Galder Perezi elkarrizketa
Hitzen Uberan, 2020-07-24

      Galder Perezek Hiru geltoki lurrun liburua aurkeztu berri du Ganbila antzerki bildumaren barruan, Susa argitaletxea eta EHAZE elkartearen eskutik. Bertan hiru obra topatuko ditu irakurleak: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record. Jarraian topatuko dituzue antzerkilari honen pasioei, kezkei, bulkada politikoei buruzko maitasun deklarazioak.

 

      Galder Perez. Antzerkilaria zaitugu, eta antzerkian rol ezberdinak bete izandakoa: aktorea, zuzendaria, eta idazlea. Baina... idazletzat duzu zure burua? Dramaturgotzat? Antzerkia idazten duzuenok sarri nolabaiteko erdibide batean sentitzen zarete, idazle baina ez literaturgile, hala da?

      Ez dut halakorik gehiegi planteatzen. Antzerkian gabiltzan askori, edo gehienoi, mila zereginetan aritzea tokatzen zaigu. Zerrenda horri garraiolaria, jostuna eta abar gehitu beharko genioke. Antzerkilariak gara, osotasun batean aritzen garenak. Idazketari dagokionez, aspaldi idazten dut, antzerkia bereziki, bai. Antzerkia literatur genero bezala ulertu izan dut beti. Hortaz, idazle izan ala ez izan? Hori da auzia? Hiltzea ala lo egitea besterik ez, jejeje... Uste dut idazle termino horrek garrantzi gehiegi duela. Edo beharbada titulu hori jasotzen duten askok edota ingurukoek inportantzia gehiegi ematen diote. Eta garrantzitsuena zer da, idatzitakoa ez bada? Testua bera da gakoa, izan teatroa, poesia, narratiba edo dena delakoa, norbaiten eskutik sortutakoa, idatzitakoa, jakina.

      Hiru geltoki lurrun. Hiru antzezlan. Asko da zure ibilbidean idatzi duzuna: Gilkitxaro taldearentzat, beste konpainia batzuentzat… baina paperean, hauxe duzu lehen emaitza. Zer nolako esperientzia izan da orain arte?

      Oso ederra. Egia da antzerkian asko idazten dugula. Gorputza eta plastikarekin batera hitzak paperean jartzen ditugu eta askotan sentsazioa da, antzezlanen bira bukatzen denean, betiko amaitu dela hori dena. Bideoan grabatzen badugu ere, ez da sekula gauza bera izango. Testuak, berriz, berrinterpretazio ugariei ateak irekitzen dizkio eta liburuan egoteak horixe ahalbidetzen du. Gehienetan Gilkitxaron testutik abiatzen ditugu lanak, beraz, testuek badute berebiziko garrantzia gure lan egiteko moduan, antzerkia testua soilik ez bada ere, noski.

      Dena den, taularatzeko asmorik gabe idaztea ere oso gogoko dut. Antzezlan horietako asko ordenagailuetako karpetetan geratzen dira, norbaitek edo zerbaitek kuku egiteko zain edo pdf eta argazki zaharren artean betiko disolbatu arte. Liburuaren kontua dela eta, gauza askorekin gozatu dut, edizio lana, testuen aukeraketa, azalaren irudiak... Oier Guillan eta Gaizka Sarasola egon dira edizio lanetan. Biak lagun ditut, nolabait antzerki kide izandakoak eta kanpoko begirada horiek oso aberasgarriak dira. Sekulako lujoa da beste bi bihotz zure testua lantzen egotea. Gauza bera hitz-ostea, Ane Zabalaren hitzaurrea eta Gontzal Gutierrezen azalarekin. Maitasun handia egon da prozesuan, bizitza honetan gehien baloratzen dudan gauzetako bat.

      Egia osoa esatera, publikatu bai publikatu duzu… iritzi artikuluak asko (Zazpikan aspaldi luzean), antzerkia bilduma kolektiboetan (Cafe Bar Bilbaren bilduman bi lan; 2011 Artezblai)... Zerikusirik ez, hala ere, liburua plazaratzearekin?

