“Inoiz gertatu zaigu, antzezlana bukatuta, oihalaren atzealdetik atera eta agurtzera irtetean, umeak zur eta lur geratzea, txotxongiloak benetan bizirik zeudela uste baitzuten”, kontatu digu harro Antoine Bastero Antzezkizuna taldeko arduradunak. Umeak ez ezik, aurreiritziak bazter utzi eta halako ikuskizun batez gozatzeko hautua egin duten helduek ere hori azpimarratu digute: xarma berezia dute txotxongiloek. Izan ere, bihotz eta bizi gabeko objektuak bihozdun, bizidun bihurtzeko abilezia dute txerpolariek eta txotxongilogintzan dabiltzanek. Ez da marka makala, gero. Hori horrela, hari, hagatxo eta eskularruen atzean dagoen mundua deskubritzea deliberatu dugu. Hona atzemandakoaren emaitza.
Euskal Herriko edozein txokotako herriko plaza: egurrez egindako eta oihalez atondutako eszenatoki txikia, dozena bat ume horren baitara bilduak. Hasi da ikuskizuna, bi panpinatxo atera dira eszenara, sesio ederrean; tarte bat oihuka eman ondoren, garrote batekin jo du batek bestea. Seko geratu da panpina eta umeak barre algaraka, noski.
Hara, topikoak eta aurreiritziak zer diren! Askok halako irudikapena egingo lukete txotxongiloen mundua aipatuta. Izan ere, antzerkia egiteko molde honek zama ugari izan ditu: batetik, batez ere umeentzako ikuskizunak egitea —askorentzat horrek ez du helduei zuzendutakoa bezainbat “ondra”— eta bigarrenik, panpinak, objektuak edo jostailuak erabiltzea —horrek ez omen du, batzuentzat, hezur haragizko aktoreekin lan egiteak beste duintasun—.
Bitxia bada ere, zama “modernoak” dira honakoak. Izan ere, sorreran sona, garrantzi eta misterio handikoa zen txotxongiloen artea. Adituen arabera, gizakiak haitzuloen garaitik zerabiltzan gaur egun txotxongilotzat hartzen ditugun horiek. Suaren inguruan bildu eta baten batek itzalak deskubritu zituen harrizko paretan —hamaikatxo ibili ei ziren “mamu beltz” horien kontra borrokan, airera kolpeak emanda—. Sua eta gaua bera misterio eta sakratu izanda, itzalekin egindako joko eta trikimailuek ere erritual kutsua hartu zuten. Urteetan barrena, kondairak, istorioak eta tankerakoak jakinarazteko erabili zituzten. Gerora etorri ziren bufoien, zirkuko lagunen eta txerpolarien lanbideak.
Egun, baina, bestelako fama dute txotxongiloek; hala azaldu digu Josu Camara Kukubiltxo talde beteranoaren (28 urte) zuzendariak: “Konturatu gara daramatzagun urteetan errekonozimendua areagotu dela. Hasi ginenean, jendeak esaten zuen: Umeentzat egiten duzue! Horregatik bakarrik bigarren mailako espresiotzat hartzen zuten eta gero: Panpinak besterik ez dira! Txotxongiloak hartzen dituzue ez dakizuelako antzerkia egiten!, esaten ziguten”.
Taun Taun taldeko Itsaso Azkaratek adibidea jarri du egoera zertan den azaltzeko: “Nik txotxongiloen mundua komikiekin edo Tim Burtonen filmekin alderatu dut beti. Badirudi haurrentzako lanak direla, baina publiko helduari zuzenduta daude, oso arte garatuak dira, oso zainduak”.
Txotxongiloen arorik emankorrena
Azaroa eta abendua bitartea da, zalantzarik gabe, txotxongilogintzaren urrezko garaia, antzerki mota honen jaialdirik garrantzitsuenak hil hotz hauetan baitira: Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia (aurten azaroaren 14tik 20ra) eta handik astebete eskasera Tolosako Titirijaia (azaroaren 26tik abenduaren 4ra). Panpinez, magiaz eta istorio harrigarriez janzten dira bi herriak eta haurrek zein helduek jarduera honez blaitzeko aukera dute. Dena da festa, kolorea eta antzerkia.
