Konpainia: Beheko Larraine. Egilea: Gaizka Sarasola Iarzabal. Zuzendaria eta aktorea: Miren Tirapu Goikoetxea. Argiak: Andoni Mendizabal Andonaegi. Txalaparta: Arkaitz Lasarte Olano, Ander Zabaleta Barberena. Lekua: Irurtzungo kultur-etxea. Eguna: Abenduak 14.
Abenduko hotza zegoen Irurtzungo kultur etxearen kanpoaldean, baina Beheko Larraine konpainiaren azken sorkuntza ikusteko prest geundenok elkarren berotasuna sentitu dugu, euskarazko estreinaldi batera zenbat jende zetorren ikusita. Gainera, sorpresa polita izan dugu hango baselizako atea zabaldu eta arduradun adeitsuak barrura sartzeko gonbita egin digunean. Izan ere, antzokia da egun baseliza, eta ikusle gogotsuek azken lerroraino bete dituzte aulkiak.
Eta leku ezin egokiagoa suertatu da baseliza, gaualdiko protagonistak bertan nahi duelako bere hileta egin. Kaletik etorri da bera ere, gu guztiok barruan geundela. Atea indartsu jo eta eztulka sartu da barrura bere itxura guztiz xelebrearekin eta esanez gauza jakina dela denok hilko garela. Noiz eta nola ez, ordea.
Gaizka Sarasola lesakarra da antzezlanaren oinarrian dagoen testuaren egilea, eta uste dut ez dagoela soberan gogoratzea Edo! argitaletxean atera zuen Erleak, satorrak, beleak liburua (2016). Zilegi bekit liburu hartaz Alex Gurrutxagak BERRIAn idatzitako kritikaren esaldi bat hona ekartzea, harekin ezin hobeto definitzen baitira bai liburuko hiru antzezlanen estiloa bai gaur estreinatu denaren izaera, absurdoaren eremutik hurbil egon daitekeena, baina hala ere, Ionesco eta enparauen mundutik urrun dabilena. Horra hor: “Absurdoaren teatroaren ezaugarri asko dauzka: akzio gutxi, tempo pausatua, ironia, errepikapenak, […] hitz jokoak, esaldi kontraesanezkoak, zentzu biko adierazpenak, metateatroa —bizitza espektakulu bihurtua—, estatikotasuna… eta Sarasolaren kasuan azpimarratzekoa, hizkera poetikoa.”
Beraz, ohiko parametroetan definitu ezinean gaude, eta nik behintzat “absurdo garaikidetzat” hartuko nuke proposamen berri hau, beraren hileta prestatzen dagoen protagonistak gaurko mundua ekartzen digulako gogora: emakumea da, zahar itxura dauka, bazterrekoa da, etxegabea ziurrenik, txikitatik egin du lan —esnea saltzen bere gurditxoarekin—, eta beldur apur bat ere ematen digu bere bat-bateko aldarteak direla medio. Zer dira, bestela, une batetik bestera aldatzen diren ahots eta jarrera horiek? Pertsonaia desberdin batzuk bizi ote dira bere baitan, edo barne-ahotsak entzuten ditu eta guri helarazi? Absurdoa baino gehiago artegagarria egiten zaigu bere pertsonaia, eta hasiera batean barre-algaraka hartu dugun arren, gero eta serioagoa egin zaigu bere presentzia, gero eta kezkagarriagoa, geure isla ere izan litekeen neurrian.
Aipa ditzagun azkenik emanaldiaren euskarri fisiko izan diren elementuak, funtsean bi baino ez direnak: egurrezko kaxa eta alboko faroltxoa. Haiekin, argiekin, amaiera aldiko txalapartarekin eta antzezlearen presentziarekin eratu da —antzerki txiroaren bidean— absurdo garaikidearen aldarria izan daitekeen manifestu hau.