Sambou Diaby zumaiarra da Miñan antzezlanaren protagonista, bera da Ibrahima Balde gorpuzten duen aktorea. Joan den ostiralean aurrestreinatu zuen lan berria Artedramak Luhuson (Lapurdi), aste honetan Bilbon emango dute, eta azaroaren 1ean Azpeitian, 42. Euskal Antzerki Topaketak abiatzeko.
Garai gozoak bizi ditu Sambou Diaby (Iruñea, 1999) aktore zumaiarrak. Duela aste batzuk Euskal Aktoreen Batasunak banatzen dituen Besarkada sarietan errebelazio aktore onenaren aitortza jaso zuen, eta datozen egunotan Miñan antzezlanarekin ibiliko da herriz herri, antzokiz antzoki. Bitartean, tarte bat egin du Gukari elkarrizketa emateko.
Pasa den ostiralean aurkeztu zenuten Miñan antzezlana. Nola joan zen emanaldia?
Hasieran oso urduri nengoen, baina harrera oso ona izan zuen. Luhusoko aretoan 300 lagun sartzen dira, eta 260 bertaratu ziren. Urduritasun handia genuen hasieran, baina lehen hitza esan eta obra guztiak aurrera egin zuen, eta pozik nago, bai.
Protagonista zara antzezlanean. Zuretzako zer esan nahi du horrek?
Protagonista naiz, Ibrahima Balderen rola antzezten dut, eta egia esan, kristoren oparia izan da niretzako aukera hau izatea. Egunero gertatzen den istorio bat da, eta oholtza gainean kontatzea niretzako oso-oso garrantzitsua da.
Miñan liburuak oihartzun handia izan du. Horrek presio handiagoa sortu al dizue?
Liburua jende askok irakurri du, eskoletan ere bai, eta pentsatzen genuen ikusleek izango zutela aurreikuspuntu bat irakurritakoarekin. Obran ez dugu liburu osoa kontatzen, bestela oso luzea izango zen eta. Zati garrantzitsuenak, bai, kontatzen ditugu, sentipen eta emozio denak, eta erronka hori aurrera atera dugu.
Erraza izan al da liburuaren egokitzapena egitea antzerkirako?
Timberlake Wertenbakerrek egokitu du; Londresen bizi den antzerkigile britainiarra da, eta familia du Saran [Lapurdi]. Hasieran liburuaren egokitzapena ingelesez egiteko asmoa zuen, harekin antzezlan bat egiteko. Gero, Ander Lipus [Artedrama konpainiako burua eta Miñan antzezlaneko zuzendari eta antzezlea] ezagutu zuen, eta hark galdetu zion ea zergatik ez zen hemen egingo, euskaraz. Wertenbakerrek erantzun zion hemen aktorerik ez zegoelako zela. Orduan Lipus aktore bila hasi zen, eta aurkitutakoan erabaki zuten hemen egingo zela antzezlana, eta etorkizun batean, proiektua ateratzen bada, han, Londresen edo, egingo dutela.
Behin egokitzapena eginda, nolakoa izan da estreinaldira arteko prozesua?
Entseguak egonaldietan egin ditugu. Iazko ekainean hasi ginen, eta gero bi hilabetean behin-edo egin ditugu entseguak. Bost, zazpi edo hamar eguneko egonaldiak egin ditugu, eta azkena, Luhuson egin genuena, hemezortzi egunekoa izan zen. Testu asko zegoen, eta Ibrahimaren barruan sartze hori ez zait hain erraza egin. Nik ez dut halako bidaia bat bizi izan; hemen jaio naiz, eta pixka bat irudimenarekin jokatu behar izan dut, enpatiarekin, errespetuz. Erronka handia izan da, baina azkenean atera dugu.
Pobreziatik ihes egin nahian, Afrikatik Europara bidaia egiten duen pertsona baten rola jokatu duzu. Hori gorpuzteak izan al du eraginik zugan?
