Konpainia: Zurriola Antzerki Eskola. Testua: Eugene Ionesco. Euskarazko bertsioa: Jon Muñoz. Zuzendaritza: Joserra Fachado. Antzezleak: Nerea Arriola, Ander Edo, Amaia Elizalde, Iban Aizpurua, Aitor Andonegi, Izaskun Labat. Argiak: Javi Beristain. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Otsailak 24.
Hau da marka hau! Kontua da Zurriola Antzerki Eskolak Emakume abeslari burusoila taularatu digula era zoragarri batean. Hasteko, Jon Muñozen moldaketa primerakoa delako, eta jarraitzeko, Ionescoren lanerako Fachadok aukeratu duen espresio-moldeagatik.
Testuaren funtsa ezaguna dugu: asko hitz eginda ere, esaldi perfektuak erabilita ere, ez diogu elkarri ia ezer ere esaten. Bestela esanda: gure arteko komunikazioak porrot egin ohi du, absurdoa izateraino. Hori adierazteko, Ionescok, Asimil metodoaren estiloa imitatuz, sei pertsonaia kokatu zituen testuinguru britainiar guztiz formal batean, non bertako kortesiak are eta barregarriagoak bihurtzen baititu protagonisten arteko solasak. Argumentua ez da batere korapilatsua, kontrara: Smith senar-emazteak Martin abizeneko bikotearen zain daude, beren etxean afaltzera gonbidatu dituztelako. Horiekin batera, Mary neskamea eta suhiltzaile bat tarteka-marteka agertuko zaizkigu oholtzan. Denak kalakari, euren buruari baino aditzen ez dioten inpresioa emango digute, betiere, gizalegezko giro abegitsuan.
Obra honetarako espresio-molde egokiena aurkitzea ez da erraza, baina Zurriolakoek bete-betean asmatu dute. Emakume abeslari burusoila-k arriskua du, irakurketa sasi-intelektuala egiteko bidea eskaintzen baitu, eta zuzendari askok, horrela ulertuta, pieza aspergarriak eskaini izan dizkigute behin baino gehiagotan. Zurriolakoek, berriz, clown munduko estrategiak erabili dituzte emanaldi iaioa zein ironikoa plazaratzeko. Aurpegierak, gorputzen mugimendu eta ibilkeren koreografiak —eta, bereziki, oholtzako sartu-irtenak— oso dibertigarriak suertatu zaizkio publikoari. Arrakasta horretan testuak zerikusi handia du, jakina, baina Zurriolakoek marka egin duelakoan gaude, eta, hartara, guk ikusitako beste bertsioen gainetik gailendu zaigu. Aktoreek ahotsekin jolastu dute, pertsonaiekiko distantzia sortuz. Horrela, elkarrizketa arrunt bateko tonu neutrotik aldenduta, pertsonaiak marrazteko txotxongiloen edo marrazki bizidunen ahotsen modukoak erabili dituzte gure gozamenerako. Antzezle guztiak era oso egokian aritu badira ere, Nerea Arriolaren presentziak gainontzekoen gainetik dir-dir egin digu. Horregatik uste dut bere Smith andreak marka utzi duela.
Erlojuaren joaldiak gogorarazi digu denborak aurrera egiten duela, argien aldaketak lagun. Ezin sinetsirik gaude, harri bitxi hau akorduan iltzatuko zaigu. Baina Ioneskok zioen bezala, Comme c’est curieux (Hau da marka hau), hain ona den Emakume abeslari burusoila-k hurrengo emanaldia non izango duen ez topatzea. Gomendatu nahi nizuen, baina, programazioa arakaturik, ezin aurkitu. Nola liteke hori?