Hika Teatroak belaunaldi gazteagoei eskua luzatuz ospatu du bere 35. urteurrena
Amaia Jimenez Larrea
Berria, 2024-06-13

Bihar arratsaldean estreinatuko du Hika Teatroak 35 urte eszenara begira dokumentala, Donostiako Antzoki Zaharrean. Arte eszenikoek izandako bilakaera aztertu eta etorkizuneko erronken inguruan gogoeta egiten duen lana da.

      “Konturatzen al zara 35 urte beteko dituzuela?”; hori izan zen lagun batek Agurtzane Intxaurragari esan ziona, hark sortutako Hika Teatroaren urtemuga gerturatzen zela ikustean. Intxaurraga ordura arte ez zen kontziente konpainiaren urteurrena heldu zela, eta zerbait egitea pentsatu zuen: “Inoiz ez naiz ospatzekoa izan, baina urteurren honetarako neure buruari ospatzeko aukera eman nion, merezi du eta”. Zerbait berezia egin nahi zuen, eta gogoetarako baliatu zuen aitzakia hori. Horren emaitza da 35 urte eszenara begira dokumentala. Bihar estreinatuko dute, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean.

      Ez da konpainiaren ibilbidea jasotzen duen ikus-entzunezko soil bat. Oskia Iaben izan da dokumentalaren zuzendaria, eta aipatu du etorkizuneko belaunaldientzako gida praktiko gisa sortu nahi izan dutela dokumentala. Besteak beste, arte eszenikoen sektoreari begiratu nahi izan diote egileek, 35 urte horietan izan duen bilakaera aztertuta. “Begirada poliedrikoa eman nahi izan diogu, erreferentzia eginez bai iraganari, bai orainari, baita etorkizunari ere”, gehitu du Intxaurragak. Auzolana eta lan kolektiboa oso garrantzitsuak dira Hikarentzat eta haren sortzailearentzat, eta dokumentalean lekua egin nahi izan diote horri.

      Bi zati ditu 35 urte eszenara begira-k. Batetik, Intxaurragak berak Amancay Gaztañagarekin (Kamikaz kolektiboa) eta Oihane Vesgarekin (Mari Zaunka kolektiboa) izandako elkarrizketa dago. Hikako sortzaileak azken urteetan ahalegin berezia egin du belaunaldi gazteagoekin saretzeko, eta garrantzitsua iruditzen zitzaion bere testigantzaz gain beste bi belaunalditako kideen bizipenak jasotzea. “Argi daukat gazteei entzun egin behar zaiela; haiek entzuteko beharra dut”.

 

      Orrazteko lana

      Dokumentalaren bigarren zatian, eszenako zortzi eragileri egindako elkarrizketak ikus daitezke. Hain zuzen, Norka Chiapusso, Carlos Moran, Aitziber Atorrasagasti, Maria Goirizelaia, Santi Ugalde, Eneritz Artetxe, Pilar Lopez eta Asier Zabaleta dira solaskideak, kasu horretan; bakoitza antzerkiaren alor desberdin bati lotua. Asko dira aipatzen dituzten kontuak, baina, esaterako, sektorearen prekarizazioa, euskararen erabilera eta arte eszenikoen munduak norberari ekarritakoa dira hizketagaiak.

      35 urtetan jende andanarekin topo egiteko aukera izan du Intxaurragak, eta, horregatik, zaila egin zaio aukeraketa egitea. “Agurtzanek ez zuen inor kanpoan utzi nahi”, esan du Iabenek, “baina, azkenean, esan behar izan nion ezin genuela jende gehiago sartu”. Elkarrizketatuek esandako guztia ere ezin zen dokumentalean sartu, eta “egundoko lana” izan du Hikakoak zatirik garrantzitsuenak hautatzeko: “Gogorra izan da mozteko lana, oso gauza interesgarriak esan baitituzte. Azkenean diskurtso ederrak atera dira”. Konpainiaren ibilbidean beste antzerki talde batzuek egindako obren irudiak ere tartekatu dituzte.

      Intxaurragak azaldu duenez, digitalizazioa da antzerkiaren gaur egungo erronkarik handienetako bat. “Asmatu beharra daukagu arte eszenikoak non kokatu. Gure ezaugarri nagusiak presentzialtasuna eta emozioak transmititzeko gaitasuna dira, eta horiek ez daude mundu digitalean”. Horregatik, Intxaurragak aipatutako paradigma aldaketa horren inguruan ere hausnartu dute ikus-entzunezkoan.

 

      Erreminta berriak

      Etorkizuneko antzerkigileei begira, haientzako baliagarriak izan daitezkeen baliabideak sortu nahi izan dituzte, dokumentalaz gain. “Ikus-entzunezkoa proiektu handiago baten parte da”, esan du Intxaurragak. Izan ere, publikoarekin konexioa izateko erreminta berri bat sortuko dute: Txalometroa. Ikusleekin interakzioa izateko eta haien iritzia jakiteko aplikazio eta plataforma bat izango da.

      Iabenentzat, nabarmentzekoa izan da taldeak proiektua aurrera eramateko izan duen anbizioa, etengabe lanean aritu baitira. “Emaitzarekin baino gehiago, prozesuarekin nago gusturago, sarritan interesgarriagoa izaten baita”.

      Biharko proiekzioaren ostean, solasaldi bat egingo dute dokumentalean parte hartu duten kideetako batzuekin. Carlos Moranek, Eneritz Artexek, Asier Zabaletak, Norka Chiapussok, Santi Ugaldek eta Intxaurragak hartuko dute parte.