Artez” prestatzen. Telefonoa jo eta jo ari da eta kea ateratzen da erredaktoreen teklatuetatik. 1997an abiatu zen “Artez”, baina orduko aldizkaria eta egungoa oso ezberdinak dira. Bi epe izan ditu aldizkariak. Lehen urtean formato txikiagoa zuen, Elorrioko Arriola kultur aretoak antzoki moduan funtzionatzen zuenez, bertan egiten ziren ekitaldien berri emateko jaio zen. Zinema, musika eta antzerki ekitaldien aipamen xume bat egiten zen, eta Arriolako agenda agertzen zen. Bestalde, arte eszenikoekin zerikusirik ez zuten testuak sartzen ziren: osasunari eta telebistari buruzko testuak, ipuinak, mendi ibilaldiak... Gerora Zornotzako aretoko ekitaldiak tartekatzen hasi ziren. Urtebete pasatakoan, areto gehiago murgildu ziren proiektuan eta “Artez”eko zuzendaritza aldatzea erabaki zen. Carlos Gil antzerki kritikaria sartu zen aldizkarian eta lan talde berria osatu zen.
“Artez”en bigarren garaia
Hasieran Elorrioko eta Zornotzako kultur ekitaldien jarraipena egiten zuen “Artez”ek. Duela lau urtetik hona, ordea, Euskal Herriko dantza, antzerki, musika eta ikus-entzunezkoen alorretan izaten diren ekitaldi eta estreinaldien berri jasotzen du hilero. Bost atal ditu, Antzerkia, Dantza, Musika, Audiobisualak eta Zabalgunea izenekoak. Antzerkia da zabalen jorratzen duten alorra, bertan euskal eszenatokian izango diren estreinaldien berri jasotzen dute. Dantza, Musika eta Audiobisualak ataletan ere hileko ekitaldi nagusienak jorratzen dituzte. Zabalgunean hainbat azpi atal daude. Batetik elkarrizketak eta erreportajeak daude. Bestetik ikastaro eta lehiaketa deialdiak; disko, argitalpen, bideo eta CD-ROMen aipamenak; eta agenda. Joseba Gorostiza erredakzio buruak agendaren garrantzia azpimarratu digu, irribarre batekin: “askotan pentsatu izan dugu aldizkari bat baino ez ote garen komunikazio agentzia bat izango. Jende askok deitzen du hona informazio eske edota kontakturen baten bila”.
58. zenbakiak 86 orrialde ditu; izan ere, pixkana orrialde kopurua handitzen joan dira. Gorostizak esan duenez, 140 orri erraz beteko lituzkete, informazio ugari dutelako, baina estutasun ekonomikoak direla-eta orri kopurua mugatu behar izan dute. Santurtziko Serantes, Irungo Amaia, Bilboko La Fundicion, Lasarteko Manuel Lekuona, EHU eta Basauriko Social eta aurretik aipatutako Arriola eta Zornotza antzokiak euren babesleak direnez, haiengandik informazio ugari jasotzen dute. Horrez gain Euskal Herriko areto gehienekin dute harremana eta haien estreinaldi eta ekitaldien berri izaten dute.
1.000 harpidedun eta 3.500 aleko tirada
Esan bezala, zortzi antzokik laguntzen dute “Artez” eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, BBKren eta Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministerioaren babesa ere badute. Dena den, harpidedunak dira euren diru iturri nagusia. 1.000 harpidedun inguru dituzte. Esan behar da antzokiek ere aleak erosten dituztela, haien bazkideen artean banatzeko, eta denera hilero 3.500 ale bidaltzen dituzte. Alabaina, ale bereziak egin izan dituzte, tiradarik handiena 2000ko uztailean egin zuten. Donostia Kulturarekin elkarlanean 12.000 aleko tirada egin zuten Donostiako Antzerki Feria zela-eta.
