Asteartean estreinatu zuten Herriye antzezlana, 40. Euskal Antzerki Topaketei hasiera emanez, eta guztira, lau emanaldi izan dira aste honetan. Obra hori ikusi ostean osatutako kronika da honako hau.
Sanagustin aurrean ilara. Hainbeste espektatiba sortu duen Herriye ikusteko zer-nolako zirrara. "Zer izango ote da? Zer jende agertuko da?". Bazen han kontua eta abarra. Azkenean, zabaldu zuten atea, eta goazen denok festara.
Egin ziguten ongietorria, eta egin ziguten mahaian tokia. Eskatu genituen garagardoa eta patata zorroa. Begiak zabal, belarriak erne; kontrolatu nahian areto osoa. A zer zoramen gozoa.
Ikusle guztiak beren lekuan kokatzean, hasi ziren musika, kantua nahiz Udal Musika Banda. Halaxe erditu zen antzezlana. Laster agertu ziren dantzariak, erraldoiak eta danborradako jantziak. Ti-ta batean sortu zen han sekulako saltsa. Berehala ziren aktoreak oholtzan, aurkeztuz banan bana. Begien aurrean genituen plazan topatuko genituzkeen hainbat pertsonaia.
Bizi guztirako udal lanpostu baterako zozketa. Horixe zen antzezlanaren ardatza, horixe herritarrak emanaldira bertaratzeko deialdiaren muina. Baina hari mutur horrek atzetik ekarri zuen bestelako hainbat konturen soka. Mahai gainean jarri zituzten pil-pilean diren hainbat gauza.
Eta zer da, bada, herria? Zer azpeitiar izatea? Badira herritar orori burura etorriko zaizkion hainbat kontu, sarritan aho txikian gorde ohi direnak. Baina besteren ahotik entzutean zer-nolako grazia. Bazen han algara eta barrea. Zer gauza ederra den geure buruaz barre egitea.
Eta gauza bat argi dago: azkoitiar izatea behintzat ez da azpeitiar izatea.
Historia arakatzen hasita, Azpeitiko armarria izan daiteke azpeitiarron irudia. Otsoz inguratutako lapikoa, alegia. Antzezlanean ere, osagai asko eta denak batean, bor-borka ziren eltzean: jolasa, parodia, umore zirikatzailea eta ikuskizunaren esentzia.
Emanaldiak eman zuen zeresana, eragin zuen zer pentsatua. Baina ezin da gehiegi kontatu. Ikusi ez duenak ez baitaki zer den hau.
Kontu bat, hala ere, ez dago ukatzerik: herriak sekulako boterea duela.
Bost oinarrizko aktore, eta beste hainbat herritar antzezle xume. Guztira, 50 lagunetik gora oholtzan; diziplina ezberdinak taularen gainean. Adin ezberdinetako jendea. Parte hartze ikaragarria. Urtebeteko lana, herritar askoren ekarpena. Horixe da herri produkzioa, horixe da lan kolektiboa.
Eta izen batzuk lan horren guztiaren atzean: Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola zuzendaritzan, Alaitz Olaizola gidoigintzan, Jose Luis Otamendiren laguntza testuetan, Ilazki Lili eta Malen Amenabar jantzigintzan eta Lierni Varela koreografietan.
Kolektiboa izan da planteamendua, eta erantzuna ere parekoa. Lau emanaldi, 600 bat ikusle, eta beste hainbeste, agian, sarrerarik gabe.
Aurrez egindako moskeo kanpainak sekulako moskeoa eragin zuen herrian. Sare sozialetako txisteek nahiz kalean ikus zitezkeen kartelek altu jarri zituzten espektatibak. Orain herriak esan beharko du espektatiba horiek bete diren edo ez. Herriye, herriak, herriari buruz eta herriarentzat sortua izanik, herriak baitu azken hitza.
Gauza bat esan behar da, ordea: Euskal Antzerki Topaketetako Txalo sariak aspaldi banatu ez dituzten arren, herri honek txalo zaparrada ikaragarria merezi duela.