Asteazken goiza, bederatziak eta erdi dira. Eguraldi ederra dago. Zita dute antzezlaneko bi emakume protagonistek kazetari batekin, eurek idatzitako azken antzerki lanari buruz hitz egiteko: Alessandro Bariccoren Zeta egokitu dute eszenatokietarako. Ai ama! eta Ixaren ostean, oholtza gainerako idatzi duten hirugarrena. Hika antzerki taldeak taularatu ditu hirurak. Arantxa Iturbe iritsi da lehena, 41 urteko kazetari eta idazlea; oso garaiz. Hiztuna da, berba azkarrekoa. Pixka bat beranduago beste protagonista iritsi da bizikletan: Agurtzane Intxaurraga, 39 urteko antzerki zuzendari eta idazlea. Itxura lotsatiagokoa, baina ondo astintzen du mingaina. Elkarri agur egin diote, bero. Nabaria da bien arteko konplizitatea. Elkarrizketa bizia izango da, protagonista baten erantzuna besteak osatuko du. Tenis partida bat ikusten ari dela irudituko zaio kazetariari.
(Kafea lagun, Donostiako terraza bateko mahaiaren bueltan eseri dira. “Zein ondo hemen, kafetxoa hartzen”, esan du Agurtzanek. “Ondo bizi gara, e!”, erantzun dio Arantxak).
Kazetaritza ikasi zenuten biok. Bata irratian eta literaturan aritzeagatik da ezaguna, bestea antzerkian jardunagatik. Noiz eta nola egin zenuten topo?
Arantxa Iturbe: Kazetaritzari esker. Oso gazte ginela, hasi berritan. Gu irratian hasi ginen lanean eta pertsona bat behar genuen paper dramatiko bat egiteko. Irratiko lankide batzuk Agurtzane ezagutzen zuten kazetaritza karreratik eta bazekiten antzerkian zebilela.
Agurtzane Intxaurraga: Goizean behin egiten zenuten eta astean hirutan-edo kolaborazio bat egiteko deitu zenidaten.
(Barre algaratan lehertu dira, Arantxaren orduko ile luzea gogoratuta. Nabaria da elkarren artean duten lotura berezia).
A. Iturbe: Gainera, kristoren arrakasta izan zuen bere paperak. Gure estudioak garbitzera etortzen zen pertsonaia zen. Jendeak sinetsi egiten zuen irratian bazegoela garbitzaile bat eta estudiora sartzen zela bazterrak nahastera.
A. Intxaurraga: Nire izeko bat erabat sinetsita zegoen. Handik bi urtera-edo, behin nire amak galdera egin zidan: “Baina zuk, Agurtzane, ez duzu horretan lan egiten, ezta?”. Irratian elkar ezagutu genuen eta handik urte batzuetara Ai, ama! zela-eta elkartu ginen.
Nola izan zen hori?
A. Iturbe: Oso polita. Ni irratian nengoen, komunetik atera nintzen eta Agurtzanek esan zidan, “Aran, zurekin hitz egin behar dut, Ai , ama! irakurri dut eta esaten dituzun gauzak ez zaizkit gustatu; nik ez dut horrela ikusten, baina ikusten dut hor teatro bat dagoela”. Eta nik ez nekien zer pentsatu, “zer esaten ari zait, ez zaiola gustatu?”.
A. Intxaurraga: Nire semeak sei hilabete zituenean irakurri nuen liburua.
A. Iturbe: Eta zer pentsatu zenuen?
A. Intxaurraga: Zeinen gaizki pasa duen emakume honek! Gogorra egin zitzaidan. Nik amatasun baja nuen momentu hartan eta bajaren lehenengo sei hilabeteak niretzat zoragarriak izan ziren. Nire arazoa lanean hastean, amatasuna eta lana uztartu behar izan nituenean hasi zen. Hika taldekoak proiektu baten bila genbiltzan eta momentu batean pentsatu nuen: “Hau izan liteke”. Liburua oso ezaguna zen, jende askok, amok batez ere, irakurrita geneukan, kalean zebilen bolo-bolo. Momentu batean beldurra ere eman zidan: “Nola esango diot nik hau Arantxari?”. Ez nekien nola erreakzionatuko zuen berak. “Bale” esan zuenean, aurrera egin genuen.
