Umetan, bere familiaren laguna zen musika irakasleak sexu abusuak egin zizkion Adrian Garcia de los Ojos aktore eta konpositoreari. Sufrikarioa kontatu nahi du, berak pairatutakoa beste inork paira ez dezan.
Aktore, musikari eta konpositorea da Adrian Garcia de los Ojos (Bilbo, 1986). Lan eta egitasmo ugari ditu esku artean, eta, esaterako, asteburu honetan Bilbon estreinatuko den Non dira haurrak? antzezlanerako musika idatzi du. Umeen sufrimenduaz, eta bereziki helduek umeei eragiten dieten sufrimenduaz dihardu aipatutako antzezlanak. De los Ojosek badaki zerbait horretaz: umetan bullying edo eskola jazarpena pairatu zuen, eta, gainera, musika irakasleak eragindako sexu abusuak ere jasan zituen.
“Antzezlanaren testua irakurri nuenean oso identifikatuta sentitu nintzen zenbait gauzarekin. Askotan gertatzen zait: bullying-ari, sexu abusuei edo umeen sufrimenduari buruzko zerbait irakurtzen dudanean, albiste bat entzuten dudanean edo horretaz diharduen film bat ikusten dudanean, asko hunkitzen naiz. Nik asko sufritu dut. Ez da justua umeek horrelakoak sufritu behar izatea”, esan du, eta ahotsa kraskatu zaio. Ez da azken aldia izango: elkarrizketak iraun bitartean, behin baino gehiagotan umeldu zaizkio begiak, umetan pairatutako abusuak gogoratzean.
Non dira haurrak? antzezlanaren aurkezpenean, jasandako abusuen berri eman zuen De los Ojosek. Beste batzuetan ere hitz egin du auzi horren inguruan; adibidez, Hika taldearen Tarara antzerki lana antzeztu zutenean, emanaldien ostean ikusleekin izandako solasaldietan. Orain, Berriari ere kontatu dio umetan sufritutakoa.
De los Ojos beti izan da oso musikazalea, eta txikitatik esan zien gurasoei musika tresna bat jotzen ikasi nahi zuela. Bilboko ikastetxe erlijioso batean ikasten zuen; azkenean, han ematen zituzten musika eskoletan izena eman zuen, eta irakasleak zuzentzen zuen abesbatzan ere sartu zen.
Handik gutxira, irakasle hark utzi zion ikastetxean eskolak emateari, eta beste irakasle bat jarri zuten: “Irakasle berriarekin aspertu egiten nintzen; nik ordurako piezak jotzen nituen txistuarekin, eta hark, berriz, ariketak baino ez zizkigun agintzen. Orduan, irakasle zaharrari eskatu genion aparteko eskolak emateko, eta, 11-12 urte nituela, gure etxera etortzen hasi zen”.
Familiaren konfiantza lortu bezain pronto hasi zen irakaslea umeari ukituak egiten: “Ez dut gogoan noiz izan zen lehenengo aldia, hainbatetan errepikatu zelako. Nire logelan egoten ginen, eta gurasoak, berriz, aldamenekoan. Ama gure logelara sartzen zenean zerbait behar ote genuen galdetzera, azkar-azkar ateratzen zuen eskua nire praketatik. Hura gogoratzen dudanean, nazka da gailentzen zaidan sentimendua”.
Handik urte batzuetara, umea irakaslearen etxera joaten hasi zen eskolak hartzera. Gainera, zuzeneko emanaldiak egiten hasi ziren, bikote gisa —irakasleak organoa jotzen zuen, eta ikasleak, txistua— edo irakasleak zuzentzen zuen ganbara orkestran. Abusuek jarraitu zuten, astero, irakaslearen etxean zein entseguak egiten zituzten lokalean.
18 urte bete zituenean, De los Ojosek arte ederretako ikasketak hasi zituen unibertsitatean: “Niretzat unibertsitatera joatea zoriontasuna topatzea izan zen. Bat-batean, lagunak nituen, neskatan egiten nuen, parrandan ateratzen nintzen, jendeak nire istorioak entzun nahi zituen eta nirekin barre egiten zuen. Iruditzen zitzaidan ordura arte kobazulo batean bizi izan nintzela”.
Baina abusuek ez zuten etenik izan: “Entseguen ostean, agurtzean, besarkatzen ninduen, eta hankartea nire kontra igurzten zuen, edo mihia belarritik pasatzen zidan. Nik banekien hura ez zela normala, baina pentsatzen nuen ezin nuela ezer egin. Neure buruaz kezkatu beharrean, besteez kezkatzen nintzen: ‘Eta esaten badut, jendeak zer pentsatuko du hartaz [abusatzaileaz]? Zer esango dute nire gurasoek, kontuan hartuta tipo hau gurasoen laguna dela eta igandero etortzen dela gure etxera emaztearekin, kartetan jokatzera?’. Gurasoak eta abusatzailea bera errukarriak iruditzen zitzaizkidan: neure burua zen gutxien axola zitzaidana”.
