Publikoa detektibe
Eider Garaikoetxea
Argia, 2004-10-03

      Ile-apaindegi baten gainean bizi den musikaria nork hil duen erabaki behar du ikus-entzuleak Kanpingags taldearen antzezlan berrian. Barakaldo Antzokian irailaren 10ean estreinatu zuten gaztelaniazko bertsioa (Por los pelos) eta euskarazkoa, urriaren 17an eramango dute oholtza gainera, Arrasaten. Umore bizia eta intriga, nor baino nor dabiltza lan honetan.

      Urlia antzokira sartu eta butaka gorrian eseri da. Begi aurrean, eszenatokian, ile-apaindegi modernoa du, bere auzoan zabaldu berri dutenaren antzekoa. Musika bizi eta modakoa da entzungai, ile-apaintzailea telefonoz ari da berbetan, honen laguntzaile pinpirina, berriz, azazkalak konpontzen. Bezeroa sartu da eta ilea mozteko eskatu du. Geroago, beste bi bezero sartu dira: gizon misteriotsua eta emakume aberatsa. Ile-apaindegiko giro ona piano hotsak apurtu du. Goian bizi den Isabel Cernuda musikari famatua entseatzen omen dabil. Ez du luzaro egingo, baina. Handik gutxira, hilik aurkituko dute etxeko zoruan etzanda. Nork akabatu du, ordea?

      Hiltzailea nor den asmatu behar dute ikus-entzuleek Kanpingags antzerki taldearen Por los pelos / Ezetz lepoa jarri lan berrian. Ez dute lan makala izango ordea, taula gainean diren lau pertsonaiak direlako susmagarriak, laurek dute musikaria hiltzeko motiboren bat: Antonio Lujan ile-apaintzailea (Joseba Apaolaza), honen laguntzaile Alicia Garai (Ainhoa Aierbe), Mari Jose Zenarruzabeitia aberatsa (Itziar Lazkano gaztelerazko bertsioan eta Kontxu Odriozola euskarazkoan) eta Eduardo Lopez gizon misteriotsua (Asier Hormaza gaztelaniazkoan eta Jose Ramon Soroiz euskarazkoan). Hilketa izan den lekura bertaratu diren Lasa ofizialordearen (Kiko Jauregi) eta komisarioaren (Patxi Barko eta Asier Hormaza) laguntzaile bilakatuko da, beraz, ikus-entzulea.

      “Antzezlana oso berezia da; batez ere publikoak erabakitzen duelako ze bukaera ikusi nahi duen, hau da, ikuskizunaren amaiera ikus-entzulearen esku dago”, nabarmendu digu Asier Hormaza aktoreak. Lanak badu beste berezitasun bat, Pere Planella katalana du zuzendari. “Espainiar Estatuan egin zen lehen bertsioa berak zuzendu zuen eta horregatik jo genuen berarengana”, aipatu digu Asier Hormazak. “Berak inork baino hobeto ezagutzen du obra, bete-betean asmatu dugu. Gainera, lehendik ere berarekin lan eginda ginen, ezagutzen genuen. Nahiz eta katalana izan gugandik gertu egon da urte hauetan”, nabarmendu du Apaolazak.

 

      Les miserables baino ikusiago

      Jatorrizko antzezlana Paul Portner idazle eta psikologoarena da: Shear madness. Euskal Herrira iritsi aurretik, mundu osoko antzokietan izan da lana: 6.000.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute, eta 10.000 emanalditik goiti taularatu dituzte. AEBetako The Boston Globe aldizkariak, esaterako, urteko komediarik onenaren saria eman zion. Espainiako Estatuan 1987an estreinatu zuen Tricicle talde katalanak. Antzezlana Euskal Herrira ekartzea deliberatu du orain Kanpingags taldeak. Por los pelosek horrenbesteko arrakasta izateak, errespetua baino, lasaitasuna ematen die Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza aktoreei. “Bermea da, badakigu ez garena ezer asmatzen ari, badakigu oso etekin onak eman dituen eta asko ikusi den funtzioa dena, funtzionatzen duena alegia”, esan digu Apaolazak.