A. Iturbe: Hortik aurrera hasi zen elkartzea. Berak oso garbi zeukan, hala ere, Ai, ama! oinarri bat besterik ez zela. Hortik abiatuta pertsonaia gehiago sartu behar zirela egoera desberdinetan, batzuk besteen kontrapuntu izan behar zutela.
(Esateko testuak dira antzerkikoak, eta agerikoa da horretarako erraztasuna dutela. Elkarrizketa pasarteak eta besteren nahiz beren burutazioak hitz bihurtuta tartekatzen dituzte etengabe erantzunetan).
A. Intxaurraga: Hasieratik neukan argi hiru emakume izango zirela. Hirua beti iruditu zait zenbaki egokia teatrorako. Taldean komentatu genuen eta ontzat eman zuten. Proiektua Eusko Jaurlaritzara aurkeztu genuen, urte hartan lehen aldiz atera baitzituen teatroa idazteko diru laguntzak. Eta eman egin ziguten laguntza antzerki egokitzapena egiteko.
A. Iturbe: Proiektua aurkezterako, dezente aurreratuta geneukan lana.
A. Intxaurraga: Bai, zeren proiektua aurkezteko, ideia nahiko zehatza izan behar duzu. Argi geneukan dagoeneko zein aktorek egingo zuten. Uste nuena baino askoz errazagoa izan zen. Batetik, Arantxarekin lotura hori egitea eta, bestetik, idaztea ere, buruan bageneukalako nork egingo zuen pertsonaia bakoitza eta hiru emakumeen ikuspuntuak, bat Arantxak idatzitakoa, bere bizitzan oinarritutakoa, beste bat kontrakoa, asko-asko desio zuena ama izatea eta gero nirea-edo.
Ai, ama! izan zen lehena, ordutik beste bi obra idatzi eta egokitu dituzue elkarrekin. Ez du erraza izan behar binaka lan egiteak.
A. Iturbe: Ni beti kezkatu nau horrek. Niri talde lana asko gustatzen zait eta beti oinarritu naiz lan guztietarako talde-lanean. Baina binakakoa? Jende askok galdetu dit, “binaka nola egiten dira gauzak”? Nik uste konpatibleak baino gehiago, osagarriak garela. Nik uste Agurtzanek ikusi egiten duela erabat, ideia oso garbi zeukan eta berak bazekien zer nahi zuen. Nik ez neukan hain argi. Nik idatzi egiten dut eta gero berari pasatzen diot eta bera suntsitzen hasten da. Oso fin eta oso diplomatikoki, baina aldatu egiten du, kendu, ebaki eta itsatsi... Egia esan, ez dugu elkarrekin lan egiten. Elkartzen gara eta esaten dugu: “Hau hemendik, bestea handik...”.
A. Intxaurraga: Batzarrak egiten ditugu antolatzeko, baina bakoitzak gero bere etxean egiten du lan.
A. Iturbe: Batek egiten du, besteak moldatzen du eta bueltatzen dio, zuzendu... Berak eramaten du ildoa.
A. Intxaurraga: Ai, ama! egin genuenean, gure buruan ez zegoen jarraitzea, gauza puntuala zen. Gustura sentitu ginen eta kito. Haren ondoren, taldean berriro hasi ginen beste proiektu baten bila. Ixa egin aurretik Mikel Laskurain taldekideak pertsonaia bakarreko obra bati aurre egin nahi ziola agertu zuen eta berriz ere hasi ginen elkarrekin lanean.
A. Iturbe: Hori ere oso lan polita izan zen, beste ideia batekin hasi ginen eta ikusi genuen ezin genuela garatu, ez zuela aurrera egiten... eta egun batetik bestera Ixaren pertsonaia bururatu zitzaigun eta oso erraz joan zen.
A. Intxaurraga: (Barrez) Beti esango dut: flipatu egin dut Ixa egin dugulako. Niretzat erronka handiagoa izan da nolabait Ixa egitea beste biak baino. Besteak gure, beno, behintzat nire estilokoagoak dira.
A. Iturbe: Oso inplikatuak sentitzen ginen gauza askotan besteekin. Ixa, aldiz, gizon oso berezi baten istorioa zen, ganberroa, giro jakin batekoa, oso gaizki hitz egiten zuena... Ez zeukan zerikusirik gurekin, baina oso ondo pasa genuen. Kezka zen: “Eta hau batetik bestera eramateko?”.
