Ni naiz naizena
Iñigo Basaguren-Duarte
Argia, 2022-11-27
“Souvenir”

Nork: Horman Poster. Noiz: azaroaren 10ean. Non: Arriaga antzokia (Bilbo).

      “Zein litzateke giza ondarearen souvenir-a?”. Izarrei begira egiteko galdera horietako bat da eta hori bera planteatu du Horman Poster kolektibo artistikoak euren azken antzezlanean. Galdera handia eta erantzuteko zaila, oso, bakoitzak bere erantzuna duela kontuan hartuta. Erantzuna emateko, Horman Posterrekoek, Antigone euren aurreko lanean ez bezala, erregistroa aldatu eta umoretik heldu diote gai honi.

      Hiru protagonista ditugu (Matxalen de Pedro, Xanti Agirrezabala eta Maite Aizpurua) Euskal Herriko Bardeetako basamortuan, simulazio zientifikoen laborategia eta parke tematikoaren arteko kanpamentu batean. Astronautek egin bezala, eurek ere espazioko bizimodua erreproduzitu beharko dute hainbat egunez, beraien egunerokotasuna bideokamera batekin grabatuz eta, bukatzeko, hasieran planteatutako galderari erantzun beharko diote. Espazioko bizitzaren analogia horri esker bakoitzak bere beldur eta ametsei egingo die aurre, espazioaren huts infinitura erantzun bat bidaliko dute.

      Etorkizuna inoiz baino ilunagoa den honetan hainbat kontu interesgarri jartzen ditu mahai gainean obra honek. Etorkizunak, existitzen ez den eta inoiz existituko ez den gauza abstraktu horrek, beldurra, ezinegona eta antsietatea sortzen die antzezlaneko hiru protagonistei, hiru astronauta analogoei. Bakoitzak, noski, modu desberdinean egingo dio aurre gai transzendental honi. Bada etorkizunarekiko itxaropentsu dagoena, “Etorkizuna ala basakeria!” oihukatu eta gizateriari aurrerapauso bat eskatuko diona. Bada zulo existentzialistan murgilduta dagoena, baita orainaldi beldurgarri honetatik ihes egin nahi duena ere. Hiru jarrera horiek talka egingo dute kanpamentu analogoan, izarren hautsa dakarren meteoritoaren inguruan.

      Pixkanaka-pixkanaka, baina, protagonista bakoitzaren motibazio pertsonalak agerian geratuko dira; kolektibotik gutxi eta norbanakotik asko dutenak. Azkenean hori baikara: “Bat gehiago denen artean, nahiz eta pixka bat berezia nahi izan”, Delirium Tremens-ek abestu bezala. Gizateriaren salbazioa beharko lukeena erdipurdiko turismo iraultzaile bilakatuko da, garenaren eta izan nahi dugunaren analogia batean.

      Ahots asko altxatu dira azkenaldian etorkizun apokaliptikotik haratago ikustearen beharra aldarrikatzeko. Gizateriak biziraun nahi badu, etorkizuna izan nahi badu, honekiko errelato positiboak, utopiak eta mezu itxaropentsuak zabaltzen hasi beharko du, distopietatik, nostalgia erreakzionariotik eta ezkortasunetik aldenduz. Beste mundu batekiko fedeak mugiaraziko du gizateria, beste planeta batean zer lagin utzi nahiko genukeen baino, gurean nola bizi nahiko genukeen galdetzen hasi beharko genioke gure buruari, eta horretan fikzioa oso lagungarri izan daiteke.