Lau astean behin, antzerkiari eskainitako irratsaio bat aurkezten du Gereñuk Tolosaldeko Ataria irratian. Agendari ihes eginda, atal bakoitzean gai bat lantzen du.
Jarrai antzerki taldearen inguruko doktore tesia egin zuen Idoia Gereñu irakasleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1980). Katiuska antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta taldeko kidea da.
Inguruan ez daude antzerkiari eskainitako irratsaio asko. Nola otu zitzaizun Eleak eta beleak egiteko ideia?
Aspaldian neukan buruan antzerkiaren eta irratiaren arteko loturarekin zerbait egitea. Antzerkiak badu presentzia irratian, baina gehienetan antzezlan edo ikuskizun bat iragartzeko izaten da. Ez nuen hortik jo nahi. Jolasa izan daiteke antzerkia, eta irakurketa dramatizatuen ideia ere banuen buruan. Ataria irratira gerturatu nintzen iazko udaberrian; hain justu, esan zidaten antzerkiarekin zerbait egitea pentsatzen ari zirela, eta aurrera egin genuen.
Atal bakoitzean gai bat lantzen duzu, agendari, propio, kasu handirik egin gabe.
Antzerkiaren periferia erakutsi nahi dut. Hedabideetan gehienetan antzezlanen aktore nagusiei eta zuzendariei egiten zaizkie elkarrizketak. Baina antzerkiaren amaraunak eta sareak zabalagoak dira. Beti heltzen diot gai zehatz bati; hartaz, saioa ez da propio egun seinalatu batzuetan entzuteko, baizik eta atal bat hemendik urtebetera entzun nahi duenak entzuteko aukera izan dezala. Guztiak daude entzungai Atariaren webgunean.
Antzerkiaren alor asko ilunpetan daudela iruditzen zaizu komunikabideetan?
Bai, amateur mundua, adibidez, nahiko ezkutuan geratu ohi da. Antzerkiaren mundua lantaldearen mundua da, atzeko lana ere hor dago, eta hori ikusaraztea da programaren helburua: antzerki eskolak, kritikak idazten dituztenak, ikerketak egiten dituztenak, teknikariak... Hurrengo atalean jantziak egiten dituztenak gonbidatuko ditut.
Saioa patxadaz entzutekoa da; ez du ematen presaren larritasunaz aritzen zaretenik.
Lagunen batek esan dit astunegia naizela eta mantso hitz egiten dudala. Iruditzen zait benetako nire hitz egiteko erritmoa ez dela hain mantsoa, baina teknikarekin uztartzen zait lana, eta mantsotzen zait egitekoa. Baten batek ere esan dit gustukoa duela erritmo pausatu hori.
Baina nola sentitzen zara mikro aurrean?
Ume sentitzeko modua da. Normalean edizio lanak egitera asteburuetan etortzen naiz irratira. Orduak hegan joaten zaizkit, eta gozatu egiten dut.
Nondik hartu duzu Eleak eta beleak izena?
Izenburuarekin ez aurrera ez atzera nenbilen, testu bat idazten ari nintzen, eta hiztegi batean “eleak eta beleak banatzea” topatu nuen. Sonoritatea gustatu zitzaidan, eta eleak eta beleak banatze horrek bere esanahia badu.
Nola ari zara antolatzen programaren bukaerako irakurketa dramatizatuen atala?
Ataria irratikoekin komentatu genuen elkarrizketak egitea beharrezkoa zela entzuleak erakartzeko. Baina argi nuen eskualdeko antzerkilariek tokia izan behar zutela. Beraz, irakurketen partea Tolosaldeko antzerki taldeko kideei tokia egiteko modu bat da.
Euskal Herri osoari zuzendutako saio bat da, edonola ere.
Nahiz eta txikian ari garen, Euskal Herrian ez dago halako irratsaiorik, antzerkiaren periferiakoak elkarrizketatzen dituena.
Euskarazko antzerkiak transmisio handiagoa behar al du?
Loraldi txiki bat ari gara bizitzen, duela 15 urteko egoerarekin alderatuz gero. Baina ez dago arlorik non adituek ez dakiten iraganean egin denaz. Aste honetan hitzaldi bat eman dut Dantzertin, XX. mendeko euskal antzerkiaren inguruan, eta lehen aldia izan da.
Jarrai antzerki taldearen inguruko doktore tesia egin zenuen. Noiz eramango duzu gaia irratsaiora?
Buruan darabilkit. Programak jarraituko badu, historiari kukuak egingo dizkiot, argi dut.
Batxilergoko ikasleak dituzu. Zer kontsumitzen dute haiek?
TikTok eta musika. Aurtengo nire ikasleek ez dute inolako harremanik antzerkiarekin.