A. Intxaurraga: Ai, ama! ikustera gehienbat amak joan ziren, emakumeak. Lana zuria zen, oso poetikoa eta Ixa marroia, grisa, makarra. Eta esaten genuen “jende bera joaten bada hau ikustera...”. Baina hori, era berean, oso aberatsa da.
A. Iturbe: Satisfazio handia ematen dizu.
A. Intxaurraga: Ixarekin oso harro nago zentzu horretan. Batzuetan pentsatzen dut: (aztoratuta eta barrez) guk egin dugu hau? Oso muturrekoa da.
A. Iturbe: Batek esan zidan: “Ez nuen uste zuek kapaz izango zinetenik horrelako gauza bat egiteko”. Bada bai.
(Barre egiten dute biek).
Alessandro Bariccoren Zeta moldatu duzue antzerkirako. Halako nobela arrakastatsu bat egokitzeak bertigoa ematen al du?
A. Iturbe: Bertigoa baino gehiago errespetua. Aurretik oso garbi duzu mantendu nahi dituzula nobelak daukan giroa, istorioa... Nahi duzu liburua leitu duenak, teatroa ikusten duenean, nolabait igartzea, hitzez hitz ez bada ere, hango espiritu guztia. Eta seguruenik hori izan da zailena. Ez hainbeste testua. Azken batean oso tandem perfektua gara, hau jartzen da aurrean ni atzean, berak eragiten die pedalei eta ni atzetik noa. Gero, momentu batean jaitsi egiten naiz eta berak segitzen du aurrera istorio guztiarekin. Oso garbi zeukan Agurtzanek Zeta egin nahi zuela. “Aran leitu Zeta, leitu Zeta” esan zidan. Euskarazko bertsioa lortu genuen, gaztelerazkoa, italierazkoa. Leitu eta idaztea izan zen.
A. Intxaurraga: Orain, distantziatik, pentsatzen dut lotuegiak eta guzti egon garela Bariccori. Ai, ama!rekin oso ezberdina izan zen, zeren Arantxa autorea, egilea inplikatua zegoen. Egiten genuena askatasun osoz egiten genuen. Hemen ez. Bariccoren mamua eduki dut gainean denbora guztian. Seguruena Bariccok gurekin idatzi izan balu (barrez, erokeria bat esan duenaren imintzioak eginez), askoz gehiago apurtuko genuen bere testua. Baina bera hor egonda, bera kontsideratua dagoen bezala, bere liburua hain irakurria, orain konturatzen naiz ni behintzat lotuegia egon naizela liburuan dagoen bezala emateko. Nik uste espiritua mantendu egin behar dela derrigorrez, baina beharbada istorioa momentu batean aldatu... Beharbada, hurrengo batean, egokitzapen bat egiten badugu, beste modu batera pentsatuko nuke. Egokitzapena bai, baina hasieratik argiago edukita libreago sentitu behar dugula.
A. Iturbe: Zenbait momentutan ihes egin diogu istorioari, bai ikuspuntua aldatuz, bai pertsonaia batzuei presentzia gehiago emanez.
A. Intxaurraga: Emazteari indarra eman diogu, bai, baina saiatu gara dagoen guztia islatzen. Eta pozik nago, e! Horrek ez du esan nahi gustura ez nagoenik, alderantziz. Baina egia da Bariccoren pisua hor egon dela.
A. Iturbe: Eta gero bera ez ezagututa eta berarekin harremanik ez izateak horrek ematen dizu halako... Eta bera bizirik egonda...
A. Intxaurraga: Horixe (kar-kar).
A. Iturbe: Zeren ez dagoen baten lanarekin seguru beste era batera jokatzen duzula. Baina gustatuko litzaizuke berak ikustea eta esatea: “Bada, oso ondo”. Normalean ez da horrela gertatzen autoreekin. Zinemara eramaten dituztenean liburuak, gehienetan liskarrak izaten dira.
A. Intxaurraga: Ilusio ikaragarria egingo liguke ikustera etorriko balitz.
Bariccoren Zetan, Herve, senarra, da protagonista nagusia. Hikarenean Heleneri, emazteari, eman diozue indarra.
