Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzi Miñan antzerkira egokitu dute Timberlake Wertenbakerrek eta Ander Lipusek. Philippe Ducou eta Manex Fuchsen laguntzarekin zuzendurik emanen dute Lipusek, Sambou Diabyk, Eihara Irazustak eta Mikel Kayek.
Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburua (Susa, 2019) oinarritzat hartu eta izen bereko antzezlana muntatu du Artedramak, Ander Lipusek, Manex Fuchsek eta Philippe Ducouk zuzendurik. Antzerkirako testuaren egokitzapena artetan Saran bizi eta euskaldundu den Timberlake Wertenbaker dramaturgo ingelesak egin du. Gaur, Arzallus eta Wertenbaker bizi diren herrian aurkeztu dute antzezlana: Saran, hain zuzen ere. Ostiralean, Luhuson estreinatuko dute Miñan, eta laurogei bat emanaldi badituzte jada hitzarturik. Bilboko Arriagan izanen da datorren astean, 24tik 26ra zehazki.
Ander Lipusek COVID-19aren pandemia garaian irakurri zuen Arzallusen eta Balderen Miñan liburua. “Iruditu zitzaidan gogorra, poetikoa, izugarri ongi idatzia, euskara ikaragarri eder eta oso ondo ekarria; asko-asko hunkitu ninduen irakurketak”. Horiek horrela, ez zuen orduan nehondik ere pentsatu taularatzea. Hark, ez, baina Timberlake Wertenbaker dramaturgo, gidoilari eta itzultzaile ingelesak, bai. Badu bi hamarkada Saran urtero zenbait hilabete iragaten dituela Wertenbakerrek, eta hura ere inarrosirik jalgi zen Miñan-en irakurketatik.
Wertenbakerrek ingelesera itzuli du Arzallus eta Balderen idazlana (Little brother: An Odyssey to Europe izenburuarekin). Lipusek eta Wertenbakerrek elkar ezagutzen dute zenbait urte hauetan, eta antzerki idazle ingelesak Lipusi erran zionean Londresen antzezlana muntatzeko asmoa zuela, euskal antzerkigileari halako bat egin zitzaion lehenik ez euskaraz muntatzea. Azkenean, Wertenbakerrek antzokirik ez zuen erdietsi Londresen. Parada irekirik zeukan, beraz, Artedramak.
Miñan antzezteko beste baldintza bat ere aurkitu zuela aitortu du Lipusek. Taula gainean harekin ari diren “hiru aktore miresgarri hauek” aipatu ditu: Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye. “Agian duela 20 urte ez genituen izango aktore beltz euskaldunak, baina orain baditugu gure artean, gure Euskal Herria kolore ezberdinez betetzen ari baita, zorionez. Eta kolore ezberdin horiek elkarbizitzen ari gara”. Hirurak ezaguturik, Wertenbakerrengana itzuli zen Lipus elkarlanean muntatzeko.
“Zauria” eta “haria” atxiki
Miñan-en idazlearen baimena behar zuten, ondoren. “Miñan-ek eduki duen inpaktu sozial indartsuarekin, Ametsek [Arzallus] ongi pentsatu behar zuen baietza emateko. Kostatu zitzaion, eta ulergarria da”, adierazi du Lipusek. Arzallusek esplikatu du Ibrahima Baldek eta biek zer zuten korapiloa erabakitzeko orduan: “Kezka eta beldur kontu bat zen”. Arzallusek adierazi duenez, Ibrahima Balderen bizi historia hori paperean etzaten hasi zenetik sentitu zuen “dardara” hura beti hor dauka. Asilo eskaera egiteko txosten bat egitetik sekula ez zuten erranen liburu bat jalgiko zenik. Are gutiago liburuak izango zuen ibilbidea eta, orain, taularatzea.
Miñan antzerkira eramateko “proposamen bat baino gehiago” izan direla aitortu du Arzallusek, eta aldiro Balderekin “nahiko uzkur” agertu direla, “ikara” batengatik. Istorio “bortitz” eta “zauritua” delako. Idaztean, Arzallus saiatu zen “zauri hori haragitzen duenaren apaltasuna eta intimitate sakona urratu gabe” idazten; “ahalik eta finen egiten eta inoren oinazearekin akrobaziarik egin gabe”, zehaztu duenez. Arta bera izatea zuketen arrangura Balderen istorio hori oholtza gainean gorpuzturik agertzekotan. “Ikara hori berdin-berdin bizi duzu. Nire kezka zen nola erakutsiko zen antzerkiaren bidez Ibrahimaren zauri hori, eta horrekin batera duen hari hori”. Baldek istorioa kontatzean erabili zuen hariaz ari da. “Ibrahimak nola askatzen duen eta nola josten duen bere zauria eta horren ingurukoak”. Balderen “ahozkotasuna” eta “artea” atxikitzea zuen grinetarik bat Arzallusek.
