Metrokoadroka kolektiboak Artxibo biluzia konferentzia performatiboa aurkeztuko du bihar eta etzi, Usurbilen. Joan Mari Torrealdai ikerketa beka jaso zuen proiektua da, eta, besteak beste, antzerkia eta idazketa eta performance tailerra uztartzen ditu.
“Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”. Hori esan zuen Joan Mari Torrealdaik, Euskaldunon egunkaria itxi eta haren etxetik dozenaka dokumentu eraman zituzteneko unearen inguruan. Hainbat eta hainbat karpeta hutsik geratu ziren horren ondoren, eta Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia proiektu berriak karpeta huts horietako bat izan du abiapuntutzat. Izan ere, Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren lehen aldiaren irabazlea izan zen proposamena, eta aurkeztutako lana garatzeko aukera izan du taldeak. Bihar eta etzi izango da proiektuaren adarretako bi ezagutzeko aukera, Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan.
Hiru dira Artxibo biluziaren ardatzak: ikerketa eszenikoaren bidez sortutako antzezlana; prozesuan deskubritu dituzten teknikekin egindako tailerra; eta ikerketatik ateratako hausnarketen inguruko euskarri fisikoa. Antzezlana igandean estreinatuko dute, 18:00etan, Sutegin; Intza Alkain eta Javier Barandiaran izango ditu protagonista. Tailerrari dagokionez, bihar izango da; 09:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era, Sutegin hori ere. Euskarri fisikoari dagokionez, liburu bat izatea aurreikusten du taldeak, eta martxorako prest egongo dela uste dute. Lana deialdira aurkezteko orduan, Metrokoadrokako kideak zalantzati zeuden ea eurena bezalako proiektu batek horrelako sariketa batean lekua izango ote zuen; ez baitute ikerketa soil bat egin nahi izan: ”Ez gara antzerkia bakarrik: askotariko diziplinak erabiltzen ditugun talde bat gara”, adierazi du Oier Guillanek, Metrokoadrokako kideak.
Torrealdairen biluztearen metafora taldearentzako pizgarri izan zela azaldu du Guillanek. Hutsik geratu zen karpetetako bat hartu, eta jendearen bizipenekin bete nahi du proiektuak, galdera bat eginez: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”. Estreinaldiaren aurretik hainbat erakustaldi egin dituzte, jendearen erantzunak jaso eta proiektua finduz joateko. Erantzunei dagokienez, “paisaia askotarikoa” osatu dutela gehitu du.
“Torrealdairengandik ikasi dugun zerbait da dokumentazioa ez dela iraganari begira egiten; etorkizunera proiektatzen den zerbait da, erantzun bat duena orainean eta jendearengan”, kontatu du Metrokoadrokako kideak, Torrealdairen paperei aipamen eginez. Tailerrean parte hartuko duten kideei zera eskatu diete: aukeratu duten eta euren ustez historiara pasatuko den gertaera horren dokumentu bat eramateko. Behin hori izanda, antzerkian erabiltzen dituzten hainbat teknika idazketara eramango dituzte.
Itxi ezin den lana
Bizirik dagoen zerbait da ikerketa Guillanentzat; hori dela eta, ez dute ikuskizun huts bat sortu: ”Ikerketa prozesu bat den heinean, iruditzen zaigu ezin dela bukatu; ez da produktu bat, ez eta gauza itxi bat ere”.Taldeak zalantza egin zuen ea proiektua erakustaldietan eskaintzen jarraitu, edo estreinatzeko urratsa egin. Bigarrenaren aldeko hautua egin zuten, antzezlaneko aktoreei hazten uzteko.
Izan ere, nahiz eta Artxibo biluzia proiektuaren oinarriak ia bere horretan mantendu, prozesuan ”ñabardura batzuk” aldatuz joan direla esan du kolektiboko kideak; parte hartzaileen ekarpenen arabera. ”Hasieran, pieza laburren sorta bat egin nahi genuen, eta publikoak hitz egin zezakeen guk jarritako gaien inguruan. Konturatu ginen hori ezin genuela mugatu, hobe zela denen artean gaien aurkibide erraldoi bat egitea”.
Ikerketa ez denez ixten, oraindik ere eraldaketa prozesuan egon daiteke, baina hemendik aurrera oinarri finko horren gainean moldatuko direla uste du Guillanek. Hala ere, ez die aldaketei muzin egiten.
“Oso talde kolektiboa” da Metrokoadroka; taldean lan egitera ohitua dagoena. Prozesuan hamar bat artistak hartu dute parte, bakoitza bere lan ildoari jarraituz, baina gurutzatzen diren bideetan barna. Guillanek kontatu du arlo bateko lanketak baliagarriak izan direla beste arlo batzuetarako. Gainera, kolaboratzaileak ere izan ditu proiektuak. Besteak beste, Danele Sarriugarte idazlea, Maria Elorza zinema zuzendaria eta Nagore Legarreta argazkilaria aritu dira Guillenekin, Idoia Beratarbiderekin eta taldeko gainerako kideekin elkarlanean.
Usurbilgo estreinaldiaren ondoren, Artxibo biluzia-k izango ditu beste geldialdi batzuk ere: oraingoz, otsailean Oiartzunen (Gipuzkoa) tailerra egiteko asmoa dute, eta martxoan, Bilboko Loraldia festibalean, Arriaga antzokian emango dute pieza eszenikoa.