antzezpen kritikak
< Shakespeare delako bat | Manuela >
Praka motzak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1996-05-23
“El florido pensil”

Taldea: Tanttaka Teatroa. Egilea: Andres Sopeņa Montalve. Itzulpena: Eneko Olasagasti. Antzezleak: Enrique Diaz de Rada, Zorion Egileor, Mikel Garmendia, Paco Sagarzazu eta Jose Ramon Soroiz. Zuzendariak: Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo. Lekua: Barakaldo Antzokia. Eguna: Maiatzak 18a.

      Egungo haurrek ez daramate jadanik paraka motzik. Erdi ahaztuta dugu jantzi hau eta dagoeneko kiroletan bakarrik erabiltzen da. Baina ikasgelako arbelean idatzita dagoen datak “1957. urtea” dio eta, beraz, El florido pensil-eko haurrak praka motzetan dabiltza beti, kritika honen egilea hamabost urte bete arte ibili zen legez. Arbela gainean, noski, Franco eta Jose Antonioren erretratuek gelaren dekorazioa menperatzen dute gurutzearekin batera, Trinidade Santua izango balira.

      El florido pensil irakurri ate ez nekien pensil hitzak ortu loratua esan nahi zuela eta, ondorioz, florido pensil elkarketa absurdoa zela egundoko kurtsikeria izateaz gain, baina horrelakoa zen hain justu hamarkada haietako heziketa sistema: itxurakeria eta absurdozko bilduma amaitezina alegia, justifikaezina justifikatzeko sortua, hau da, garaipen frankista alde batetik eta Espainiaren handitasuna bestetik, pertsonen zein herrien zapalkuntzan oinarritua. Andres Sopeņaren liburua irakurtzean, ez dakigu zerekin barre egin gehiago, garai hartako eskola-testu handimandiekin ala egilearen komentario satirikoekin. Eta honetan datza Tanttaka taldearen jenialtasuna, testu argitsu hau aukeratu dutelako eta aldi berean abileziaz eta graziaz eszenaratzen jakin izan dutelako.

      Dramaturgia eta moldatze lanak funtsezkoak izan dira dudarik gabe hain muntaia biribil eta atsegingarria lortzeko. Jatorrizko testua arretaz pasatu da galbahetik, pasarterik esanguratsuenak aukeratuz eta liburuan jorratutako hainbat gai gorpuztuz, hala nola komikietako zein zinemako heroiak, matematikak, ortografia eta inperio espainiarraren historia gloriosoa, erlijioa eta ideario falangistaz lagunduta, jakina. Baina moldatze lanaren beste alde batzuk ere nabarmendu behar dira, zeren antzerkirako bertsioari liburuan ez zeuden beste elementu batzuk gehitu zaizkio, sexualitatea kasu, edota garai hartako irrati programak adibidez, Inspektore Jaunaren bisita tamalgarria ez aipatzearren. Eta beharbada, moldatzerik mamitsuena Euskal Herriko edozein herrixkatan kokatzearena izan da, horrela lortzen baita gure historia hurbila ulertzeko beharrezkoak diren zenbait alde isladatzea, esaterako, euskaraz hitz egiteko debekua, edo beste plano batean, etorkinen seme-alaben eta haur euskaldunen arteko harremanak. Bestaldetik, euskarazko bertsioak gazteleraz mantentzen ditu eskola-testuak eta irakasleekiko trataera, garai hartan nahitaezkoa zen bezala.

      Hala eta guztiz ere, muntaiaren elementurik nabariena antzezleen lan bikaina da, baita talde moduan euren artean dagoen kohesioa ere. Antzerki zein telebistako bost aurpegi ezagun ikusten ditugu bost mutiko protagonisten rolak interpretatzen, gainontzeko beste pertsonaia guztiak (apaiza, maisu-maistrak, senideak, etab.) beraien esku izanik gainera. Pertsonaia nagusia ala sekundarioa izan, den-denak daude ederki karakterizatuta, eta nahiz eta umea izatetik heldua izatera behin eta berriro salto egin, erraztasun osoz egiten dira salto hauek eta ia ez dira oinarritzen kanpo karakterizazioan, baizik eta barne ariketa baten fruitu dira, pertsonaia bakoitzari zerbait berezia emateko. Gainera, hurren nortasuna, antzezten hain zaila izaten dena, naturaltasunez interpretatzen da, gehiegikeriarik gabe; denok dakigu bost heldu ditugula aurrean, baina, zergatik jakin barik ere, bost haur ikusten ditugu denok.

      Antzezlanak, beraz, ederto funtzionatzen du eta lehen momentutik konektatzen du publikoarekin. Ikusleak eremu ezagunean sentitzen dira, nor bere bizipenen eremuan, eta lanaren edukinak barre algarak pizten ditu, baina barre adimentsua da, gogoeta kritikoaren ondorioa. El florido pensil-ek sortutako barre algarekin heziketa erridikulo eta beldurgarri hartatik askatzen gara, erridikuloa bezain beldurgarria izan zen sistema politiko haren heziketatik.