Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana taularatuko du Tanttaka konpainiak, gaur, Bilboko Arriaga antzokian. Mireia Gabilondok idatzi eta zuzendu du, eta antzeztu ere egingo du, Aitziber Garmendia eta Telmo Iruretarekin.
Lucia depresioak jota dago, eta nortasun bikoitza du; haren beste nia Yoldi da, loreak zaintzen dituen emakume alaia. Jose Manuel psikoterapeuta arrakastatsuak, berriz, adimen artifizialarekin baino ez du hitz egiten kontsultatik kanpo. Eta Martina psikiatra oso bolada latza bizitzen ari da. “Pertsonaia horiek nahikoa lan dute garai honetan beren bizitzan”, azaldu du Mireia Gabilondok, eta aurreratu haien arteko harremanetan “hainbat endredo eta korapilo” sortuko direla; horiek ikuslea gai sakonen inguruan hausnartzera eramango dute, baina baita barre egitera ere. “Gezur eta korapilozko komedia tragiko bat” baita Tanttaka konpainiaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlan berria. Gabilondok idatzi eta zuzendu du obra, eta antzeztu ere egingo du, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreekin batera. Gaur taularatuko dute euskarazko lana, Bilboko Arriaga antzokian —bihar gazteleraz emango dute antzoki berean—, eta beste udalerri batzuetara egingo du jauzi aurrerago.
Aitziber Garmendiak jokatzen ditu Luciaren eta Yoldiren rolak antzezlanean; Telmo Iruretak, Jose Manuelena; eta Gabilondok antzezten du Martina. “Biluztasuna” helburu duen eszenografia batez lagunduak izango dira oholtzan hirurak. Pertsonaien eta haien arteko harremanen bidez, gai bat baino gehiago ukitzen ditu obrak, hala nola bakardadea, buruko gaitzak eta adimen artifizialaren presentzia gero eta handiagoa egunerokoan. Eta gai nagusia zein ote den galdetuta, “min metafisikoez” mintzatu da Gabilondo. “Ez dakit gai bakarra dagoen, eta horregatik, polita izan daiteke min metafisikoak aipatzea. Izan ere, nire ustez, askotan ez da bakarrik bakardadea nola tokatzen zaigun, baizik eta nola egiten diogun guk horri aurre. Eta gizakiak garen aldetik, uste dut egin beharreko lehen pausoa zera dela, onartzea gure bizitzan bakarrik egongo garela; min metafisikoa deituko nioke nik horri”. Hortik abiatuta, gaixotasun mentalak ere oso presente daudela gehitu du zuzendariak, baita adimen artifizialaren auzia ere, orain urte batzuk urruneko zerbait zela uste zen hori.
Ez dira gai arinak, ez eta samurrak ere. Baina tragedia ez zaio komediari gailentzen, ezta alderantziz ere, Gabilondoren hitzetan. “Biak paretsu daudela esango nuke. Niri gustatzen zait estilo edo tonu hori: gauza serioez hitz egitea, baina derrepente barre txiki bat sorraraztea publikoari, ironiatik edo; gai potoloak, tristeak edo mingarriak izan litezke, baina gustatzen zait baita ere tonua pixkatxo bat apurtzea, esanez bezala: 'Baina zer ari naiz ni barrezka momentu honetan?'. Hortik doala esango nuke”.
Lehenago ere elkarrekin lanean aritutakoak dira Gabilondo, Garmendia eta Irureta: Sexberdinak antzezlanean batera egin zuten lan hirurek, eta, aurrez, Streap-tease izenekoan ere bai Iruretak eta Gabilondok. “Oso gustura ibili ginen Streap-tease-en; orduan sortu zitzaigun elkarrekin lan egiteko gogoa, eta Sexberdinak egin genuen. Eta horren ostean, beti izan nuen buruan beste ikuskizun bat egitea”, azaldu du zuzendariak. Madrildik, CDN Espainiako Zentro Dramatiko Nazionaletik deitu zioten, Tanttakarekin obra bat koprodukzioan prestatuko ote zuten galdetzeko. “Bultzada horixe behar nuen zerbait idazten jartzeko. Garbi neukan oraingo honetan nik idatzi nahi nuela obra; ideia ere baneukan, zertaz idatzi nahi nuen, pertsonaiak zeintzuk izango ziren... eta horrela, pixkanaka hasi nintzen”. Bai Garmendiarekin bai Iruretarekin lan egitea oso ederra egiten zaiola adierazi du zuzendariak. “Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta plazera da haiekin lan egitea. Egia esan, elkarrekin lan egiteko gogoagatik sortu da ikuskizun hau”.
Madrilen estreinatu zuten obra, gaztelaniaz; hilabete eta erdiz eman zuten Maria Guerrero antzokian, eta harrera polita izan zuela azaldu du Gabilondok. “Ahal denean alderantziz izaten da, baina oraingo honetan Madrilen eman dugu lehenbizi, eta ondoren hasi gara Euskal Herrian erakusten”. Beasainen (Gipuzkoa) egin zuten lanaren euskarazko estreinaldia, otsailean, eta Donostiako dFeria azokan gazteleraz erakutsi zuten ondotik. Bi hizkuntzetan taularatuko dute Arriagan, gaur eta bihar, eta beste hainbat udalerritara eramango dute jarraian. Getxon (Bizkaia) eta Iruñeko Gaiarre antzokian erakutsiko dute apirilean; Gasteizen, ekainean, eta Donostian, uztailean. “Dferiakoa emanaldi polita izan zen; aretoa bete egin zen, eta gu gustura geratu ginen, behintzat gure lana ondo egin izanaren sentipenez. Ea orain programatzaileek zer iritzi duten... Pentsatzen dugu Euskal Herrian mugituko dela, eta kanpoan ere atera zaizkigu emanaldi batzuk”.
Antzezlanak bidea hasi baino ez du egin, baina jada “poztasun handia” eman diela dio Gabilondok. Hain zuzen, obraren harira, Madrilen banatzen dituzten Talia antzerki sarietarako izendapen bana lortu dute Garmendiak —aktore nagusiaren sarirako— eta berak —testu onenaren sarirako—; eta Iruretari ere aitortza egingo diote sari horietan, bere ibilbide osoagatik. “Ez dakigu zer gertatuko den, baina izendatuta egotea jada polita da”.