Barkoxeko sei gaztek antzerki bat muntatu dute laborantza munduaren inguruan: Ülüa zopan. Espero dute “bide bat” zabalduko duela antzerkiarendako Zuberoan.
Baina! Maskaradetatik at egiten al da antzerkia euskaraz Zuberoan? Barkoxeko (Zuberoa) gazteek baietzaz ihardetsi diote galderari. Igaran agorrilean, Barkoxe Bizi elkarteak antolatzen zuen Laborarien Asteburua kari, antzerki bat sortzea galdeginik izan zitzaien: Ülüa zopan sortu dute. Antzerkilariak sei dira, eta 20 eta 30 urte artean dituzte: Margita Keheille, Kattin eta Petti Galant Sühit, Peio Uthurri Artegiet, Cedric Kali Claverie eta Ximun Pinque Hegiaphal. Horietarik bost 2021eko Barkoxeko maskaradako kauter izan ziren; Galant ahizpa, buhame. Lau emanaldiren ostean, azkena Maule-Lextarren eman zuten, eta bukatu harekin amaitu zuten itzulia.
Usu, maskaradetan, gazteek zaharragoen laguntza badute idazketan: aitzindariena. Kasu honetan, testua haiek idatzi dute. “Hasi gintuzun gure aldetik elkartzen eta idazten. Bizkarrezur bat idatzi dizugu, baina eman ditugun antzerkietan inprobisazioa ere baduzu”, aitortu du Keheillek. Galant ahizpak gehitu du: “Antzeztean, batek zerbait gehitzean oro irriz leherturik ginelarik, begiratzen genizun”.
Euskaraz zen antzerkia; ebidentea izan zitekeen, baina, ihauteri eta pastoraletatik at, bi eskuen eriez kontatzen ahal dira azkenaldian euskaraz ekoitzi diren antzerkiak Zuberoan. Halere, seikoteari “naturalki” jin zitzaion: “Zeren hola kostumatu baikara maskaradan; ni, hasteko, ez nauzu ikusten antzerki bat frantsesez egiten”, azaldu du Keheillek. Testutik at, Maika Etxekoparren laguntza ukan dute antzerkilari bilakatzeko bidean.
Familia eta laborantza
Zraf! Mahaiaren puntan jarri, eta euli hiltzekoa hartu du aitañiak; baina huts egin du. Bere aldi sartu da amañia, zopa tupina eskutan; senarra eta bere burua zerbitzatu ditu. Isiltasuna; aitañiaren irenste harrabotsak, kurrinkak; “zopa!”, oihukatu du amañik. Isiltasuna, berriz; irenste harrabotsak, kurrinkak; “zopa!”.
Heldu dira azkenean: semea, haren emaztea, arrasemea eta arralaba. Zopa zerbitzatu die amañik. Arralabak Australian ikasi dituen laborantza teknika berriak, auzoak lurrak utziko dizkiola Bordeleko bati, Barkoxe Bizi elkarteak egin bideoa... Gaiak andana bat dira mahai inguruan. Hain zuzen, taulada familia bazkari baten gisara antolatu zuten: mahai luze bat eta sei kadira, tupina erdian.
Zraf! Mugitzeari utzi diote komedianteek, eta pausa bat markatu dute. Bat-batean, kadiratik jaiki, eta, lasterka, ondoko eszenaren giroa plantatu dute. Horrela aritu dira oren bat eta erdiz: mahaiko familia elkarrizketen eta eztabaiden barnera sarrarazi dute publikoa. AFOG Kudeaketarako Formakuntza Elkarteko bilkura, Barkoxe Biziren eginkizunak, herriko etxaldeen bisita, eta goizeko askaria auzoaren etxean; eszena bakoitzaren artetik, familia bazkarira itzultzen ziren, kantuan: “Barkoxe bizi-bizi, Barkoxe bizi-bizi...”. Pausa bat markatu, eta arra haste. Zraf! “Astapito! Ülüa zopan ezarri deitak!”, amañik senarrari.
Konfesatu da Keheille: “Espero dizut bide bat zabaldu dugula antzerkiarendako Zuberoan”. Elea plazara ekarri dute, nork bereganatuko duen zain.