      Zerikusia badute, denak idazketaren ariketa diren aldetik, noski. Baina halako bilduma egitea gauza ezberdina da. Liburua izango zenaren osotasunaren bila ibili ginen, koherentzia bat lortu nahian. Irakurleek ez dute zertan liburua hasieratik bukaerara irakurri behar, obra bakana irakur dezakete, baina printzipioz gure asmoa hori da, hasiera eta bukaera duen bidaian irakurleari gonbita egitea. Hiru obrek elkarrekin badute arima bat, usain bat, arnasteko modu bat, trenbide mingarria bueltaka… Hori guztia, gaietan dagoela uste dut. Gizarte gaiak, gai politikoak, denak tripetatik botatakoak. Lekuek ere badute zeresana. Gaizka Sarasolak hitz-ostean ez lekuak aipatzen ditu. Ni beharbada ez naiz hain kontziente izan horrekin, baina gerora ohartu naiz, antzerki testu baten planteamenduari ekiten diodanean, lekua nire aurreneko arduretako bat izaten dela. Espazioa teatroan oso garrantzitsua da, nola ez. Nik oholtzan, leku zehatzak maite ditut. Ez beti, baina askotan bai, orain arte behintzat. Beharbada bizitzan leku abstraktuen gaindosia daukat, eta behin eta berriz galduta ez sentitzeko, konkrezioa behar dut. Sortu genuen antzezlan batean, Honolulu, leku bat izenekoan adibidez, pertsonaiak ez zeunden inon. Baina zer eta lekuez mintzatzen ziren, leku baten bilaketa etengabe batean ari ziren, leku bila bizi ziren, edo bizi dira oraindik ere Lulu eta Elmer, auskalo non.

      Liburu bat publikatzearen esperientzia bada, antzerkia bezala, plazara ateratzea, zure lana publiko aurrean jartzea, zabaltzea. Neurri batean biluztea. Ordea, hartzailearekiko harremana guztiz ezberdina da literaturan, antzerkiko publikoaren aldean. Zer ezberdintasun sumatu duzu?

      Lana lurruntzen da hain justu. Prozesua likidotik hasi zen, odol eta isurietatik bezala, solidora pasatu zen liburua gauzatzean eta orain irakurleen artean edo apaletan lurrundu da... Izenburuan hiru geltoki diogu, baina asko izatea espero. Hartzaile bakoitza geltoki batean dago, norbera bere munduan. Liburuarekin denak lurrun berean galtzea lortuko bagenu, pixka bat bada ere, helburua lortuta! Esku artetik joatearen sentsazioa da, bai. Antzerki emanaldi batean beti duzu gauza berbideratzeko aukera, zuzentzeko edo. Liburu batekin, ordea, irakurlearena da orain lana. Idatzi duenaren eskuetatik ihes egiten du, testua hor zehar lurruntzeko. Orain balizko irakurleak bihurtzen du irakurketa eta bere berrinterpretazioarekin testua solido. Horregatik, solidoa izotza ez izatea espero, diozun bezala biluzte ariketa itzela da eta. Ze hotza!

      Publikoarekiko harremanaz ari garela, erabat aldatu da azkenaldian. Aktoreak egun maskaraz jantzitako publiko baten aurrera atera behar dira, haien aurpegiak, irribarreak, edo aurpegi serioak... sumatu gabe. Zuri egokitu zaizu egoera honetan taula gainera atera beharra? Zure ustez, zer ekarri dezake egoera honek publikoarekiko harremanean?

      Pandemiaren osteko alarma egoeratik oraindik ez naiz oholtza gainean jarri. Laster, dena ondo bidean, tokatuko zait. ETAren agiri bulegoa pieza laburrarekin bertan behera geratutako zenbait emanaldi abuztuan berreskuratuko ditugu. Lan horren kasuan, laugarren pareta dago. Beste lan askotan izan ohi dugun bezala, honetan ez dugu ikusleekin hartu eman zuzenik. Anek eta biok gorpuzten ditugun pertsonaiak bulego batean bakarrik daude. Horrek hain sentsazio arraroa baretuko duela uste dut. Sumatuko ditugu ikusleak maskarekin eta elkarrengandik aldenduta, baina ez diegu begietara begiratuko beharrik. Ikusle bezala, berriz, orain arte bi performance baino ez ditut ikusi: Celeste Gonzalez eta Olatz Gorrotxategiren lanak (biak zoragarriak, portzierto). Kasu bietan ikusleak obraren parte ginen. Egoera honek baldintzatu zituen ikuskizun biak, urrunagokoak eta hotzagoak sortuz egoerak.

      Liburu honetan datorren zure obra bat aurrestreinatu berri zen, martxoan La Fundicion aretoan: Lurrun minez. Estreinaldia koronabirusak eraman zuen aurretik, ordea. Zer nolako sentsazioak, sentimenduak, sortu zizkizuen gertakizunak, estreinaldia galdurik?

