Gai minbera
Jaime Valverde
Gara, 2017-04-28
“Errefusa”

Atxulondo Kulur Etxea (Zizurkil). Dramaturgia, aktore lana eta zuzendaritza: Joserra Fachado. Saxofonista: Txino.

      Antzerkiari eskatu ohi zaion zerbait da gai minberetan piko ematea. Horixe da Xepeta Produkzioaken lan honek egiten duena: azken urteotan Gipuzkoan eman den polemikarik handienetakoa hizpide hartu eta luzez enkistaturik egoteko itxura duen gatazka hori taulara eraman. Hondakinen gaiak herrialdearen politika eta botere oreka zeharo baldintzatu ditu azken agintaldietan, eta herri honetan hain usua den moduan, ika-mika politiko horiek erabateko eragina izan dute jendearen harreman pertsonaletan.

      “Errefusa” lanak hartzen duen denbora historikoa atez atekoa ezarrita zegoen garaitik gaur egunera doa gutxi-gorabehera. Konfliktoaren parte diren zenbait pertsonaia irudikatzen ditu, baina nukleo dramatikoa alaba-aita harreman batean zentratuta: lehenengoa, herri bateko Bilduren alkatea eta, ondorioz, atez atekoaren defendatzailea; bigarrena berriz, sistema horren aurreko jarrera kritikoa daukana.

      Taularatzea baliabide urrikoa dugu, batez ere antzezleen aldetik, Joserra Fachadok bere gain hartzen baitu pertsonaia gehienak jokatzeko ardura. Planteamendu horrek obraren ikusgarritasunean eragina badu ere, Fachadok ausarki ekiten dio erronkari, testu duin batean bermaturik. Zuzeneko musika kolorea ematen dio lanari eta kontaketaren erritmoa markatzen. Eszenaz eszena, hondakinen gatazkak jendearen bizimoduan duen oihartzunaz gogoeta eginarazten digu antzezpenak. Gaiari dagozkion argudio eta jarrera kontrajarriak aletzen dira, ikuslea interpelatuz eta antzokiari beharrezkoa duen dimentsio bat emanez, eztabaida-gunearena alegia.