Euskaldunen bekatuak oholtzara
Katixa Garate
Argia, 2005-02-06

      Amorrua, haragikeria, zuhurkeria, inbidia, nagikeria, harrokeria eta tripazainkeria dira zazpi bekatu nagusiak eta horiexek ditu oinarri Pok konpainiak taularatu berri duen antzezlanak. Bekatuak euskararen testuinguruan kokatu ditu, euskaldunok egunerokoan bizi ditugun hainbat egoera azaltzeko eta, zergatik ez, haien gainean barre pixka bat egiteko. Seguru batek baino gehiagok bere burua ikusiko duela islatuta pasarteren batean.

      Zazpi bekatu nagusi izaki, zazpi esketxetan banatu dute obra. Olatz Beobide eta Edi Naudóren zuzendaritzapean, Lierni Fresnedo “txalo zaparrada jaso zuen”, Mikel Laskurain eta Niko Lizeaga aktoreak sendo ageri dira esketx horietako pertsonaia ugari eta askotarikoak gorpuzten: Romeo eta Julieta euskaraz “inoiz ikusi ahal izango dugu osorik?” antzezteko zailtasunak dituzten aktore amorratuak izango dira, hitanoaren erotismoak lotutako euskaltegiko ikasle eta irakaslea, Xiberolandia parke tematikoa sortu nahi duen enpresari bergararra eta haren aurka egiten duen artzain zuberotarra, bilera ele bitan egin dadin eztabaidan ari diren herritarrak, ahaztua izateaz kokoteraino dagoen kulturgilea...

      Zazpi esketxek bekatua dute abiapuntu, baina aitzakia da gure eguneroko egoera batzuk mahai gainean jartzeko eta umorez begiratzeko. Hain bekatari ote garen galdetu diogu Aitzpea Goenagari: “Kulpa oso barneratuta daukagu eta erru horren jatorria bekatuak dira. Kulpak garbitu egin behar dira, gainetik kendu eta esan zer arraio!, herri honetan gauza on asko egiten dira. Zergatik ibili behar dugu egun guztia gure burua zigortzen eta aieneka? Bada garaia umore pixka batekin hartzeko eta esateko: ez dago bekaturik ez ezer, guk egiten duguna ahal duguna da. Gehiago egin daitekeela? Dudarik gabe”. Olatz Beobidek zera gaineratu du: “Euskara etorkizuneko arma ez balitz, etorkizunerako balio izango ez balu ezingo genuke umorea egin, zer egin pentsatzen arituko ginakeelako. Umore guztiarekin, baina Romeo eta Julieta euskaraz egin dugu, hiru minutuz bada ere, eta horrek esan nahi du egitea posible dela. Eta hori ikusita, nola ez gara ba baikorrak izango!”.

 

      Arin eta martxa onean

      Esketx guztiak arin doaz, aktore eta zuzendarien lanari esker. Aktoreen arteko elkarrizketa pipertsuek ere laguntzen dute horretan. Esketx batzuen bukaerak doituz gero, obra hazi egingo da hurrengo emanaldietan. Pascal Gaignek obrarako propio egin duen musika eta Pokekoek Alkiza, Ondarru eta Oztibarre eskualdeko haurrei egindako bideo grabaketek “euskarari buruz eta bekatuei buruz hitz egiten dute bertan” lokailu lana egiten dute. Estreinaldiaren egunean bideoak ez ziren ondo entzun. Olatz Beobide zuzendariak esan digunez, bideo grabaketa nahiko modu artisauan egin zuten eta pixka bat sufritzen ari dira horregatik. Soinu arazoak konpontze aldera ari dira orain lanean.

      Edi Naudók diseinatutako eszenografia xumea da: bi panel zeharrargik osatzen dute. Esketx bakoitza lekutze aldera, panelak mugitu egiten dituzte eta itzalen teknikaren bidez eta argi koloretsuen bidez taxuz lortzen dute asmoa. Erabiltzen dituzten elementuen artean harriak indar berezia du. Esketx guztietan agertzen da, batzuetan “nahita” traba izan dadin eta beste batzuetan aktoreen lagungarri moduan. Azkenean, hizketagai ere bilakatuko da. Beobidek esan digunez, harriarena autorearen “harrikada” bat da. “Badakit absurdoa dela harria eszenatokian sartzea eta absurdoa delako gustatu zitzaidan. Harria pisua den zerbait da guretzat. Irudi polita da: estropezu egiten duzu harri berarekin, harriak altxatzen dira herri honetan, momentu batean ‘harrizko herri hau’ esaten da... Bukaeran dialogo bat dago harriari buruz: zer da okerrago zuloan erortzea ala hura estaltzen duen harriarekin estropezu egitea? Ez dakigu, baina hortxe dago harria erdi-erdian. Obra sortzerakoan harriak arazoak eman zizkidan, zeren irekita utzi nahi nuen, ez nuen sententziarik egin nahi”.

