“Judy Garland Kansasetik at” antzezlana euskaratu du Villahozek, Nagore Andres ikaskidearekin batera. Arte eszenikoen ikasketak amaituko ditu aurten, eta antzerkia du bokazio.
Arte eszenikoak ikasten ari da Aitzol Villahoz (Barakaldo, Bizkaia, 1999), eta Nagore Andresekin batera antzerki obra bat euskaratu du: Ozkar Galan dramaturgoak sortutako Judy Garland y el gigante de Onix. Judy Garland aktorea Ozeko Aztia-ko protagonista izan zen 1939. urtean, eta LGTBI mugimenduaren ikur bihurtu zen. Bere bizitza kontatzen du antzezlanak. Judy Garland Kansasetik at izena eman diote euskarazko bertsioari.
Nola sortu zen antzezlanaren itzulpena egiteko proiektua?
Judy hil zela 50 urte bete dira 2019an, eta, horren harira, Galanek erabaki du sortutako antzerki lana bost hizkuntzatan publikatzea: gazteleraz, galegoz, grekoz, ingelesez eta euskaraz. Antzerki lana beste hizkuntzetara itzuli dutenak profesionalak izan dira, baina, gure kasuan, etorkizunean antzerkia aurrera ateratzeko asmoz proposatu zigun Galanek itzulpenaren erronka. Nire ikaskide batekin egin dut lan, Nagore Andresekin, eta biok argi dugu aukera oso garrantzitsua izango dela guretzat. Arte eskolan arriskuak hartzeko esaten digute beti, eta hori egin dugu.
Judy Garland aktorea zergatik da hain berezia?
Niretzat aurkikuntza bat izan da. Famatua da Ozeko Aztia-ren Dorothy pertsonaia antzezteagatik, eta horregatik ezagutzen nuen nik ere, baina haren bizitza tragedia hutsa izan zen. Haur miragarri gehienak bezala, gizartearen alderik bortitzena ezagutu zuen aktoreak, eta, hiru aldiz saiatu eta gero, bere buruaz beste egitea lortu zuen. Judyren hiletaren egun berean Stonewalleko istiluak gertatu ziren. Ekitaldiek ez zeukaten berez zerikusirik, baina LGTBI mugimenduarentzat ikur bihurtu zen aktorea, Somewhere Over the Rainbow abestiarekin batera.
Galanek hori guztia kontatu du antzezlanean; nola egin du?
Obra gurutze bide baten moduan antolatuta dago; eta amaieran, epifania bat. Gure ustez, gizartearen arau ikusezinei kritika bat da. Judyk ez zituen arau horiek bete nahi izan, eta gogor ordaindu zuen. Aldi berean, bizirik zegoen bitartean haren ingurukoek bere burua engainatzen zuten, aktorea ondo zegoela esanez eta zirudien bezain zoriontsua zela berretsiz. Pertsonaien bidez kontatzen du haren bizitza, Judy bera agertu barik. Martiriaren iruditeriaz baliatu da Galan, eta guri hori asko gustatu zitzaigun. Gazteleraz hainbat aldiz egin dute antzerkia, lan handia edukiko dugu euskarazkoan kalitateari eusten.
Gradu amaierako lana egingo duzue Judy Garland Kansasetik at antzezlanarekin, baina etorkizunean erabiltzeko asmoa duzue?
Oraingoz obraren eszenografia lanak egiten ari gara, eta hurrengo urtean aurkeztuko dugu; ondo ateratzen bada, seguruenik beste leku batzuetara eramateko aukera izango dugu, oraindik ezin dugu jakin. Baina aukera polita eman digu Galanek, hain gazte izanda gure izena antzerki liburu batean egoteagatik, besteak beste. Irakasleek askotan esaten digute badaudela zortzi urte lan egin barik dauden aktoreak, eta hori entzutea gogorra da. Arte eszenikoen munduan lana sortu behar dugu; ezin gara lanari itxaroten egon. Uste dut obra honekin prestatzen ari naizela.
Nola ikusten duzu lan mundua 20 urteko aktore batentzat?
Egun, kezkagarria da Netflixen eta horrelako plataformetan nola aukeratzen dituzten aktoreak. Sare sozialetako jarraitzaileei begiratzen diete aktorearen gaitasunei baino lehenago. Berdin zaie zer-nolako ikasketak egin dituzun; publikoan eragiteko duzun gaitasuna begiratzen dute lehenik. Urduri nago, ez naizelako sare sozialetan aditua, baina uste dut etorkizuna espezializatzean dagoela; batzuk maskara kontuetan adituak dira; beste batzuk, txotxongiloetan. Ikasketak amaitzen ditudanean, nire lekua topatu beharko dut.
Etorkizunean euskarazko antzerkigintza egiteko asmorik bai?
Egia da Judy euskaraz egingo dugula, baina gaur egun zailagoa da euskarazko produktu bat saltzea. Halere, merkatua handitzen ari da, eta gero eta antzerki genero gehiago daude euskaraz.