A. Iturbe: Bera bihurtu dugu narratzaile, protagonistak Herve, Helene eta ekialdeko begiak ez dituen emakumea dira. Helene da presente dagoena, dena kontatzen duena...
A. Intxaurraga: Bariccoren nobelan Helene hor dago, baina berari buruz oso gutxi esaten da. Bukaeran bihurtzen da protagonista osoa bat-batean, baina ordura arte ia-ia ez da existitzen. Eta guk antzerkira eramateko, berarekin kontatu egin behar genuen, pertsonaia hor dago. Protagonistak izatez biak dira. Batak bidaia fisikoa egiten du nolabait, joan-etorriak denbora guztian eta Helenerena gehiago barneko bidaia da, sentimenduena.
Arantxa, zuk aipatzen zenuen Argiako elkarrizketa batean “oro har” emakumeei gehiago interesatzen zaizkigula sentimenduak ekintzak baino, literaturaz ari garenean.
A. Iturbe: Oro har, hori da esaten dena behintzat. Nik dudak dauzkat, ez daukat batere argi gai hori. Baina bi zatitan banatzekotan, hor egingo nuke aldea, salbuespenekin beti ere.
Susmo horrek izan dezake zerikusia zuek Heleneren ahotik kontatzeko istorioa?
A. Intxaurraga: Ez dakit. Nik liburua irakurri nuenean, izugarri gustatu zitzaidan Heleneren pertsonaia, harrapatu egin ninduen. Zergatik? Existitzen ez zen pertsonaia bat bat-batean izugarri handia egin zitzaidalako, garai hartako heroina bat. Eta bueno, igual hori sentitu nuelako, bada horrela planteatu genuen. Ez dut esaten Herve erakargarria ez zitzaidanik egin, ez, ez. Iruditzen zitzaidan indar handia behar zuela emakume horrek hor egoteko, bere zain, denbora guztian... Baina niri benetan Heleneren jokaerak mugiarazi zizkidan barrenak. Isiltasunean, emakume pasiboa ematen du, baina azkenean konturatzen zara, isiltasunean bada ere, aktiboki borrokatzen duela bere helburuagatik.
A. Iturbe: nobelan bertan daude bi rol horiek. Andrea egoten dena da. XIX. mendean gaude eta egoten dena eta harremanaren inguruan pentsatzen duena, gogoeta egiten duena bera da. Gizona beti joan eta etorri ari da, bere buruhausteekin, baina beti joan eta etorri, harrak ekartzen.
A. Intxaurraga: Hor kokatu behar da istorioa, XIX mendean. Gaur egun, hasten bazara pentsatzen, esango zenuke: “Zer egiten du emakume honek denbora guztian itxaroten, jakinda gainera gizonak Japonian zerbait ere baduela”. Hori ere izan da erronka.
A. Iturbe: (Kementsu) Beharbada hor hautsi behar genuen eta Helenek esatea: “Geratu Japonian”. (Barrez lehertu dira).
A. Intxaurraga: Hori izan da erronka, Heleneren pertsonaia sinesgarria eta indartsua bihurtzea eszenatokian. Ulertzea emakumea.
A. Iturbe: Agian horrek badu zerikusia gu emakume izatearekin, baina ezezkoa ere izan daiteke.
A. Intxaurraga: Hori esaten didatenei, esango nieke: hor dago Ixa.
Iradokizun, sentimendu eta keinuz betetako eleberria da Zeta. Zaila izan da antzezlan bihurtzea?
A. Intxaurraga: Dialogoak idaztea baino zailagoa egin zait eleberriko giroa eszenatokian jartzea. Idatzi duzunean irakurtzen duzu eta esaten duzu “ze ondo”. Baina hitz horiek eszenatokian zutik jartzerakoan ez dute balio agian. Ikuspuntu literarioa ahaztu behar duzu eta sartu zeharo ikuspuntu teatralean. Hori da agian zailena nobela honetan, akzio gutxi baitago. Istorioa oso sinplea da berez. Bi emakume maite dituen gizon bat da eta biak behar ditu bizitzeko, bizitzen jarraitzeko. Joan eta etorriak egitera behartua dago eta gainera emazteak ez dio oztoporik jartzen.
