Susa argitaletxeak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE ) bultzatzen duten Ganbila bilduma potoloago dago Ander Lipusek izkiriaturiko *Antzerkiaren labirintoan (I eta II)* lanei esker. Bi liburukitan banatuta dator sortzaile euskaldunaren somena, testigantza moduan jarririk.
Ezin uka daiteke lan mamitsua dela Lipusek sorturikoa, non bere oroitzapen pertsonaletatik abiaturik, bestelako artikuluak eta teorizazioak egituratzen dituen. Bere ibilbidearen errepaso zabala egiten du lehen lan horretan: nola hasi zen antzerkiaren munduan, eta urteen poderioz, zer-nolako bizipenak izan dituen bertan, euskal antzerkiari ia erradiografia garaikidea eginez.
Artikulu txikietan jorratzen ditu erreferentziaz beteriko atalak, harik eta irakurleak garai hauetako antzerkigintzaren egoeraren erretratu zehatza barnebiltzen duen arte.
Lehen liburukiaren hitzaurrean, liburuaren prestatzaileek lanaren inguruko oso datu zehatzak eman dituzte, bai eta egilearen ingurukoak ere: “Ander Lipus euskal teatroaren garai oso baten metafora da, euskal teatroaren parte handi batek azken ia hiru hamarkadetan izan duen bilakaeraren adierazle bikaina: euskal teatroa ez ezik, euskal kultura osoa *undergroundean* eztanda egiten zuen garai batean hasi zuen ibilbidea, Bilbon Guggenheim Museoak inauguratu zuen -eta egundaino iraun duen “kultura industria da” leloaren hastapena- kultur politika administratibo berri baten itzalean sortu zuen Fábrica de Teatro Imaginario FTI/Antzerkiola Imaginarioa. Taldeak aukera berriak zabaldu zituen teatroa egin nahi zuen belaunaldi oso baten koordenatuetan. (...) Nahiz eta porrota izan zen azkenik Antzerkiolan gailendu zen hitza, arrasto sakona utzi zuen, eta jende askorentzat posible berrien atea zabaldu. Hortik Artedrama plataformari lotutako etapa berri bat etorri zen, hau ere euskal teatroan gertatzen den joera baten isla eta akuilu: euskara hutsez lan egitea erabaki duten talde, konpainia eta kolektibo profesionalen hazkundea, azken hogei urteetan geldiezina izan dena, publikoa euskarazko antzerkira erakartzen ere lagundu duena. (...) Ander Lipusek bertan idatzi duen bezala, ‘Zeren eta ni bestea naiz. Eta bestea naizelako egiten dut teatroa’. Euskal teatroak behar ditu, oraindik ere, utopiak; fikzioa errealitatean txertatuz, orainaldi berriak sortzeko kapazak direnak”.
Lehen liburukia *Markina-Xemein (1971-1990)* atalarekin hasten da, eta bertan Ander Lipusek dio: “Bitakora koadernoa hemen hasten da. Txikitako eta nerabezaroko nire lehen oroitzapenak. Antzerkirako eman nituen lehen pausoak. Gure hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendua eta maitasuna. Bizitzaren labirintoan antzerkia bilakatu zen nire haria”. Horiek dira bertako gakoak.
Hurrengo urteetan Madrilen izandako esperientzia kontatzen du: “Aktore ofizioa ikasi nahi dut. Antzerkiaren benetako bidaia hemen hasten da. William Layton antzerki laborategian ematen ditut nire lehen pausoak. Nire ametsa aktore izatea da”.
Gero Bilbora bueltatu zen, eta jada beste mende baten hasierara murgildu zen egilea. “Utopia, Mina Espazio eta Antzerkiola Imaginarioaren garaia da. Ander Lipus ezizena asmatzen dut. Sorkuntza pil-pilean, bide berriak esploratzeko gogoa eta kemena dauzkat. Sorkuntza propioak egiten hasteko unea iritsi da”. Garai hartakoa da Antzerkiola Imaginarioa egitasmoa, oro har euskal antzerkiarentzat giltza izan zena. “Mina Espazio garaian sortu genuen Antzerkiola Imaginarioa, 1998an. Tailerrak planteatzen hasi nintzen, eta esperimentazio bide berriak zabaltzen. Ordura arte nire antzerkiaren ikuspuntua erreferentzietan hertsiagoa zen, eta bidaia berri bati ekin nahi nion”.