Antsietateak eztanda
25 urte bete arte iraun zuten abusuek, gutxi gorabehera. Ordurako, De los Ojos hasia zen gaur egun emaztetzat duen andrearekin ibiltzen. Infernua atzean utzi zuela zirudien. Baina 2017an, bikotearen semea jaio zen, eta iragana inoiz baino indartsuago itzuli zen: “Sekulako antsietatea sartu zitzaidan. Zera pentsatzen nuen: ‘Zer motatako aita izango naiz, abusuak pairatu baditut?’. Emazteak aholkatu zidan psikologoarenera joatea, eta han, estreinako aldiz, inoiz inori kontatu ez niona kontatu nuen”.
Handik gutxira, emazteari ere kontatu zion —”zazpi urte elkarrekin eman ostean”, zehaztu duenez—, eta, geroago, gurasoei ere eman zien gertatutakoaren berri: “Hura izan zen gogorrena. Niretzat, garrantzitsuena zen eurak errudun ez sentitzea, erru guztia abusatzailearena delako. Haientzat ere oso gogorra izan zen jakitea hain gertukoa izan zuten pertsona hark haien semeaz abusatu zuela, baina erabateko babesa eman zidaten”.
Terapian urte eta erdiz aritu ostean, salaketa jartzea erabaki zuen De los Ojosek: “Epaileak auzi saio batera deitu ninduen, eta abusatzailearen abokatua ere han egon zen. Nik negarrez eman nuen auzi saio osoa. Abokatuak zera galdetzen zuen: ‘Ez al da egia akusatua asteburu guztietan joaten zela mendira zure gurasoekin? Ez al da egia haren seme-alabekin oso harreman ona zenuela?'. Dena bizitza normal bat izan balitz bezala aurkezten zuen. Baina ez, hura ez zen normala izan”.
Azkenean, salaketak ez zuen aurrera egin froga faltagatik eta delituak preskribatuta zeudelako, baina De los Ojosek uste du “askatzailea” izan zela hura aurkeztu izana: “Banekien oso zaila izango zela. Ez neukan ordainik jasotzeko asmorik; ez nuen haren dirurik nahi. Baina garai hartan umeen abesbatza batean jarraitzen zuen, eta ez dakit eskola partikularrak emango zituen oraindik. Beti izan dut erru sentimendu hori: salatzen ez banuen agian niri egindakoa beste ume batzuei egingo ote zien. Neure burua asko zigortu dut, eta askotan galdetu diot neure buruari zergatik ez nuen lehenago salatu. Erantzuna argia da: ume abusatu bat nintzelako, eta asko kostatu zait aldatzea”.
Irakasle ohiak jarraitzen zuenez ikastetxeko instalazioak erabiltzen umeen abesbatzaren jardueretarako, hango zuzendaritzari ere gertatutakoaren berri ematea erabaki zuen De los Ojosek: “Argi esan nien: ‘Berdin dit sinesten didazuen ala ez; nahi dudan bakarra da zuek jakitea zer daukazuen hemen, eta gero, zuek erabaki zer egin behar duzuen’”. Prozesu horretan zeudela, pandemia heldu zen, eta eskola guztiak itxi behar izan zituzten. Normaltasuna berreskuratu aurretik iritsi zen abusatzailearen heriotzaren albistea. Horrenbestez, ikastetxeak itxitzat eman zuen auzia, baina irakasle ohiari omenaldirik ez egitea erabaki zuen.
De los Ojos saiatu da umetan irakaslearen abusuak pairatutako beste norbait topatzen; orain arte ez du beste kasurik aurkitu: “Umetan horixe pentsatzen nuen, neu haren kuttuna nintzenez, agian niri egindakoa ez ziola beste inori egingo, eta eskerrak”.
Bizitzak aurrera jarraitzen du, eta De los Ojosek oso argi dauka “kontatzea” izan dela bere sendabiderik behinena: “Zertarako ezkutatuko naiz? Denbora gehiegi eman dut ezkutatuta”. Eta kontatzen jarraitu nahi du; batez ere, hark sufritutakoa beste inork paira ez dezan: “Semea txikiegia da oraindik, baina apur bat handitzen denean, kontatu nahi diot zer den sexu harremanak edukitzea, zer den onespena, ezetz beti dela ezetz, eta baimenik eman ezean, inork ezin duela haren gorputza ukitu”.