AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka eskuratu zuen Badon* obraren aurrestreinaldia egingo dute. Azpimarra berezia jarri dute eskola antzerkian.
Antzerkiz blaitu ohi da azaroan Azpeitia (Gipuzkoa), eta Euskal Antzerki Topaketen 41. aldia egingo dute aurten, azaroaren 2tik 23ra bitarte. Dozena bat emanaldi baino gehiago izango dira ikusgai. Salbe, publikoa antzezlanarekin abiatuko dira topaketak, eta Badon* obrak itxiko du egitaraua. Horiez gain, besteak beste, Artedramaren Hondamendia, Eromenen Higa, Giltxikaro taldearen Identitarteak eta Ados teatroaren Lagun beltz asko obrak ere izango dira.
Egitarau zabala osatu dute antolatzaileek, eta Badon* obran jarri dute azpimarra. Kulturaz kultur kooperatibak antolatutako sormen egonaldietan ondutako pieza bat da. Korrikak eta AEK-k antolatutako kultur sorkuntzarako beka irabazi zuen iaz, eta Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute. Azpeitiko antzerki topaketetakoa, beraz, aurrestreinaldia izango da. Proiektuaren inguruko xehetasunak eman ditu Marina Suarez zuzendariak, eta lan “kolektiboa” dela azaldu du. Opera du abiapuntutzat: “Euskal erreferenteak hartu eta errebisatu ditugu, eta gure terrenora eraman dugu bidaia edo genealogia berri bat sortzeko”. Diziplina anitzeko “artefaktu” gisa definitu du lana; besteak beste, musika, dantza, hitza, irudia, poesia, eta koplak biltzen ditu. “Publikoarekin lehen aldiz testatzeko erronka izango da”.
Dinamoa sormen gunean, Soreasu antzokian eta kalean izango dira ikusgai antzezlanak, eta sona duten euskal konpainien obrak, talde amateurren emanaldiak nahiz gaztetxoen lanak aurkeztuko dituzte. Hala azaldu du Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak: “Euskal antzerkigintzan profesionaltasuna eta baldintza duinak bultzatu nahi ditugu, baina betiere nondik gatozen ahaztu gabe, eta nola lotzen diren herria eta sormena. Horretan ere jarri dugu keinu bat, eta saiatu gara amateur edo obra herrikoi horiek sartzen”.
Horrez gain, “garrantzi berezia” eman diote aurten eskola antzerkiari; hainbat antzezlan eskainiko dituzte Azpeitiko, Errezilgo (Gipuzkoa), Amezketako (Gipuzkoa) eta Bermeoko (Bizkaia) eskoletako ikasleek, eta gaztetxoentzako Piztu! EmakumeON energia lana ere izango da ikusgai. Garazi Lazkano Kulturaz kooperatibako kidea: “Gaztetxoen artean antzerkia lantzeko eta antzerkiaz gozatzeko zaletasun ikaragarria dago. Eta horren adibide garbia da Kulturaz-ek urte osoan dituen antzerki tailerrak”. Xanti Agirrezabala antzezle eta antzerki tailerretako dinamizatzailearen arabera, “guztiz indarberrituta” dator eskola antzerkien egitasmoa. “Antzerki topaketetan barne hartzen den aste bat izaten da, non gaztetxoak izaten diren taula gainean dauden antzezleak zein taulaz kanpo ikusten ari direnak”. Azpeitian antzerkigintzarako zaletasuna dagoela dio, eta aitortu du bide bat izan daitekeela etorkizuneko ikusle zein antzezle berriak sortzeko.
Bide beretik jo du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere: “Aurtengo topaketetan garrantzi berezia eman zaio eskola umeen antzerkigintzari, askotan lehen hartu-emana izaten dutelako horrelako topaketen bidez, eta garrantzitsua delako etorkizuneko antzerkizaleak eta antzezleak ere formatzea”. Aitor Bengoetxea Kultura batzordeburuaren arabera, berriz, garrantzitsua da azpimarratzea ere euskaraz izango direla antzerki guztiak, “gure hizkuntzari balioa emanez”.
Txotxongiloak
Izango du bestelako berezitasunik ere aurtengo aldiak. Tolosako Topic zentroarekin elkarlanean, txotxongiloen inguruko erakusketa eta tailer bat izango dira. Bengoetxea: “Beti saiatzen gara zerbait sartzen, inguruko eragileekin gauzak egiten. Oraingo honetan, Txotxongiloen Nazioarteko Zentroarekin, Tolosako Topic-ekin, elkarlan bat hasi dugu. Uste dut bide baten hasiera dela”. Eragileak elkarrekin aritzea garrantzitsua dela uste du, eta, Kulturaz kooperatibako kidearen arabera, euskarazko antzerkigintzak eta Euskal Herriko antzerkigintzak behar handia dute konplizitate horiek izateko.
Antzerki topaketen inguruko informazioa ikusgai dago haien webgunean: www.antzerkitopaketak.eus. Sarrerak ere salgai daude dagoeneko.