Baina beste askotan gertatzen den bezala, denak du amaiera bat. “Hormak eraiki zizkiguten. Hormak eraiki genituen. Eta horma horiek pitzatu behar ziren, arrakalez josi. Ez zen inoren kontra, munduaren kontra baizik. Amets egin genuen, baina errealitatea krudelagoa izan zen. Zeren eta nork ez ditu bada laztanak, ferekak, musuak, mimoak, hitz gozoak maite? Bilbon ez nituen aurkitzen. Bilbok itotzen ninduen. Bilbotik ihesi joan nintzen. Hil, berriz jaiotzeko”.
Horren ostean beste garai berri batek eztanda egin zuen, eta hala deskribatu zuen Lipusek: “Antzerkiola Imaginarioa eta Artedrama elkarrekin bizi izan ziren hasieran. Antzerkiolako aktoreen artean bide ezberdinak esploratzeko gogoa sumatzen zen, baina barku berean egoteak ez zuen esan nahi denok norabide berean arraun egiten genuenik. Itsasontzia urperatzen hasia zen, zenbaki gorrietan geunden eta enpresak gero eta galera handiagoak zituen. Estruktura berri bat eraikitzeko ordua iritsi zen”. Eta horren inguruan ekimen berriak sortu ziren: Huts Teatroaren ekoizpenak, Le Petit Théâtre de Pain, eta Dejabu taldeekin koprodukzioak, antzerki eta dantza talde amateurrekin elkarlanak, Aulestiko topaketak eta Zubi deialdia.
Azken urteak ere erregistratu ditu Ander Lipusek, COVID-19 garaiak eta abar. “Gogoeta unea da. Pausa. Barrura begiratzeko mementoa. Azken urteetan egindako lanaz hausnartzeko unea. Liburu hau idazteko garaia. (...) Hogeita hamar urteren ondoren berriz itzuli nintzen Markina-Xemeinera bizitzera. Patua, bizitzaren zikloak, itzulera. Ander Lipus Iñigo Ibarrarekin aurkitzen da. Barnera bidaia. Ilunak eta argiak. Bizitza”.
Azken atal batean bide luze honetan uneak partekatu dituen lagunak azaltzen dira orriotan. “Poesian, literaturan, bertsogintzan, eskulturan, pinturan, musikan... ari diren lagun askorekin lan egiteko aukera izan dut. Denengandik jaso eta ikasi dut zerbait, eta nire bidea aberasteko iturri agorrezin izan dira beti. Jakin-minak beste diziplina batzuetan aritzera eta harremantzera eraman nau. Artista bat pertsonalki ezagutzen duzunean bere lanaz gozatzeko parada bikoitza da. Sarritan egin duen lan hortaz hitz egin duzulako eta bere barne mundua ezagutzen duzulako.
Hona, beraz, beste mundu batzuk ikuskatzeko eta ezagutzeko izan dudan bizipenen kontakizuna”.
Bigarren liburukia artikuluz beterik dator, eta Ander Lipus filtrorik gabe mintzatzen zaigu garaiko *punk* estetika eta poetikarekin. Halakoak irakurriko ditugu: “Teloia jaisten denean hustasun bat sentitzen dut. Eta isiltasuna. Sortutako energia, sortutako magia, desagertuz doa. Emanaldia bukatu ondoren beti egiten dut egindako lanaren errepaso bat. Gogoeta bat. Eskaintza bat indar telurikoei. Eskertza bat zeruko indarrei. Eta antzokiko mamua agurtzen dut. Zeren eta antzoki guztietan dago mamu bat”.