      Zorionez aurretik La Fundicion aretoan eta Zinegoak jaialdiaren baitan, zenbait lagunen aurrean lagin bat erakusteko aukera izan genuen. Ekitaldiak ospatu ziren azken asteburuan izan zen gainera, eta ederto ospatu genuen. Horri esker ez ginen hain frustratuta geratu, pentsatu nahi dut. Kolpea itzela, baina jipoia hain orokorra izanik, jendartean eta kulturgintzan gertatu zen, denok jaso genuen, eta horri erreparatu geniola uste dut. Inkontzienteki beharbada, biziraun beharraz, edo denoi berdina gertatu zitzaigunaren kontsolamenduaz. Taldeko kide bakoitzak gainera, beste hamaika proiektu ditu, antzerkia, musika, hezkuntza... Beraz, shock egoera kolektibo horretan murgildu edo galdu ginen. Aldi berean polita izan zen konfinamendu bitartean taldearen arteko maitasuna eta babesa. Bagenuen elkarrekin egoteko nahia eta beharra, ditxosozko bideo deiekin bazen ere, baina elkarrekin berba, edan eta barre egin, norbera bere etxetik, baina elkarrekin partekatutako momentu eta zirrara askorekin.

      Printzipioz udazkenean estreinatuko da, azkenean, lana. Baina azken egunetako titularrek, berriz ere, jendartean nola, oso zigortua izan den kultur arloan alarma gorriak piztu ditu berehala. Une honetan, antzerkiaren arloarekiko, zeintzuk dira zure beldurrak?

      Aspalditik datozen mamu ilunak egonkortzea beldur handienetako bat da; handienak txikiena jatea eta lobbyak indartzea, adibidez. Tarteka utopietan sinesten jarraitzen dugunez, erantzun moduko eztanda bat egotea espero dut, antzerkia, kultura eta arteak herrira bueltatzea, hori litzateke ederrena. Eta baita logikoena ere. Mugimendu sozialen inoiz baino behar handiago izango dugu, eta antzerkia izan bada, eta izango da, mugimendu sozialen parte. Bestetik zuzeneko arte emankizunekin gertatzen ari den guztiak izugarri ikaratu eta haserretzen nau. Harritzen ez, tamalez, kantak zioen moduan, jada ez nau ezerk harritzen (Ez da egia, tamalez, edozerk harritzen nau eta gehiegi oraindik ere). Zuzeneko emanaldietara bueltatuta, zenbat baldintza bete behar dira osasunaren edota segurtasunaren izenean eta, bitartean, lantokietan, garraioetan edota tabernetan elkarren gainean jarraitzen dugu eta elkarri eztula egiten. Horixe baita aurrera doan herria, ezta?

      Eta jendartearekiko, oro har?

      Buahhh… Oso ezkorra naiz zentzu horretan. Nahiko gaizki pasatzen ari naizela onartzen dut. Dolu bat bizitzen ari garela uste dut, aurreko bizitza edo bizimodu baten doluaren bezalakoa. Sekula bueltatuko ez den bizimoduari agur esan behar diogu, kolpe batez. Zenbat galdu dugun, eta galduko dugun, ezta? Doluaren ukazio fasean sentitzen naiz oraindik. Horregatik, uste dut egoera honi aurre egin eta behar bezala aztertzeko, oraindik zailtasun handiak ditudala. Aldatuko da bizitzeko modua, komunikatzeko modua... Aldatu da. Eta beti bezala, handienek berriz txikiak jango dituzte, irensten jarraituko dute. Edozerk balioko du plastikozko ongizate baten izenean, ohikoa baino inpunitate handiagoaz gainera. Agur ereindako oinarrizko eskubideen eta justizia sozialaren aldeko hainbeste borrokei. Eta elkartasuna eta enpatia? Ukazio fasetik ateratzean, beharbada, lortuko dugu. Itxaropen izpia beti.

      Gatozen liburura, bigarren antzezlana antzeztu gabea da: Lau metrora. Lehenbiziko aldiz aurretik publikoarekin kontrastatu gabeko antzerki lan bat egin duzu publiko. Zer bibrazio orain arte?

      Orain arte erantzun polita jaso dut eta, gainera, teatro mundutik kanpoko jendearena. Lehen aipatu ditugun zalantzak azaleratzeko arriskua ere badago, intseguritateak. Dena den, oraindik entzuteko asko falta izatea espero dut. Irakurri duenaren berrinterpretazioak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Duela gutxi, Octavia E. Butlerren gaztelerara itzulitako ipuin bilduma irakurtzen, epilogoetan bere benetako motibazioak aipatzen zituen. Ze ariketa interesgarria! Zuk irakurritakoarekin egin duzu pelikula bat eta idazleak sentitzen zuena, edo kontatu nahi zuena, oso diferentea izan daiteke. Generoa mantentzen da, atmosfera eta giroa errespetatzen dira, baina zentzua, norabidea, mamia edo zaporea irakurle bakoitzak jartzen dio.

