antzezpen kritikak
< Merezi zuen | Lur planetan astronauta >
Gerlariak
Jaime Valverde
Gara, 2016-02-21
“Ladydi”

Donostiako Antzoki Zaharra, 2016-02-21. Zuzendaritza: Garbi Losada. Aktoreak: Dorleta Urretabizkaia, Klara Badiola, Aitziber Garmendia, Amaia Irazabal eta Iņake Irastortza.

      Antzerki burgesari egin ohi zaion kritika bat da gizatalde mugatu bati buruz besterik ez duela hitz egiten. Antzokietara doan publikoak pertsonaien bizipenekin identifikatzea bilatzen denez, teatroak jorratzen dituen istorioak Mendebaldeko erdi-mailako klasearen kezkak jarri ohi ditu mahaigainean. Zorionez, noizean behin autoreek munduan diren bestelako bizipenei so egiten diete. Hain zuzen ere, Ados Teatroaren azken obrak Mexikoko herri batera garamatza istorio gogor, gizatiar eta tragiko bat kontatzeko.

      Antzezlana Jennifer Clement estatubatuarrak idatzitako eleberri baten egokitzapena da. Ladydi izeneko neska baten ahotsaz, Guerrero estatuan kokaturiko herrixka baten bizimodu latzaren berri ematen zaigu. Narkoen boterea bertan izugarria denez, herriko neskak ezkutatzen dituzte familiek, gauez trafikanteek bahitu ez ditzaten. Herrian emakumezkoak baino ez dira geratzen, gizon guztiak AEBra emigratu edo hilik baitaude.

      Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak egindako egokitzapenak protagonista kartzelarazten duten unean kokatzen du istorioaren hasiera. Hortik aurrera, denboran atzera-aurrera eginez ezagutuko ditugu gertatutakoak. Eszenografia osatzen duten hiru panel handi mugitu egiten dira kartzelako gela desberdinak aurkezteko, eta bereziki ederrak suertatzen dira Ladydiren herrixka irudikatzen duten proiekzio xumeak, hala nola bukaerako animazioa. Gertakari latzen berri ematen baditu ere, samurtasunez eta umorez beteta dago obra. Izan ere, egoera jasangaitzen aurrean etsitzen ez duten emakumeak erakusten zaizkigu, okerbidean elkarri elkartasuna eskaintzen dioten emakume heroi-anonimoak.