 

      Euskara aberatsa

      Hizkera eta euskalki ugaritan mintzo dira pertsonaiak obran: hika, berorika, Bergarako euskara, Zuberoakoa... Ongi erabilita daude esketxetan eta halako nahasketa ez da batere artifiziala suertatzen. Aitzpea Goenagaren ustetan, “ezin duzu batua eta zuka bakarrik erabiliz hitz egin. Euskarak duen aberastasuna eta kolorea taula gainean ikustea luxua da eta askotan baztertu egin izan dugu. Ez du zertan beti horrela izan behar, baina lan honek hori guztia taula gainean jartzeko aukera ematen zuen eta gozatu egin dut”.

 

      AEKri esker ona

      “Ez da erraza garaiotan euskarazko obra bat montatzea eta beraz, laguntza handia da Korrika-AEK beka, bai ekoizpenari eta banaketari dagokionean”, esan digu Beobidek. Aurten gainera beste antzezlan batek, antzerkiola Imaginarioak eta Sagarroik sortu duten Ezequiel lanak, bekaren akzesit saria jaso du. Duela bi urte banatu zen lehen beka eta Tentazioak konpainiak eskuratu zuen Koldo Izagirreren Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak liburuan oinarritutako Metxa antzezlana muntatzeko. AEK-k eta Korrikak euskal kulturari ekarpen bat egiteko asmoz sortu zuten beka, bai bertoko sortzaileen alde egiteko bai euskal kulturatik sortutako ikuskizun propioak bultzatzeko. Lehen edizioan askotariko “zinema, antzerkia eta beste arteen uztarketa, antzerki hutsa” hamar lan aurkeztu ziren; bigarrenean, aldiz, hemezortzi proiektu. Bertako kulturgileek interes handia duten seinale.

 

      Korrika Kulturalarekin biran

      Hamar emanaldi eskainiko ditu Pok taldeak Korrika amaitu bitarte eta beste sei bat-edo lotuta ditu dagoeneko. Donostiako eta Altsasuko plazen ondoren, honako herrietan izango da Korrikaren eskutik: Bilbo (otsailak 7), Getxo (otsailak 10), Andoain (otsailak 11), Gasteiz (otsailak 23), Elorrio (otsailak 25), Iruñea (martxoak 4), Azkoitia (martxoak 5) eta Luhuso (martxoak 6).

 

