Arriaga Antzokia, 2016-04-08. Ekoizlea: Arriaga Antzokia. Testua: William Shakespeare. Zuzendaria: Pablo Viar.
Ekoizpen handi eta ikusgarria burutu du Arriaga Antzokiak. Bertoko 21 aktorez osaturiko talde bikain bat erabilita eta eszenaratze distiratsu bat osatuz, uda gau honek egundoko ikuskizuna eskaintzen die zentzumenei. Pablo Viar zuzendariak testu klasikoaren alde fantastiko eta solemnea nabarmendu du. Aktoreen ahotsari bolumen eta oihartzuna ematen dion soinu sistemari esker, harrapatuta geratzen gara lehendabiziko momentutik ikuskizunaren handitasunaz. Uste dut Viarrek guztiz asmatu duela antzokia magia eta misterioz betetzen eta publikoa ametsaren munduan barnerarazten, agerian utzita maisuki kudea ditzakeela alde estetiko eta teknikoa.
Ordea, antzerkia ez da horretan agortzen (zorionez!), eta esandakoaren azpian dagoen sinbologia, egia esan, kezkagarri suertatu zait; konkretuki, genero eta hizkuntzaren trataera. Lehenengoari dagokionez, bereziki desegokia iruditu zait Viarrek obra hasi eta amaitzeko paratu duen irudia, testuak berez duen kutsu sexista nabarmentzen duena. Bertan, Teseo erregea tronuan eserita dago, handikiro; erregina aldiz, haren oinetan etzanda, jarrera eta janzkera biziki sentsual batekin. Estereotipo horretan nabaritzen den mendekotasun sinbolikoa deigarriagoa da erregina ez delako edonor, baizik eta Hipolita handia, amazonen burua eta gerlari aparta.
Hizkuntzari dagokionez, ingelesa, gaztelania eta euskara baliatu dira, hurrenez hurren, errege-erreginak, gizaki arruntak eta izaki magikoekin lotuz. Euskaldun bezala, aukeran nahiago izaki magikoekin identifikatu besteekin baino. Tamalez, testuaren pisu gehiena gizakiengan egonik, euskara baztertu samar geratu da obran, enegarrenez. Diru publikoaz eginiko lan txundigarri hau, beraz, eleanitza baino, diglosikoa suertatu zait. Atera dezakegun ondorio positiboa da euskarak jada ez duela soilik balio animalia eta umeekin aritzeko, baizik eta baita izaki magikoekin ere.