Antzoki Zaharra (Donostia). Idazlea: Alan Ayckbourn. Itzulpena: Martin Agirre. Aktoreak: Ane Gabarain, Aitziber Garmendia, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino. Zuzendaria: Begoņa Bilbao Lejarzegi.
Ginny eta Greg bikote gazte bat dira, maiteminduta daude eta ezkontzeko asmoa dute. Baina hori egin aurretik Ginnyk lehenagoko amorante batekikoak egin behar ditu. Maitale hau, Philip, Ginny baino hogei bat urte zaharragoa da eta Sheila emaztearekin bizi da landetxe batean. Neska gazteak Philipen etxera joan nahi du harremana behin betikoz moztera, asteburuan Sheila kanpoan dagoelakoan. Eta afera sekretupean mantentzeko, mutil lagunari gurasoen etxera joango dela esan dio. Baina gauzak ez dira nahi bezala aterako: Philipen etxera heltzean Sheila bertan dagoela ikusiko du Ginnyk eta, txarragoa dena, baita mutila ere, ezkontzeko baimena ustezko aitari eskatzera bertaratu delako.
Kartak hain era korapilatsuan banatzeaz aparte, idazleak eszena bakoitza pertsonaien arteko gaizki ulertu barregarriez hornitzea lortzen du. Izan ere, egoera nahasi horretan, elkarrizketetan “bera” aipaturik hizlariak eta entzuleak pertsona desberdinetan pentsatzen badute, momentu zelebreak sortzen dira sortu.
Aitortu beharra dut endredozko komedia ez dela nire genero kutuna, baina onartu behar da halaber antzinatetik funtzionatu duela publikoaren aurrean. Kasu honetan testuak behar bezala eusten dio endredoaren tentsioari, nahiz eta, nire ustez, pertsonaiek lanketa handiagoa eskatzen duten. Gutxi dakigu bakoitzaren obsesio, aje edo ahuldadeei buruz, eta uste dut zertzelada horiekin are barregarriagoak suertatuko liratekeela egoera komikoetan.
Edozelan ere, Txalo konpainiaren muntaia hau, ohi den bezala, txukuna da. Komedian oso ondo moldatzen diren lau aktore dira eta obra hau horren erakusgarri da. Laurok ederki aritzen badira ere, Ane Gabarainen lana nabarmenduko nuke.
Oro har, uda sasoia arriskutsua da antzerkia ikusteko, antzokien eskaintza, festa giroak eta beroaldiak arintasuna eskatzen dutelakoan, eskasa izaten delako. Antzezlan hau ordea, arina izan arren duina ere bada, eta korapiloen komediak gustuko dituenentzat, aski entretenigarria, nire ustez.