      Euskarazko antzerkia pattal

      Azken urteetan euskarazko lanen estreinaldiek behera egin dute. Euskarazko emanaldietara erdarazkoetara baino jende gutxiago joaten da. Arrazoi asko egon daitezke hori azaltzeko, alabaina euskarazko emanaldiei egokitzen zaizkien egun eta orduak onenak ez izateak badu pisurik. Geroz eta talde gutxiagok egiten du lan euskaraz bakarrik, programatzaileek gehiago programatzen dituzte erdarazko bertsioak... Gai hauxe izan du hizpide Ritxi Lizartzak Jakin aldizkariaren azken alean: “Azken bolada honetan euskaraz egiten den antzerkigintza alboratua geratzen ari da. Hori egiaztatu ahal izateko, nahikoa da azken hiruzpalau urteotan egin diren estreinaldiak modu zehatzean aztertzea. (...) Arrazoiak era askotakoak dira. Euskarazko estreinaldietarako (Eusko Jaurlaritzak) ematen dituen laguntza horiek oso txikiak direlako, antzerkigintzan jarduten duten konpainien etorkizuna gaztelaniaz antolatzeak bermatzen duelako, bi hilabetez gaztelaniazko bertsioa txukun prestatu eta azken bi astetan korrika eta presaka prestatzen zen euskarazko bertsioa traba galanta zelako, eta taldeek nahiago izan dutelako hipokrisiari muzin egin eta gaztelaniaz egindakoari bakarrik heltzea, eta beste hainbat arrazoi. Nahiz eta behin baino gehiagotan gertatzen ari den Euskal Herrian bertan emanaldi gehiago lortzea euskaraz gaztelaniaz baino. Ezin ukatuko dugu oraindik ere hainbat talde euskaratik abiatzen direla beren muntaiak prestatzeko orduan, baina gero eta gutxiago dira. Eta, haur antzerkia eta arrazoi logikoengatik beste hizkuntza batean muntatu ez daitezkeen lanak alde batera utzita, desagertu arte murriztu dira euskaraz bakarrik estreinatu diren lanak”. Ildo horretatik, zera adierazi zuen Eneko Olasagastik abenduan Berrian: “Erdarazko obra baten euskarazko bertsioa egitea konpainien borondatearen baitan dago. Baina euskarazkoekin ez dugu aukerarik. Ez dira numeroak ateratzen. Formato ertaineko lanak egitera kondenatuak daude konpainiak. Taberna guztiak bakarlariz beteta daude, eta kultur-etxeak bi-hiru laguneko konpainiekin. Euskara sentzilloaren manifestuarekin adibidez, saio mordo bat ari dira egiten Patxo Telleria eta Mikel Martinez”. Olatz Beobidek zera zioen euskarazko lanez: “Batzuetan euskaraz estreinatu ahal izaten da baina gehientsuenetan pisu handiena erdaraz doa. Denbora askoan kanpoko zuzendariekin egin dugu lan eta horiekin erdaraz aritzen ginen. Gero korrika eta arrapaladan euskarara pasatzen genuen lan guztia eta dudarik gabe, ez zitzaion behar beste denbora eta esfortzu eskaintzen eta hori aktoreentzako izugarrizko buruhaustea zen. Batzuetan ez da hori egiten, badaude konpainiak euskaraz lantzen dutenak. Kontuz ibili behar dugula iruditzen zaigu eta horrexegatik hitz egiten dugu horri buruz Euskararen zazpi bekatu nagusiak lanean”.

      Lizartzak programatzaileen arduraz dihardu: “Ahalegina, ordea, ez dute taldeek bakarrik egin behar. Programadoreek ere egin behar dute, orain arte kontratatutako egunetatik komertzialak ez direnetan jartzen baititu euskarazko bertsioak”. Olatz Beobideren aburuz, “errealitate elebidun honetan, erakunde eta programatzaileen aldetik diskriminazio positiborik egiten ez bada, erdarazkoa gailentzen da”. Olasagasti programatzaileen joerez mintzo zen: “Estandarretara jotzeko joera dago. Eta euskaraz zer esanik ez: ez baduzu komedia bat egiten ez dituzu 15 emanaldi baino gehiago egiten. (...) Antzerki obrei buruz komunikazio lan hobea egin beharko litzateke. Gure betiko eskaera ondokoa izan da: arriskatzen uzteko. Hemen ezin dugu arrakastarik izan! Zeren eta emanaldiak banaka programatzen dira. Ez dizute uzten antzokia zuk zure kontura emanaldi bat eskaintzeko. Donostian eta Bilbon hiru egunetan soilik erabili dezakezu antzokia, ez dizute egun gehiagotarako uzten. Saiatzen garenean ikusleekin harreman zuzena izaten, ezin”. Iritzi berekoa da Olatz Beobide: “Erabaki behar dutenek, programatzaileek, gehiago begiratzen diete zifrei, pausoak emateari baino eta erabakitzen dute erdarazko funtzioekin nahikoa dela. Denek ez dute horrela jokatzen, baina hori gertatzeko arriskua dago. Euskaraz bakarrik egiten baduzu lan bat, hartzen duzun arriskua bikoitza da”.

      Eneko Olasagasti baikor ageri zen ikusleei dagokienean, bere ustez bada euskarazko emanaldietarako ikuslerik, baina ez da aurrera egin: “Pentsa Kutsidazu bidea, Ixabel ikustera zenbat joan diren! Baina hamalau urte eta gero, Ama begira zazu-z geroztik, berdin jarraitzen dugu. Nire sentsazioa da ez dugula aurrera egin. Hor badago eten handi bat, eta beharbada, neurri batean, errua gurea da. Ez dugu asmatu jendea erakarriko duen antzerkigintzarekin”. Beobidek dioenez, “Espainiakoarekin alderatuta, Euskal Herrian ez dago publiko arazorik, nahikoa eusten dio, baina euskarazko lanen kasuan arazoa dago”.