      Obra honek badakar, hain zuzen ere, liburu honetan nagusi den giro baten isla: Mozal legearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zela, tren batek oso zauri larriak eragin zizkion gazte bati. Benetan gertatutako kasu batez mintzo da, eta liburu osoak zentzu horretan badu aire politiko eta sozial bat… Bulkada horrekin sortu duzu, adibidez, testu hau? Zein izan da zure helburua?

      Testu hori, Lau metrora, benetako gertaera batean du oinarri. Edo hobe esanda, gertaera horren ondorioz irakurritako elkarrizketa batetik abiatutako lana da. Errealetik fikziora jauzia. Protagonistaren irmotasunak eta koherentziak harrapatu ninduen. Horren atzean istorio potoloa zegoela iruditu zitzaidan. Baina, hain justu, protagonista bera da antzezlanean hitz egiten ez duen bakarra, ingurukoek baizik. Dilema da planteatzen dena, edo zenbait dilema; erantzukizuna, errua, zalantzak eta mina, nola ez, mina. Mina konstantea da liburuan. Jasotzen den mina, eragiten dugun mina, isilarazten dugun mina, baimentzen dugun mina. Minez bizi gara, gehiegi.

      Zeri buruz mintzo da gehiago: gertakizun sozial batzuei buruz edo, funtsean, pertsonei buruz?

      Pertsonei buruz, bai, baina izaki politikoak bezala. Politikak ere, emozioak ditu, edo izan beharko lituzke. Politika, ustez, pertsonek egiten dute, egiten dugu. Politikak pertsonengan du eragina, pertsonen arteko harremana zentzu askotan politikoa da. Gure artean badira botere harremanak, interesak, indarkeria, kontrola, salaketak, lapurretak... Halako hiru adibide oso ezberdin biltzen dira liburuan, izaki politikoak batzuk, basati politikoak beste batzuk. Ziurrenik, gaizki egin edo gaizki ulertutako pertsonen arteko harreman politiken adibide dira. Halakoak baitira egunero pairatzen ditugunak eta inguratzen gaituztenak, politika maltzurren jende harremanak.

      Hirugarrena bai, Off the record antzeztua izan da hainbat alditan Morbus operandi tituluarekin, zerorrek zuzendua gainera. Ondo ezagutzen dituzu, beraz, lanaren tripak eta moduak. Kasu honetan, zer eman dizu testua argitaratzeak?

      Nahikotxo flipatu dut orriotan ikustean, jijiji. Banekien ebidentziez betetako testua zela. Apropos bilatutako ebidentzia, noski. Oka egindako hitzak, zentzu dramatikoa gordeta, nola ez. Baina paperean ikusteak harritu nau. Barre egin izan dut ere. Testua nik idatzitakoa bazen ere, gerora aktoreekin landutakoa da. Anek eta Aiorak gehitu zioten benetakotasuna, intentzioak, mugimendua, izaera, erritmoa, arnasa eta zenbait hitz. Zorionez, orain paperean ikusita, indarrik galtzen ez duela iruditu zait. Beharbada dimentsioa biderkatzen da, kontuz, disparatu, pum!

      Funtsean… oholtzaz oholtza ere bazabiltzaten heinean... zertarako publikatu antzerki liburu bat?

      Nola ez bada, horren azal polita izanik apala dotoretzeko, eta liburutegiak kolapsatzeko, eta egoa elikatzeko, jajajaja! Gauza ezberdinak direlako, oholtzakoa eta liburua. Biak beharrezkoak. Antzezlan guztiek beharko lukete liburuan egon? Ez dakit ba. Publikatzea itzela da, biharko ere, hor geratuko delako, nonbait, eta hori, besterik ez bada ere, gauza ederra izan badelako. Gaur irakurtzeko idatzia da jakina. Hiru testuek elkarrekin gaur bizi dugun horren gaineko hainbeste zalantza zabaltzea espero. Eta argitaratzeaz, eta elkarrizketaren abiapuntura etorrita, elkarrizketa zirkularra izateko, hiru geltoki lurrenetako trenbidea zirkularra den bezala, esango nuke antzerkia ere literatur generoa badelako. Dena den, beharbada ez dut halakorik gehiegi planteatzen. Antzerkian gabiltzan askori, edo gehienoi, mila zereginetan aritzea tokatzen zaigu. Zerrenda horri gehitu beharko genioke garraiolaria, jostuna eta abar. Baina beti bidaiariak, geltoki lurrunetara, urrunetara ala hurbiletara goazen “lariak”.