Tripak asko mugitu dizkit. Obra bukatzean sentipen arraro bat izaten dut. Bidaia osoan, oso gogorrak dira momentu jakin batzuk: adibidez, torturatzen dutenekoa, basamortuan galduta noraezean doanean erotzen denekoa edo anaia galdu dela esaten diotenekoa. Horrek asko mugitzen dizkit barrenak; izan ere, nik dena ematen dut, eta emozio aldetik oso gogorra da.
Pertsonaia lantzeko, egon al zara Balderekin?
Behin egon nintzen harekin, Madrilen. Gaia atera nion, suabe-suabe, baina ez da asko hitz egitekoa. Ez genuen izan aukerarik sakonki hitz egiteko, baina bai Ametsekin [Arzallus]. Hark ezagutu du, denbora asko pasatu du Ibrahimarekin, eta harekin egon naiz harremanetan. Berak aholkatu dit zer bide jarraitu. Izan ere, Ametsek parte hartu du prozesuan, Wertenbakerrekin batera. Zati batzuk zuzentzen joan da; gauza batzuk jarri eta besteak kendu ditu. Pixkanaka joan dira testua egiten.
Artedramaren produkzioa da. Konpainia horrek antzezlan berritzaileak eta nahiko abangoardiakoak egin izan ditu. Bide bera jarraitzen al du Miñan-ek ere?
Egia esan, ez. Lipusen azken lanak etorkinen ingurukoak izan dira, eta hau hirugarrena izango litzateke, trilogia bat sortuz. Pandemian hasi zen Lipus liburua irakurtzen, zerbait piztu zitzaion barrenean, eta harekin antzezlan bat egitea otu zitzaion. Sinpletasuna landu dugu, ez ditugu gauza asko behar obra egiteko, eszenografia bat bai, baina beti sinpletasunetik abiatuta eta liburuari fidela izanda.
Luhuson aurkeztu ondoren, antzokietako bideari ekingo diozue. Horien artean Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango zarete. Plaza garrantzitsua da hori.
Luhusoka aurrestreinaldia izan da. Bilbon dugu estreinaldia bihar eta etzi, Arriaga antzokian, eta gero Azpeitian izango gara, urriaren 31n [ikasleentzat] eta azaroaren 1ean.
Azaroaren 8an, berriz, Zumaian aurkeztuko duzue lana.
Agian urdurien jartzen nauen data da hori. Lagunak, kuadrillakoak... ezagun asko joango dira, baina gogo handiz nago. Itsasontziak bidaia hasi du, eta aurrera egingo dugu.
Ba al dakizu bidaia horrek non amaituko duen?
Ez dakit. Dagoeneko 90 bat emanaldi lotu ditugu, eta gero agian Espainiako Estatutik kanpo erakutsiko dugu lana. Hori oraindik ikusteke dago.
Lehen opari hitza aipatu duzu. Orain gutxi beste opari bat jaso zenuen, Euskal Aktoreen Batasunak emandako errebelazio aktore onenaren saria. Espero al zenuen?
Batere ez, inondik inora. Luhuson nengoen entseatzen, eta esan zidaten Bilbora joateko, Miñan aurkeztera. Esan zidaten guapo jartzeko galarako, eta han joan nintzen. Bat-batean nire izena esan zuten, eta gurasoak eta arreba atera ziren oholtzara. Oso polita izan zen. Itsaso telesailean egindako lanagatik eman didate saria. Nahiko paper garrantzitsua izan nuen, eta polita izan da bidaia.
Bidaia aipatu duzu. Non ikusten duzu zure burua bidaia horretan etorkizunean?
Ez dakit ba... Datorren urtean bi film estreinatu behar ditut. Miñan antzezten han-hemenka ibili eta gero, beste film bat grabatu behar dut, eta hortik aurrera, etorriko dira proiektu gehiago. Mundu horretan ikusten dut nire burua; oso seguru daukat hori.