Imanol Agirre: “Hirugarren antzerkia ginen lehen; orain, lehena gara”
Ińigo Astiz
Berria, 2014-07-05

      Hemeretzi urterekin lehen hankapaluak ikusi, eta liluratu egin zuen kale antzerkigintzak Imanol Agirre. Aurten 25 urte beteko ditu Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia zuzentzen.

      “Orain dela 25 urte ez nuen betaurrekorik behar”. Umoretsu, detaile hori eman du Imanol Agirre Kale Antzerkiaren Lekeitioko Jaialdi Nazioartekoaren zuzendari artistikoak (Bilbo, 1960) jaialdia lehenengoz antolatu zuenetik denbora nola pasatu den adierazteko. Dioenez, ordea, bizirik jarraitzen du, 53 urteko gizonaren gorputzean, 19 urterekin hankapaluak lehenengoz ikusi zituen gazteak sentitutako lilurak. Zirrara horrek bultzatu zuen kale antzerkira, eta horrek eraman zuen jaialdia antolatzera ere. Euskal Herrian antolatu zen gisako lehen jaialdia izan zen, 1989an sortua, eta 2014an ere egungo garrantzitsuenetariko bat da. Uztailaren 11tik 13ra egingo dute aurtengoa.

 

      Jaialdiak 25 edizio beteko ditu aurten, baina orain 35 urte Lekeition egindako Topaketak ekitaldia da guztiaren hazia.

      Hemezortzi urte nituen, eta garai historiko bat izan zen 1979ko hori. Topaketak. Euskadi-Eskandinavia Nazioarteko Topaketa. Hor ikusi nituen lehenengoz hankapaluak. Danimarkako Odin Theatre historikoak bat egin zuen Lekeition Italiako beste talde batzuekin eta Euskal Herriko antzerkigintza independentearekin. Denok harrituta gelditu ginen. Kalean antzerkia! Hankapaluak! Ni erabat liluraturik gelditu nintzen. Hurrengo urtean bertan sartu nintzen Maskarada taldean, eta zortzi urte eman nituen han. Eta 1989an, esperientzia hura berreskuratzeko proposamena egin nien Lekeitiokoei. Jose Angel Olabarriaga zen kultur zinegotzia, eta ulertu zuen ideia.

      Orain ohikoagoak dira halako jaialdiak, baina zientzia fikzioa irudituko zitzaien askori orduan.

      Eskerrak Lekeition gertatu zirela topaketa horiek 1979an. Horiei esker ulertu zuten hor zerbait gertatu zela. Nik kale antzerkia egiten nuen orduan, eta banekien nola tratatzen gintuzten. Barraken artean jartzen gintuzten, leku eskasetan, umeentzako animaziotzat hartzen gintuzten... Ez zegoen duintasunik. Hirugarren antzerkia deitzen zitzaion kale antzerkiari. Baztertuta zegoen. Lekeitio sekulako lekua izan zen horri duintasuna emateko. Eta, handik hiru hilabetera, ezer ere jakin barik sortu genuen 1989ko uztailaren 28an lehenengo jaialdia. Hankapalu eguna izan zen igandekoa lehen edizio hartan, haiek zirelako kale antzerkiaren ikur. Dinosauroak bezala desagertu dira orain horiek. Desagertu da lilura hori. Beste adierazpen batzuk dira orain nagusi: dantza, piroteknia, ikus-entzunezkoak... Lehen, kale antzerkia zen; orain, kaleko arteak dira. Hori izan da bilakaera.

      Eta irabazi du prestigiorik?

      Brasilgo munduko futbol txapelketaren hasierako ekitaldia kale antzerkia izan zen. Dantzariak, artistak, aktoreak... Gertakaririk handienak, politenak eta berritzaileenak kale antzerkiarekin egiten dira. Hirugarren antzerki izan ostean, lehenengo antzerkia gara orain. Eta libreena ere bada.

      Kalean aritzeak badu zerbait berezia, ez?

      Ez dauka zer ikusirik barruko antzerkiarekin. Barruko antzerkiak badu protokolo bat: zu goian zaude, eta ikusleak isilik daude. Kalean edozer gerta daiteke, eta inprobisatu behar da asko. Jendearekin harremana izatea ezinbestekoa da, eta kaleko elementuez baliatu beharra duzu. Oso berezia da kale artea egitea. Lehen, esaten zen Euskal Herrian kale antzerkia egiten zela aretorik ez zegoelako. 25 urteren ostean, areto sare mardul bat dago. Edukiontziak badaude orain; orain falta dena da dirua haiek betetzeko. Herri guztiek dute areto polit bat, eta, halere, kale arteek sekulako indarra dute. Jakin dugu kale antzerkigintzan aritu garenok lehen mailako arte hori berezi bilakatzen.

      Kasik kartzelan bukatu zenuten jaialdiaren bigarren aldian.

      [Barreak]. Hori askotan gertatzen zen garai hartan. Trapu Zaharra konpainiakoak horretan dira maisuak! Guk 1990ean bukatu genuen Lekeitioko polizia etxean, ertzain batzuek ez zutelako ulertu zer zen kale antzerkia. Haietako bat ausartu zen esaten umoreak bazuela mugarik, eta guk gainditu egin genuela. Esaldi mundiala. Polizia etxera eraman gintuen, eta sarjentua barrezka hasi zen, ertzain hark hiru titiritero eraman zizkiola ikustean! Libre geratu ginen. Orain arazo gehiago daude araudiekin-eta. Orain oso erregulatuta dago kalea. Beldurgarria da oraingoa ere.

      Hasierako puntu urratzaile hori mantentzen jakin dute kaleko arteek?

      Nik uste dut lortu dugula gauza oso bitxiak eta bereziak egitea. Ez dugu galdu harritzeko gaitasuna. Lekeitio da horren isla. Jaialdiaren historian gauza ikaragarriak pasatu dira! Gu horren bila aritzen gara, eta horrek bilakatzen du jaialdia berezi. Nahi dugu izan dadila berria, izan dezala puntu ezberdina. Behin, Lekeitioko portuko uretan arrosak loratzen ikusi genituen. Ondo esan dut; ez da metafora bat. [Keinu eta emozio handiz hasten du azalpena]. Frantziako talde batek ur gainean egin zuen ikuskizun guztia, eta aktore bat ur gainean bizikletan ibili ahala, berez bezala, loratu egiten ziren loreak itsasoko ur hartan. Loreak loratzen! Harritzeko gaitasuna ez dugu galdu. Badakigu halako asko daudela munduan, eta haien bila ari gara. Batzuetan ekar ditzakegu, eta beste batzuetan ez. Gure jaialdia, zoritxarrez, periferian dago, eta hona ez da ekarri Frantziako eredua. Han, jaialdirik handienak herri txikietan egiten dira. Hemen, aurrekonturik handienak hiriburuetan daude. Kostatu egiten zaigu horregatik jendeari ulertaraztea Lekeitio dela halako gauzak egiteko lekurik onena.

      Beraz, orain 30 urte liluratu zintuen horrek berak berdin-berdin liluratzen zaitu orain ere?

      Bai. Ni zuzendari ezohikoa naiz. Emanaldi guztiak ikusten ditut zuzenean; ez naiz jaialdian bulegoan egotekoa.