Arestiren ulua
Iņigo Astiz
Berria, 2024-11-14

Kandido Uranga eta Inazio Tolosa antzerkigileek Gabriel Arestirekin ikuskizuna taularatuko dute gaur Bilbon. Poetak Jorge Oteizari eskainitako Q poema eta Pedro Alberdiren Gabriel Aresti Eibarren ipuina biltzen ditu emanaldiak.

      “Kexu bat da poema hori, kexu handi bat”. Kandido Uranga antzerkigileak hamaika aldiz irakurri du Gabriel Arestik Harri eta herri liburu ezagunean bildutako Q. Profeta bati (Jurgi Oteizari azaldu nahirik) izeneko poema, eta lanturu hori sentitzen du haren ehunka eta ehunka bertsoko jario etengabearen hondoan. Gaztetan irakurri zuen lehenengoz, eta behin eta berriz itzuli da hartara azkenaldian. Hain zuzen ere, Arestiren poema hori da Urangak Inazio Tolosa antzerkigilearekin batera sortutako Gabriel Arestirekin ikuskizunaren oinarrietako bat. Pedro Alberdi idazleak sortutako Gabriel Arestirekin Eibarren ipuina ere biltzen duelako emanaldiak hasieran, eta gero datorrelako Arestiren auhena. Aurreko astean estreinatu zuten ikuskizuna, Zumaian (Gipuzkoa), eta, gaur, Bilbon emango dute. 19:00etan izango da hori, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, eta Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Bilbo Zaharra Forum programaren barruan.

      Poemak 28 orri ditu guztira, eta, Urangak zehaztu duenez, gutxi gorabehera ordu erdiko tartea hartzen du eszenan. Idazleak sentitzen duen bakardadea nabarmendu du Urangak orri horietan guztietan bildutakoen artean. “Arestik intelektualki eta fisikoki bizi izan zuen bakardadeak ematen dit atentzioa bereziki. Eta hori bizi izanda ere, zer-nolako gaitasuna izan zuen sorkuntzarako. Eta hori argi ikusten da poema horretan ere. Arteari buruzko gogoeta asko eta ezin asko ere biltzen ditu”.

      Poemak tituluan bertan dakar Jorge Oteizaren aipamena, eta Arestik, bere minak plazaratzeko ez ezik, bere programa poetikoa defendatzeko ere badarabil artistaren ispilua. “Jurgi Oteitzaren eskultura konprenitzeko/ bista luzearen behar da,/ baina nire poesia konprenitzeko/ ezta behar/ belarri zorrotzen,/ agian/ harek listoentzat eskulpitzen zuelako,/ eta nik/ tontoentzat/ eskribitzen/ dudalako./ Nire poesia oso merkea da,/ herriaren ahotik hartu nuen/ debalde,/ eta debalde ematen diot/ herriaren belarriari”.

      Eta, hain justu, Arestik Oteizaren ispilua darabil berriz ere Urangak aipatutako bakardadea esplizituki aipatzeko. Arestik berak poeman onartzen duenez, profeta baten bakardadea baita testuak deskribatzen duen bakardade hori. “Egunen batean Jurgi Oteizarekin/ otsaba bana txakolin gorri Arrankudiagako/ edanen dugu,/ eta orduan hura ere/ kenduko didate,/ eztadin inoiz munduan egon/ poeta bat/ ni bezain/ bakarra”.

      “Euskal idazle askorentzat eta euskal kulturako jende askorentzat bezala, Aresti erreferente handi bat da niretzat ere”, azaldu du Urangak. Eta poema hori bereziki gustuko izan du beti. Duela bi urte sortu zitzaion testua taularatzeko gogoa, ordea, eta horregatik jo zuen Inazio Tolosa herrikide, ofiziokide eta lagunarengana. Elkarrekin “esperimentatzeko” gonbita egin zion Urangak, eta hala aritu dira emanaldia osatzen. Eszenografiarik gabeko emanaldi bat izan da emaitza, ahotsa ez ezik musika ere baduena. Uranga: “Gure asmoa da Arestiren esentziara heltzea, artifiziorik gabe, eta horretarako ez dugu nahi ez argi jokorik, ez besterik ere”.

      Urangak onartu du bIluztasun horri eusteak esfortzu handia eskatzen diela antzezleei, eta azaldu ikusleei ere arreta handia eskatzen diela.

 

      Etxerako eskutitza

      Bilbotik Eibarrera lanera iritsi berritan deskribatzen du idazlea Pedro Alberdiren ipuinak. Zumaiako Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia ipuin lehiaketan saritu zuten lana lehenik, 2000n, eta Kafka Bilbon (Alberdania) izeneko narrazio bilduman ere eman zuten argitara gero, 2002an. Beraz, testu hori hartu, eta antzerkirako moldatu dute, eta harexekin hasten dute emanaldia.

      Tripak nahasita, lantokira heldu aurretik, Aresti ostatura atseden hartzera doa zuzen kontakizunean. Langileak kalean, futbol garaipen baten osteko goizean. Poema bat usaindu uste du leihotik begira, baina ihes egiten dio gero, Maritxu izeneko etxekoandrea kontuka hasten zaionean. Juan San Martin lagunak pakete bat utzi diola esaten dio Maritxuk, eta harekin doa gelara. Artikulu sorta bat daraman gutun azal bat da, eta tartean dago Ibon Sarasolak Zeruko Argia aldizkarian Harri eta herri liburuari buruz idatzitako ohar laudoriotsua. Ipuinean, negarrez agertzen da idazlea hori leitu ondoren, eta eskutitza bidaltzen dio istantean Meli Esteban emazteari, izan duen pozaren berri emateko eta alabak azkar osatuko diren esperantza helarazteko. Eta, beraz, poetaren nortasuna ez ezik, hark ezagututako langile mundua, frankismoa eta euskaltzaletasunaren baitako tirabirak ere erakusten ditu ipuinak.

      “Erretratu moduko bat da”, laburbildu du Urangak. Eta hura taularatu ostean dator Harri eta herri liburuko poema. Urangak aipatutako kexu handi hori. Bere min eta bakardade guztiarekin. Tartean, baita Bilbon euskaraz bizitzeko erabakiari buruzko aipamen zehatz eta mingarriak ere. “Zergatik metitu ote naiz/ halako enplego txar batean?/ Zergatik sartu ote nituen/ sudurrak/ hain kirats txarreko/ zer-egin honetan?/ Baina zergatik?/ Eznintzen ni ederki bizi/ Bilboko hirian,/ gaztelaniaz,/ hispanidadean?/ Baina ez./ Nire leinuaren ezaugarria da./ Ur lasterraren kontra iher egiten dugu”.

      Emanaldia Euskaltzaindiaren egoitzan egitea “ohore handia” dela esan du Urangak. “Aresti ere bertan egon zen, oso sartuta bertako eztabaidetan, eta, horregatik, niretzat oso hunkigarria da ikuskizuna egoitza horretan ematea”.