Joan den larunbatean estreinatutako antzezlana, eguna bera, ez zen erakusleiho bat izan, ez zen ikusleok kontsumitu genuen zerbait izan. Guztiona egin genuen zerbait baizik. Bertan ikus zitezkeen edertasun berri baten zantzuak. Antzezlan baten ostean, txaloez gain, borrokarako deia oihu artean luzatzea ez baita maiz ikusi dudan zerbait.
Eguzki izpi artean elkartu ginen joan den larunbatean Azpeitiko plazan. Musikaz eta bertsoz jantzi zen harri artekoa, murala amaitzen ari ziren bitartean. Diziplina ezberdinak gerturatu zitzaizkigun atzokoan, lurreratu ziren plazara. Zerbait isolatua ez direla esanez, “ekintza oro manifestu” dela ohartaraziz. Hitzartuz bada, “nola pasako gara kontatzetik egitera?”.
Plazan bertan itxaron genuen, hortik tarte batera abiatuko ginela Agirretarren bandera antzezlanaren lehen emanaldira. Txaranga baten soinuarekin eta Agirretarren sarrerarekin antzezlana ireki, eta itxi genuen plaza. Manifestazio baten antzera, jarraitu genuen familia, borrokaren isla izan zen aitaren, aitonaren, omenaldira.
Familia bat. Etxe bat. Oinordekotza bat. Mantel bat. Bandera bat. Egun bizi dugun errealitate soziala dakarkigu burura obra honek. Nolatan aitonaren heriotzak suspertzen dituen familia batean harilkatutako erraiak. Biloba bakoitza, belaunaldi bat, egun azaleratutako belaunaldi hausturari begira. Soldatapeko lana guztiz legitimatzen duen neba, haien bizitza baino gehiago balio duen zorraren aurrean. Itsutzea sabeleraino irensten duen baina errealitate gordina adierazten dakien nerabea, derrotismoan murgilduta bada ere.
Eta inolako baliabideren faltan, beste zerbait posible denaren alde egiten duena. Eskuak bildu nahi ez dituena. Amarekin solasean argiki dioena: galtzailearen duintasunak ez duela ezertarako balio. Bi belaunaldiren arteko haustura, ziklo berri baten irekiera. Langabezia beti egon dela esaten dio amak –eta nori ez dio noizbait gertuko batek antzekorik esan–, haiek borroka egin zutela, baina, beste garaiak zirela. Berdina bere ahizparekin; “zu zaren bezalakoa zara aita gehiago ezagutu zenuelako; nik ezin izan nuen”. Horrelakoak entzutea ere, ez da berria dagoeneko. Gaztearen erantzuna amari: “Etsipenak ez du indarrik ematen”.
Familia bat. Etxe bat. Oinordekotza bat. Mantel bat. Eta bandera bakarra. Ez baita familia baten istorioa, ez etxe bakar batena. Egun gutako edonori gerta dakiokeenaren errelatoa da, porrot ideologiko eta politikoaren istorioa. Noizbait borrokan ibili zen horri egin beharreko omenaldia ez baita lau pareten artean kabitzen den ekimen bat, borrokan jarraitze bera baizik. Gutako edonork has dezakeen bidearen istorioa, “etxe guztietako mantelak bandera izan arte”; bandera gorri izan arte.
Eduki asko, hitz gutxitan jasotzeko. Hitz gutxi, esan, egin nahi duguna esateko. Atzoko bertso batean bota zen: “Bertsolaritza kabitzen da gure ideien neurrian?”. Ez dakit antzezlanari berari galdegin beharko geniokeen, arteari, akaso. Izan ere, antzezlana kalean hasi zenez, kalean jarraituko zuela uste nuen. Ez dakit gogoa izan zen edo mezuaren beraren eragina, baina mezua hedatzearen alde irten nintzen, bada, ez zen horren jarraipena kalean gauzatuko? Ez zen bada, dena lau pareten arte-an kabituko?
Litekeena da ederra ez dela gizarteak edertzat egun jotzen duena. Artea ez da fikzio hutsa, bakar batzuek egin eta ulertzen dutena, gizartetik banandu daitekeena eta soilik denbora eta dirua daukaten batzuek noizean behin kontsumi dezaketena. Artea iraultzaren lanabesa da. Errealitatea adierazi eta iraultzeko moduaz diharduena, horretarako pausoak dakartzana. Guztion mesedetara egon eta iraultzari ekarpena egin diezaioken espresio artistikoa.
Joan den larunbatean estreinatutako antzezlana, eguna bera, ez zen erakusleiho bat izan, ez zen ikusleok kontsumitu genuen zerbait izan. Guztiona egin genuen zerbait baizik. Bertan ikus zitezkeen edertasun berri baten zantzuak. Antzezlan baten ostean, txaloez gain, borrokarako deia oihu artean luzatzea ez baita maiz ikusi dudan zerbait. Baina bai hurrengoan entzun nahiko nukeena, arte sozialista, beste esparruen antzera, antolatzen jarraituz gero.
Tira, behintzat iraultzaren mesedetara dagoen artearen funtzio politikoa agerian geratu zela esango nuke. Mezua eskuan irten ginen, zinez litekeenetik gertuago gaudelarik. Arte sozialista izan daitekeenaren izpiak ikusi ahal izan genituen; zer eta nola egin behar denaren trailer-a izan zen.
Balio dezatela hitz hauek urtebetean izandako ardura eta egindako lana omentzeko, baina, batez ere, adierazitako konpromisoa aitortu eta egindako ekarpena eskertzeko. Jarrai dezagun arte sozialista antolatzen!