Txaloka osatzen duten artistek ondo ezagutzen dute Aste Nagusiko giroa. Umeentzako antzerkiak egin arren, heldu asko ere joaten dira saioetara.
Krisi garaian, kultura izan zen sektorerik zigortuenetariko bat; bereziki, antzerkia. Egun, urte batzuk pasatuta, “berpizten” ari dela esan du Rut Arco antzerkigileak (Gurutzeta, Barakaldo, Bizkaia, 1977). Txaloka taldea osatzen du, Yurena Perez, Eneko Abian eta Intxixu Valbuena artistekin. Hainbatetan aritu dira Bilboko jaietan, baita aurten ere: Diskopuntx ikuskizun “berri-berria” eman zuten atzo, Txikigunean; kalean, ohi bezala.
Haurrentzako ikuskizunak egiten dituzue normalean. Etiketa horrek mugatu egiten zaituzte?
Haurrentzako jaialdia dela esaten duzunean, haurrak etortzen dira gehienbat. Baina beti datoz gurasoek edo nagusi batek lagunduta, eta, parranda gura badute, horiek ere ondo pasatuko dute. Azkenean, gure ikuskizunak parte hartzaileak dira, ez eserita ikustekoak; edozeinek parte har dezake.
Kalean antzezten duzue. Zer berezitasun ditu areto itxi batekin alderatuta?
Kalean aritzea asko gustatzen zaigu, ez dagoelako mugarik. Ikusten zaituen edozein gera daiteke. Areto itxi batean, azkenean, ikuskizuna egongo dela badakizu; hurbilduko zara, baina, ez bazenekien, aukera galduko duzu. Gainera, askotan antzeztoki politak sortzen dira. Gure eszenografia, kokatzen den lekuaren arabera, aldatu egiten da. Leku ikaragarri politetan egon gara antzezten, eta, batzuetan, kaleko elementuak jolasak egiteko erabiltzen ditugu. Kalea ikuskizunean sartzen da.
Zer helburu dute zuen ikuskizunek?
Publikoak parte hartzea nahi dugu. Txikia nintzenean ezagututakoa berreskuratu nahi dut: gorputzetik sartzen zitzaizun urduritasuna. Antzerkia barrutik bizitzen nuen. Magia momentu bat da, eta guztiok sortzen dugu istorioa. Horrek inprobisatzen uzten digu: publikoaren erantzunaren arabera, gauza batzuk luzatu ditzakezu, eta beste batzuk murriztu.
Aldarrikapenik sartzen duzue zuen ikuskizunetan?
Berez, istorioa ez da aldarrikapena, baina beti daude zertzeladak. Bi emakume eta bi gizon aritzen gara normalean, baina, hala ez denean, beti saiatzen gara parekidetasuna lortzen. Publikotik laguntzaileak igotzen ditugunean ere, neskak eta mutilak aukeratzen saiatzen gara.
Zererronak du taldeak?
Gustatuko litzaiguke lan gehiago egitea. Antzerkitik bizitzea nahiko genuke, baina ezin dugu. Guztiok dauzkagu beste lanbide batzuk: bat irakaslea da, beste bat okina...
Urte asko daramatzazu antzerkian. Zer aldaketa ikusi dituzu?
Krisia baino lehen, lan pila bat egiten genuen; batzuetan ezin izaten genuen beste lanik hartu. Gero, aldatu egin zen; lana gutxitu zen. Orain, berpizten ari dela ematen du. Krisiarekin, kultura alde batera utzi zen, eta orain jendeak kultura aldarrikatzen du. Antzerkia ikusteko ohitura berriro hartzen ari dira.