Galdera ibiliko zaio baten bati buruan jiraka: bi hilabeteko loraldiaren ondoren emanaldirik gabeko basamortua al dira gainerako hileak? Bada zorionez, ez. Dena dela, baieztapen horri hainbat zehaztapen egin dizkiete elkarrizketatu ditugun taldeek. Hala, Antoine Bastero Antzezkizuna taldeko arduradunak nabarmendu duenez, “pixkanaka-pixkanaka agertzen hasi gara programazioetan. Herri txikietan zabaldu dituzten areto txikietan izaten dugu lekua eta herriko jaietan, gainerakoan zaila da muturra sartzea”.
Ezkorragoa da Itsaso Azkarate Taun Tauneko kidea, akaso batez ere helduentzako ikuskizunak egiten dituztelako. Haren esanetan, “txotxongiloen zirkuiturik ez dago Euskal Herrian. Haurrentzat ere egiten ditugu lanak eta horri esker bizi gara. Guk ez ditugu oso lan komertzialak egiten eta orduan zaila izaten da programazioan sartzea”.
Hobetzearen atakan
Gaudenetan eta etorkizunari modu osasuntsuan begiratzeko bi beharrizan ikusten ditu Josu Camarak: “Alde batetik formazioa, profesionalak edo mundu honetan aspalditik daudenak birziklatzeko eta jende berria trebatzeko, bai txotxongiloak egiteko tekniketan zein manipulazio aldetik. Bestetik, txotxongiloen etengabeko programazioa eskainiko duen leku bat behar da; urte osoan egiten den ekimenaren une handia, gorena beharko luke jaialdiak”.
Horren adibide izan daiteke, hain zuzen ere, Barrainkua kalean dagoen Bilboko Txotxongiloen Dokumentazio Zentroa (Pantzerki). Espainiako Estatuan bakarra da eta Europan ere garrantzitsuenetakoa. Urte osoan zehar txotxongiloen, txerpolarien eta tankerakoen bilgune eta erreferente izatea lortu du. Zentro honek antolatzen du Bilboko Txotxongilo Jaialdia.
Irakaskuntzan, ordea, zulo handia dugu gurean, Euskal Herrian ez baitago txotxongiloen artean trebatzeko zentrorik. Antzerki eskoletan ere apenas lantzen da gaia. Talderik gehienak autodidaktak dira, ekinaren ekinez ikasitakoak. Panpinak manipulatzen ez ezik, txotxongiloak egiten ere ikasi behar dute txerpolariek eta konpainia gehienek, salbuespenak salbu, eurek egiten dituzte eszenaratuko diren “aktoretxoak”.
Horretan trebatzeko ikastaroak izan dituzte lagun galdekatu ditugun taldeek eta mundu honetan denboratxoa daramatenen irakaspenak ere informazio iturri dira. Bada besterik: “Nire ustez besteek egiten dutena ikusita asko ikasten da, antzezlan piloa ikusitakoa nauzue: Tolosan, Bilbon...” azaldu digu Antoine Bastero Antzezkizuna taldeko arduradunak.
Etorkizuneko irribarrearen bila
Ez da erraza txotxongiloen artea barneratzea. “Arima eta barne guztiak eman behar dizkiozu pertsonaiari: organoak, bihotza... Panpina mahai gainean uzten baduzu ez du hitz egiten, ez da mugitzen, ez du sentimendurik; orduan, zuk hori dena batzuetan eskuetatik eta beste batzuetan oinetatik eman behar diozu; esan behar ditu gauzak, egin behar ditu...”, agertu digu Josu Camarak.
Txotxongilo munduan hasi berri gehienak antzerkigintzaren alorretik etorritakoak dira eta arlo oso diferenteak dira biak ere, gure elkarrizketatuek azaldu digutenez. Camararen iritzian, “txotxongilo bat ondo manipulatzeko erreprimitu egin behar da barnean daukagun aktore hori eta bizia eman behar diogu pertsonaiari; pertsonaia ez da gizakia bera baizik eta aurrean duen elementua, objektua edo panpina”.
Alabaina, hezur-haragizko aktoreekin hartu ezin ditugun lizentziak har ditzake txerpolariak panpina erabiltzean. “Gizakiak egin dezakeena distortsiona dezake, askatasun handia du horretan eta, bestalde, gizakiak egin ezin dezakeena, ezin duena, egin dezake (hegan ibil daiteke, burua erori ahal zaio eta horrekin jolastu, futbolean esaterako...)”.
