Adingabeei egindako sexu abusuez antzezlan bat sortzea erabaki zuen Vegak, gertuko kasu bat ezagutzean. Uste du umorea eta maitasuna erabilita ez dagoela inor mintzeko arriskurik.
Gaur estreinatuko du Enriqueta Vega aktoreak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) bere azken lana. Hiru egunez Comida para perros (Txakurrentzako jana) bakarrizketa taularatuko du Bilboko Pabiloi 6 aretoan. “Gai bila nenbilela, aspaldiko lagun batekin aurkitu nintzen. Hari komentatu nion eta bere kasua kontatu zidan: sexu abusuak sufritu zituen umetan”.
Zer egin nahi izan duzu? Nola definituko zenuke obra?
Garaikidea da hizkuntzagatik, baina pieza atsegina da. Ez dauka gehiegizko dramatismorik. Are gehiago, esango nuke ez duela dramatismorik. Maitasun handiz landuta dago, eta umorea sartu dugu. Zelan sar daiteke umorea adingabeei egindako sexu abusuez hitz egiterakoan, ezta? Uste dut umorea gauza zailak ulertzen laguntzeko modu ona izan daitekeela. La vita è bella filma datorkit gogora, Holokaustoan girotua. Umorez betetako filma da. Eta ez du inor mintzen. Gaia errespetuz, maitasunez, lantzen denean, egin daiteke. Gai gordinetara iristeko tresna egokia da umorea. Ez zaizkit tragediak interesatzen. Zaurietan bueltaka bazabiltza, jendeak ihes egingo dizu. Biktimei ahotsa eman nahi genien.
Azkenaldian gehiago azaleratzen ari den gaia da.
Egin kontu gizartearen %30 inguruk sufritu du abusu mota hau. Aspaldion asko egiten da berba, batez ere, hezkuntza munduan edo Elizari lotutako kasuetan. Baina horiek gutxienak dira. Abusuen %90 familia inguruan gertatzen dira, eta horiei ipini nahi izan diegu ahotsa, inoiz ez delako euretaz hitz egiten.
Kezkarik sortzen dizu publikoak zelan hartuko duen pentsatzeak?
Jendaurreko entsegua egin genuen Fundicion aretoan. Jendea nolabaiteko beldurrez etorri zen. Biktimak ere etorri ziren. Baina oso pozik atera ziren. Ikuslea informatuta atera da; inor ez gorputzaldi txarrez. Jendeak ondo pasatzera jotzen du antzokira; bizitza gogorra da denontzat. Baina antzerkiak badu funtzio sozial bat, eta hori ahaztua dugu. Badira tankera honetako beste lan batzuk. Fundicion eta Pabiloi 6 aretoetan egoten dira gai sozialak jorratzen dituzten lanak, baina egia da gurea oso heavya dela. Hain zuzen, horregatik landu dugu, beharra dagoelako. Datuak ematen dira, estatistikak ezagutzen dira, baina gutxi ezagutzen da abusuak sufritu dituztenez. Ahotsa emango diegu.
Lan honek badu helbururik?
Sentitu dutena sentitu dutela, informatuta atera daitezela. Euren kasua ez bada, jakin dezatela euren inguruan horrelako abusuak sufritu dituen jendea dagoela. Batzuek aurrera egitea lortu dutela, eta beste batzuek ez. Ondorio itzelak ditu euren bizitzetan: alkoholismoa, drogekiko mendekotasuna, autoestimu apala, tratu txarra ematen dizun bikotea aukeratzeko joera... Baina mezu positiboa eman nahi dugu, aurrera egin duen jendea dagoela erakutsi.
Elkartera joan zarenean, zer egin duzu? Zelan landu duzu gaia?
Lehenengo, zuzendariarekin egin nuen berba. Aipatu zidan terapia saioak egiten dituztela, eta euretako batera joatea proposatu zidan. Astelehenetakoa aukeratu genuen. Ahal nuenetan joaten nintzen. Eta agian hilabete egiten banuen joan ezinik, hurrengoan agertzen nintzenean, ikusten nuen taldeko kide batzuek aurrerapen itzelak lortu zituztela. Nik han jasotzen nituen inpresioak erabilita sortu dugu obra Angel Mirou antzerkigileak eta biok.
Han entzundakoak zuri ere eragingo zizun; animoan, batez ere.
Noski! Gertuko kasu bat badut. Bueno, bat baino gehiago. Gero jakin dut inguruan kasu gehiago izan ditudala, honetaz hitz egiten hasi naizenean. Eragin dit, baina esango nuke onerako izan dela. Nire gertuko hori ezagutzen eta haren hainbat gauza ulertzen lagundu dit. Baina baita gizartea ulertzen ere: familia barruko mekanismoak ulertzen lagundu dit, umeen mekanismoak. Nire lehen erantzuna izaten zen ea zergatik ez zuten salatzen galdetzea. Baina gero ohartzen zara zein den egoera. Han entzundakoek animoan ere eragiten zidaten.
Nor da kontatuko duzun istorioko pertsonaia nagusia?
Hamabi urteko neska bat. Panpina bat da. Ikuskizuna hala hasiko da: ni agertuko naiz, eta ni istorioa kontatzeko bidea izango naiz. Ikusleei azalduko diet Maribel neskatila bakarrik geratu dela etxean, larunbat batez. Baina lana ni baino gehiago da. Obra batzuk onak izaten dira norbera nabarmentzeko. Kasu honetan, ez, ni bitarteko bat baino ez naiz izango. Aktoreon egozentrismoa apaltzeko lan ona da hau.
Biktima, lagun bat izan ordez, zeu izan bazina, lan hau sortzeko gai izango zinateke?
Zergatik ez? Angelica Liddell datorkit orain burura. Oso lan gordinak egiten ditu, eta behin Burgosen [Espainia] ikusi nion antzezlan batean, gai hau landu zuen, eta bere bizipenak kontatzen zituen. Umetan abusuak sufritu zituen.