Baimena eman zuten bi bidaideek, eta Arzallusek adierazi du Artedramak lortu duela hariaren atxikitzen. Eskertu ere egin du lantalde guztia egindako lanagatik. Sorkuntza prozesu guzia urratsez urrats segitu du. Euskal kulturgintzako mundutik elkar ezagutzen zuten lehenagotik Lipusek eta Arzallusek, eta elkarren lanen eta asmoen berri ukaiteak ere izan du munta. “Kultura eta Euskal Herria euskaraz ikusteko modu batean konplizitate” bat badute, Arzallusek dioenez. “Antzerkiari ez ezik, Artedramak atxikimendu bat ere badio hizkuntzari eta lurraldetasunari, eta niretzat funtsezkoa izan da hori”.
Biak ere saratarturik, Arzallusek eta Wertenbakerrek elkar ezagutzen zuten lehenagotik. Miñan irakurri zuenean, Wertenbakerrek salatu du “berehala antzerki bat egin” nahi izan zuela. “Liburua oso hunkigarria da, baina bizi da; badu zerbait baikorra eta dena ikusi nuen buruan”. Dramaturgoak aspaldidanik bazuen “ametsa eta gogoa” Euskal Herrian zerbait egiteko. Euskara, euskal kultura, herria bera asko maite dituela adierazi du. “Euskal kulturak badu zerbait sakona, eta bizitzaren misterioaz zerbait ulertu dezakezu hortik”, erran duenez. Antzerkilariekin lan egitea komunzki oso gustukoa du. Wertenbakerrek erran du hor ere euskal antzerkilariekin aritzea “plazer handia” izan zaiola. “Oso onak dira, eta lan handia egiten dute”. Royal Court eta Royal Shakespeare Company talde ezagunentzat hainbeste aldiz idatzi duen dramaturgoak bukatu du erranez “ohore handia” dela harentzat Miñan antzezlaneko partaideekin elkarlanean aritzea.
Buruko irakinaldia gorpuztu
Philippe Ducou dantzari frantsesa aspaldian ari da lanean Luhusoko Le Petit Theatre de Pain konpainiarekin eta Axut taldearekin. Berriz ere deitu dute gorputz eta taula gaineko espazio mugimenduen lantzera. Gauzen kontatzeko eleak daukan lekua ukatu gabe, euskaraz ez dakien partaide bakarrak esplikatu du hitza berdin zaiola edo ez zaiola aski. “Berenaz hitzek ez naute biziki interesatzen. Nahi dena erran daiteke taula gainean, baina gorputzetan, espazioan, erritmoan ez badut deus sentitzen, enoatzen naiz, eta zerbait bada joan ez dena”. Monologo bat bezala ikusi du Miñan-en Baldek kontatutakoa. “Monologo batek daukan subjektibotasun guztia dauka”, haren ustez; “dena ez da errana, eta ateak badira ireki beharrekoak adierazten duenaren parean. Nahi dena erranik, buruan dagoen sumendia nekez hauteman daitekeen unibertsoa da”. Etorkinek bizi dituzten ibilbide bortitzetan sentitzen dutena nekez senti daiteke, Ducouren ustez, baina “buruan duten irakinaldia” hauteman daiteke. “Interesatzen zaidana da antzerkia bukatzean ikusleen baitan zer herexa geldituko zaien”.
Etxekoak eta Atzerrian lurra garratz aurreko lanekin, Artedramak “migrazioaren inguruan” egindako hirugarren antzezlana du Miñan, Lipusek oroitu duenez. Partaide guzien artean talde artistiko “oso ederra” osatu dutela uste du. “25 bat pertsona ari gara itsasontzi honetan lanean, denok helburu berdinarekin: oraindik ere komunikabideetan ikusten dugun tragedia hori jendeari iristea”. Mikel Kayek eta Eihara Irazustak pertsonaia bat baino gehiago jokatzen dituzte. Sambou Diabyk, berriz, Ibrahima Balderen rola darama. Etorkin guziak eta gertatzen zaiena gogoan, hirurek ere adierazi dute “oso momentu egokian” datorrela antzezlana. Kayeren hitzetan, “migranteen inguruan hamaika gezur eta deshumanizazio heltzen zaizkigun honetan”, on egiten du “egia eta gizatasun pixka bat gorpuztea oholtzaren gainean”.
Miñan ostiralean estreinatuko dute publiko zabalarentzat, Luhusoko Harri Xuri gelan. Bezperan, ikasleentzat emanen dute. Bilboko Arriaga antzokian, urriaren 25 eta 26an izango da —24an ikasleentzako saioa izango da—. Abenduaren 28ra arte, 30 bat emanaldi finkatuak dituzte Euskal Herrian gaindi. Ikasleen aitzinean eginen dituztenekin, guztira 80 bat emanalditara helduko dira ondoko hilabeteetan.