Hamaika talde, hamaika molde
Euskal Herrian txotxongiloen munduan dauden taldeen artean aniztasuna da nagusi: estilo guztietakoak daude, kopuruz dezente, gainera —30 bat zenbatu ditugu—. Taldeetan beteranoenek 30 urteren bueltan dituzte, gero bada dozena bat 15 urte inguruan dituenak eta azkenik, sortu berriak.
Euren artean lehiarik ez dagoela nabarmendu digute taldeek, bakoitzak bere esparrua baitu. Erakundeekiko harremanak ere gainerako antzerki taldeek dituztenen pareko direla uste dute txotxongilo elkarteek. Horren harira, baina, aldarria zabaldu nahi izan du Kukubiltxo taldeko Josu Camarak. Haren ustez, txotxongiloen munduak eta antzerkiarenak, orokorrean, erroak egonkor botatzeko “erakunde para-administratiboak” sortzea ezinbestekoa da. Hau da, “kultura bideratzeko administrazio arruntetik kanpo dauden egitura batzuk eratu beharko lituzkete. Politikaren eta politikarien menpe kultura kudeatzen egoten diren lagunak lau urterik behin aldatzen dituzte askotan eta datorren berriak urtebeteko 'koltxoia' behar du denaz jabetzeko. Legegintzaldia amaituta, berriz aldatzen dute lekuz eta orduan, dena zerotik hasi behar da. Beraz, jarraipen bat behar da, proiektuei berme eta tarte bat emango dien erakunde bat”.
Argi geratu denez, txotxongiloen munduak burukomin ugari ditu oraindik: gabeziak, erronkak, arazoak... baina txerpolariak panpinak maneiatzen ikustea besterik ez dago, horretan behintzat, perfekzioa akaso ez, baina asebetetzea lortzen baitu ikusleak.
Harribitxiak ekoizten
Panpinez, material zatiez edo txotxongiloen apaingarriz josita topatu ditugu bisitatu ditugun taldeen lokalak. Are, gehienentzat ezinezkoa da urteotan egin dituzten panpina kopurua zehaztea. Panpina baino, ideia edo gidoia izaten da, ordea, ikuskizunen abiapuntua. Hala azaldu digu Josu Camara Kukubiltxo taldeko zuzendariak: “Zergatik eta zertarako galderei erantzun behar zaie aurrena. Behin istorioa aukeratuta, pertsonaiak aztertu eta horren arabera, itxura, ezaugarriak eta manipulatzeko teknika aukeratzen ditugu”.
Estetika zehazteko orduan, antzezlanaren beharrei erantzuten saiatzen dira taldeak. Inoiz diseinugileen eta artisauen laguntza izaten dute, baina normalean eurek erabakitzen dute zer eta nola egin. “Garrantzitsuena eroso sentitzea da eta beste batek eginda, kontrakoa gerta daiteke. Hasieratik eduki behar duzu panpina, frogatzeko, zeren batzutan uste duzu egokia dela baina gero jabetzen zara ez duela funtzionatzen” nabarmendu digu Taun Taun taldeko Itsaso Azkaratek.
Materialei dagokienez, latexa, beirazko zuntza, apar-goma eta poliesterra erabiltzen dute txotxongilo taldeek; badira material “sinpleagoak” ere: papera eta oihala, esaterako. Horren harira, iraultza handia izan dela azpimarratu digute taldeek; orain panpina garatuagoak, politagoak egin daitezke eta beharra izanez gero, robotizatu daitezke (aktore batek aldi berean hainbat panpina mugitu ahal izateko).
Manipulatzeko teknikak ere aparteko garrantzia dauka: harizko, hagazko, eskularruko txotxongiloak daude, baita bestelako teknikak ere (manipulazio zuzena, bunrrakua). Beharren arabera, bata edo bestea erabiltzen da. Hori bai, gehienen aburuz, harizko txotxongiloek erabilera mugatua dute: “zozo samarrak dira”, esan digu Itsaso Azkaratek; “nahiago eskularruzkoak, bizitasun gehiago dute. Harizkoak oso geldoak dira, eta kalean zaila da erabiltzea, haizea egonez gero, akabo!”, erantsi du Antoine Basterok.