Gerra eta distopia, Ganbila antzerki bildumaren 24. eta 25. aleetan
Iraitz Mateo
Gara, 2024-06-19

Piszifaktoria ideien laborategiko Mikel Ayllonen “Hau ez da gerra bat” eta Pablo Barrioren “2074” liburuak batu dira Susa argitaletxearen Ganbila bildumara.

 

      Argazki bat

      Antzerki obrak edo antzerkiari lotutako saiakerak bildu ohi ditu Ganbila bildumak. “Euskal teatroaren argazki garaikidea”, Oier Guillan editorearen esanetan. Argitaratu berri diren bi aleek antzerki obrak jasotzen dituzte, zenbait gogoetekin batera.

      Susa argitaletxeak, EHAZErekin batera, antzerkia abiapuntu hartuta, Ganbila bilduma sortu zuenetik 25 ale kaleratu ditu jada. Atzo aurkeztu zituzten 24. eta 25. liburuak, Mikel Ayllon eta Piszifaktoria ideien laborategiaren “Hau ez da gerra bat”, batetik; eta, bestetik, Pablo Barrioren “2074”.

      “Gerraren inguruko triptiko bat da” esanez deskribatu zuen Guillanek “Hau ez da gerra bat” liburua. Piszifaktoria ideien laborategiaren ibilbidea txalotu zuen, izan ere, editorearen ustez, “ibili ahala pentsatu egiten dute”, bai edukietan, baita dramaturgia ereduan eta euskarazko panoraman ekarpena egitearen inguruan ere. Ayllonek azaldu zuen bi arrazoi nagusi zituztela aipaturiko lanari ekiteko: “Bagenuen zer esana, eta pentsatzen dugu euskarazko antzerkigintzak behar duela bultzada bat”. Izan ere, euskal antzerkigintzara “lengoaia modernoa” ekartzeko ahaleginetan ibiltzen dira beren lanetan.

      Ayllonen liburuan, hiru antzerki obra daude, elkarren artean lotura dutenak: “Bunker”, “Hau ez da gerra bat” eta “Hau gerra bat da”. Azkena oholtzan ikus daiteke, Irati Agirreazkuenaga, Iholdi Beristain, Mikel Ayllon eta Igor Arzuagaren eskutik.

      Piszifaktoriako kideak duela zazpi urte hasi ziren gerraren inguruko antzerki obra bat sortzeko lanean. “Milaka ate jo genituen laguntza eske. Eta ate guztiak itxi zizkiguten. Nonbait gerraz ez zuten ezer jakin nahi”, kontatu zuen Ayllonek. Finantzatzeko dirurik lortzen ez zutela eta, zirrikitu bat topatu zuten, “Hau ez da gerra bat” obra sortzea: “Ematen du maitasunaz edota giza harremanez hitz egiten dugula, baina gerraz ari gara”. Hari horri tiraka plazaratu zuten, ondoren, “Bunker”. Azkenean, iaz lortu zuten hasieratik nahi zutena sortzeko laguntza, “Hau gerra bat da” obra egiteko. “Gerraz hitz egiten dugu, gerra bat bizi behar ez izateko”, hausnartuz amaitu zuen aurkezpena Ayllonek.

 

      Distopia bat euskal herrian

      Gaizka Sarasolak eman zituen “2074” lanaren lehen zertzeladak, eta egilea aurkeztetik abiatu zen: “Ganbila bilduma euskal antzerkigintzako argazkia dela aipatu da. Argazki orotan badago pertsonaia kurioso bat beste aldera begira edo… Ba, gure kasuan, hori Pablo Barrio da. Inolako antzerki talderi zuzendu gabeko testuak idazten ditu, eta antzerkia soilik idazten du. Ohorea da gure bildumara ekartzea”.

      Azaldu zuen, distopia batean kokatzen bada ere, egungo kezketatik abiatzen dela idazlea, eta hiru ezaugarri nabarmendu zituen: hizkuntzarekin jolasteko trebezia, umorea eta begirada nostalgikoa. Gaineratu zuen, antzerki obraren “osagarria” den “opari” bat ere egin diela Barriok, bere sorkuntza prozesua azaltzen duen atal bat gehitu du.

      Tituluak azaltzen duen bezala, 50 urte aurrera egin du Barriok. “Etorkizun posible horretan gertatzen da kontakizuna”, adierazi zuen. Eta aipatu zuen berak irudikatutako etorkizuna garatzea “oso posible” ikusten duela, nahiz eta nahiago lukeen ez iristea.

 

      Eskubideak diruaren truk

      “Erdi Aro berri bat aurkezten dut eszenatoki gisara”, kontatu zuen, eta azaldu zuen bestelako “ordenamendu bat” irudikatzen duela. Erdi Aroaren amaiera iraultza industrialarekin eta estatu-nazioak sortzearekin iritsi zela azaldu zuen, eta egun eredu hori dugula buruan. Baina “iraultza digitala” deitu dakiokeenaren atarian gaudela adierazi zuen, eta berak sorturiko etorkizunean botere banaketa eta antolaketa berriak irudikatu dituela: “Estatu-nazioak desagertuko dira, eta eskubideen iturria ez da herritartasuna izango, dirua edota jabetza baizik”.

      Behin 2074ko Euskal Herriaren nondik norako nagusiak aipatu ondoren, protagonista lagun talde bat dela esan zuen: “Noraezean dago lagun taldea. Zer gertatu da egoera honetara iristeko?, galdetzen dute. Hori da beraien kezka nagusia”. Kezka globalei Euskal Herriko begirada eman die. Fikzioaren lizentziak baliatuz, denbora tarte oso zabalean kokatu du istorioa “Euskal Herriaren historiari errepaso bat” emateko. “Ez gara gauza finko bat. Gaur ematen du gure jatorria bat dela, eta hemendik hamarkada batera akaso joan egingo da”, dinamismoa defendatu zuen.