Aldizkaria elebiduna da eta Gorostizak dioenez, horren arrazoia zera da: errealitatearen arabera jokatzen dutela. Estreinaldi baten aipamena egiterakoan, zein hizkuntzatan estreinatzen den hartzen dute kontuan. Euskarazko estreinaldia bada, euskaraz egiten dute eta bestela gaztelaniaz. Zoritxarrez, estreinaldi gehienak gaztelaniaz izaten direla dio Gorostizak. Horrexegatik, euskararen presentzia nahiko murritza da aldizkarian.
Bost urteko ibilbidean euren lekutxoa egin dute eta arte eszenikoetan ari den jendeak haien lana eskertu du. Horren adibide dira jaso dituzten sariak. Txema Zubia antzerkiaren lagunen elkarteak, Leioako Umore Azokak, Argentinako Rosario hirian egiten den Experimenta jaialdiak eta Parisko On Kixote jaialdiak emandako sariak. Antzerki munduko jaialdietara joateko ohitura du “Artez”ek, baita antzerki azoka eta teknikoen azoketara, halako topaketek harremanak egiteko balio dutela iritzita. Haatik, Joseba Gorostizak dioskunez, aldizkaria ez dago arte eszenikoetako profesionalei soilik zuzenduta, ikusle arrunta du jomuga.
Bost urtetako ibilbidean zera ikusi dute: antzerki produkzioak asko ez bada ere ugaritu egin direla eta batez ere taldeak profesionalagoak direla.
Antzerkia ere sarean
Interneten artezblai.com izeneko web gunea dute. Bertan, batetik 2001eko otsailetik aurrerako zenbakiak aurki daitezke. Bestetik, Artezblai arte eszenikoen ataria dago. Osagai ugari ditu atariak, besteak beste, ia egunero berritzen diren albisteak, efemerideak, lan poltsa, deialdiak, kritikak... Horrez gain antzerki testuak bertara bidaltzeko aukera eskaintzen du. Uneon 63 antzezlan daude; autoreak herrialde askotakoak dira: Txile, Argentina, Israel, Espainia, Katalunia, Euskal Herria... Testuok jende askok irakurtzen dituela jakinarazi digu Borja Relaño erredaktoreak. Testu arrakastatsuenak 469 deskarga izan ditu eta hamabosgarrenak esaterako 182. Denak gaztelaniaz daude. “Artez”eko Borja Relañok esan duenez, tamalez, ez dute euskarazko testurik jaso oraino. Halaber, atariak albisteak sortzeko aukera ematen dio erabiltzaileari eta foro bat ere badago. Horixe, jendeak albisteak bidaltzea nahi lukete, baina jendea ez da asko animatzen. Azkenik, Yorik liburu denda birtuala dago. Oraindik ez dago martxan, baina laster abiatzeko asmoa dute.
Antzerki liburuak
Urtarriletik antzerkiari buruzko liburuak argitaratzen hasi dira. Urtarrilean Felipe Loza eta Garbiñe Losadaren “Sin vergüenzas Lotsa-gabe” argitaratu zuten eta otsailean Maite Agirreren “Y María, tres veces amapola, María...” eta “Bilbao. Lauaxeta, tiros y besos” antzezlanak eta Teresa Caloren “Mentiras” eta “Entre líneas” obrak. Dena den, antzerki lan garaikideez gain, antzerkiari buruzko liburu teorikoak eta teknikoak ere plazaratuko dituzte. Gorostizak dioenez, “errentagarritasun ezagatik-edo, hutsune handia zegoen antzerki argitalpenetan eta guk horri ekin diogu”.
Aurrera begira, aldizkaria liburu dendetan saltzea dute erronka. Aurretik saiakera bat egin zuten eta ez zuen arrakastarik izan. Orain, Euskal Herriko liburu denda nagusietan aurki daiteke arte eszenikoei buruzko aldizkaria.
Hurrengo antzerki estreinaldiak zein izango diren eta zein taldek taularatuko dituen ez dakizula? Antzerki ikastaro batean izena eman nahi duzula?