 

      Umorea eta intriga

      Barakaldo Antzokian bederen, txalo zaparrada itzela jaso zuen lanak. Eta ez da harritzekoa, Por los pelos hagitz berezia delako. Hasi antzerki obra arrunt baten moduan hasten da, ikus-entzuleak ile-apaindegian jazotakoak jarraitzen ditu. Umore bizi eta gertua da nagusi aurreneko zati honetan (Karlos Zabalak egin du testuen egokitzapena, orain dela 15 urteko bertsio espainiarra zaharkitua eta urrun samar geratu zelako). Antonio Lujan ile-apaintzaileak haragitzen du hobekien umore mikatz hori. “Ile-apaintzaile topikoa egokitu zait, hala zegoen jatorrizko testuan eta errespetatu egin dugu. Oso maritxua, oso zalapartatsua da Lujan”, deskribatu digu pertsonaia jokatzen duen Joseba Apaolazak. Hilketa gertatu ondoren, laugarren pareta apurtu, eta ikus-entzuleei zuzentzen zaie ile-apaindegira joandako komisarioa: “Isabel Cernuda hemen zegoen norbaitek hil du, laguntza eskatzen dizuet ekintzen berreraikitzea egiteko, lekuko zuzenak izan baitzarete”.

      Ordura arte, lasai asko butakan jarrita zegoen urlia asaldatu egin da. Ez zuen halakorik espero. Hasiera batean, arras lotsatuta badago ere, laster ekingo dio komisarioa laguntzeari: “Ez, ez. Eduardo Lopez ez zen, berak dioen bezala, kalera joan, komunera baizik”. Berreraikitzea amaitu eta beste gonbita bat egiten die komisarioak bertaratuei: “Eten bat egingo dugu orain, kanpora atera eta galderak egin ahalko dizkidazue. Gero, hona itzuli eta galdeketa egingo diezue susmagarriei”. Komisarioak agindu bezala gertatzen dira ondorengoak. Zalantza guztiak argituta, hiltzailea nor den zehazteko botaketa egiten da. Oraingoan, Lopez gizon misteriotsua da hiltzailea, beti ere publikoaren ustez. Hala antzeztu dute aktoreek. Hurrengo batean, ile-apaintzailea izan daiteke, edo honen laguntzailea edo Zenarruzabeitia andere aberatsa.

 

      Errealismoa

      Harrigarria da antzezlanak duen ikus-entzulearekiko gertutasuna, fikzioa errealitate bihurtzen da istant batez. Butakan eserita dagoenak benetan sinesten du hilketa gertatu dela. Hori, hein batean, eszenografiari esker lortu dute Kanpingagsekoek. Jon Berrondo eszenografo ezagunak egin du lana. “Dena dago sinesgarritasun handiena lortzera bideratuta: bai pertsonaien aldetik, bai ikerketa nondik-norakoen aldetik (Ertzaintzaren laguntza izan dute), eta eszenografia... Erreala da, edozein ile-apaindegi horrelakoa da, edo hori bilatzen genuen, behintzat”, esan digu Apaolazak.

      Detektibe lanak egin nahi dituen edozeinek, beraz, badaki nora jo: antzokira. Datozen asteotan Getxon, Gernikan, Oiartzunen, Donostian, Azpeitian, Deban eta Zumaian ere aurkeztuko dute obra.

 

      Antzerkia sozializatzen

      “Ikus-entzuleak ikuskizuna bere eskuetan dagoela sentitzen du, eta hala da. Ez dakigu zer galdetuko duen, nola eta noiz”, laburbildu digu Asier Hormazak estreinatu berri duten lanari buruz. Por los pelosen publikoa da errege. Nolanahi ere, aktoreak ez dira ikus-entzuleen txotxongilo: “Lanak baditu barne-mekanismo batzuk eta horiei esker, antzezlana ez da guk nahi dugun ildotik joaten. Hortaz, alde horretatik, nahiko seguru sentitzen gara”, azaldu digu Hormazak. Dena den, erronka polita da aktoreentzat antzezlan hau: “Batzuetan inprobisatu beharra dago. Galderei-eta ahalik eta hobekien erantzun behar diegu, ahalik eta umoretsuen”, nabarmendu digu Joseba Apaolazak. Publikoak ere kinka larrian ikus dezake bere burua. Izan ere, “ikus-entzuleak aktore bilakatzen dira, azken batean norbaitek ahotsa altxatzen duenean bere burua ari da nabarmentzen. Horrek guztiak sozializatu egiten du antzerkia”, azaldu digu Apaolazak. Euskal Herriko publikoak, baina, nola erantzuten dio protagonista izatearen erronkari? Apaolazak berak erantzun dio galderari: “Hasiberriak gara, izango ditugu herriak edo zenbait toki parte hartze gutxiagorekin, izango ditugu gorabeherak. Baina ez dut uste hainbesteko alde dagoenik hemengo eta AEBetako edo Espainiako publikoaren artean”.