A. Iturbe: Izugarria da. Testua irakurtzen duzu eta gero ikusten taula gainean eta asko aldatzen da. Hiruretan gertatu zait. Hiru kasuetan leitu testua, ikusten ari naizena ikusi eta esan “ai ama, ai ama”. Testua da errazena, hortik aurrerako prozesua iruditzen zait oso sinestezina. Idazten ari zarenean, askotan, bat-batean Agurtzanek deitzen dizu gaueko hamarretan eta esaten dizu: “Aran, eszena batean agian sexu esplizitua behar da”. Eta esaten diot: “Bale, sartuko dugu sexu esplizitua”.
A. Intxaurraga: Eta esaten dit, “ez, ni hori kentzen saiatu naiz”.
A. Iturbe: Bai, hala da. Baina behar baldin badugu, bada sartuko dugu. Eta horrela egiten duzu lana eta gero eszenatokian ikusten duzu eta esaten duzu “horrexegatik ari zen hau eskatzen”. Horrek ihes egiten dit eskuetatik eta erabat miresgarria iruditzen zait.
Ai, ama! eta Ixarekin bi Max sari jaso dituzue.
A. Intxaurraga: (Jolasti) Honekin ezin dugu, egilea Baricco delako.
A. Iturbe: Orain arte jaso ditugun sariek euskarazko testu onena saritzen dute. Lortuko balitz Zeta estatu guztian ikustea eta aukeratua izatea egokitzapen onena bezala, estatuko guztiekin batera, bada orduan...
A. Intxaurraga: Hori mundiala izango zen.
Egokitzapenen atalean, estatuko autore guztiekin lehiatzen zara. Estatu osoko botoak behar dira sari proposamena jasotzeko. Lortu ditugun Max sariak hemengo botoekin lortu ditugu. Botoak lortzeko estatuan mugitu behar dugu Zeta...
A. Iturbe: (Ziur) Kanpaina egiteko.
Halako sariek laguntzen dute?
A. Intxaurraga: Behintzat gau horretan existitu egiten zara, eta gero aste batez edo biz baita ere hemen inguruan.
A. Iturbe: Balio du satisfazio pertsonalerako eta estimulu bezala gauza gehiago egitera animatzeko. Esateko: “Ez dugu hain gaizki egin”.
A. Intxaurraga: Saririk onena izango zen gero emanaldi gehiago saltzea. Ez dago lotura zuzen hori ordea.
Zeta egin duzue, beste proiekturik baduzue buruan.
A. Iturbe: Itxaron, itxaron...
A. Intxaurraga: Burua oporretan dago.
A. Iturbe: Zeta oso berria da.
A. Intxaurraga: Ez dakigu, baina nik uste egongo dela zerbait.
A. Iturbe: Ez gara oraindik haserretu, ez gara separatu... Gauza gehienetan bezala, azken batean harreman pertsonala da balio duena. Gauza bat da profesionalki konpatibleak izatea eta osagarriak izatea, baina zerbaitek eutsi behar du.
A. Intxaurraga: Izatezko bikote gara erabat. Etorriko da beste zerbait. Noiz? Bada ez dakit.
A. Iturbe: Beraz segitu behar duzu teatroa egiten?
A. Intxaurraga: Jakina, nik bai. (Barreak).
(Jarraituko du)
Apustu handia
“Produkzio handia da (zortzi aktore) eta etsamina gainditu behar da. Batzuei izugarri gustatu zaie eta beste batzuei beharbada ez horrenbeste, estiloa ez zaielako gustatzen edo istorioa bera. Baina denak ados daude espektakuluak maila duela eta alde horretatik harro gaude. Oinak ere lurrean jarrita, oso zaila da merkatua. Ikuskizuna oso handia da eta horrek esan nahi du oso garestia dela. Estatu mailan sartzea derrigorrezkoa da, nolabait amortizatu nahi badugu. Euskal Herrian plaza asko erori dira edo eroriko dira ez delako aretoetan sartzen. Ea Tarregako Ferian zer gertatzen den. Hor ditugu gure esperantzak jarrita. (...) Salmentaren mundua oso politikoa da. Asko ikasi dut, ikusi dut gauzak uste baino beltzagoak eta zikinagoak direla. Apustua egin nuen eta ez naiz damutzen”.
A. Intxaurraga