Noiz: Uztailak 1. Non: Antzoki Zaharra (Donostia)
Ostiral arratsaldea da, eguna luze joan da, astea luze joan da, baina antzerkirako azken orduko gonbidapena onartuta bagoaz Konpromisoa antzezlana ikustera Donostiako Antzoki Zaharrera. Azken orduan iritsi gara leihatilara, sarrerarik gabe, eta ordu gazteari eskerrak bete ditugu hutsik geratzekoak ziren bi eserleku. Eguraldi ederra dago kanpoan, jende andana kaleetan, eta uda giroak kanporantz tiratzen du.
Obraz ezer gutxi jakin gabe aulki gorrian eseri eta adin media zenbat jaisten dugun kalkulatu, zaila da esaten, baina puntu batzuk bai, zalantzarik gabe. Nola idazten da antzezlan baten erreseina? Saiatu naiz esaldi batzuk gogoan gordetzen, izenak gogoratzen, trama gertatu ahala birpasatzen, gaietan eta obrari koherentzia ematen dioten elementuetan arreta jartzen, antzezleen lana balioesten. Esaldi bat gorde dut: “Etsairik okerrena beti amen esaten duen laguna” —edo antzeko zerbait—. Arrieta —ezkerrekoa, benetakoa, aldaketak ekarriko dituena— eta Mentxaka —eskuinekoa, betikoa, ustela — lehendakarigaien arteko debatearen aitzakian hasten da taula gainean ageri diren bi lagunen arteko hizketaldia. Ramon Agirre, German antzezlearen paperean eta Joseba Apaolaza, Tomas idazlearen paperean, elkarrizketa zirtolarian abiatu dira. Komedia arina da Konpromisoa, eta hala ere baditu ezustekoak, betiere tentsioa momentu egokian umorez askatzeko. Zuhaitz Gurrutxagak osatzen du hirukotea, Gonzalo etxe-eroslearen paperean, German eta Tomas aspaldiko adiskideen arteko tirabiran harrapatuta geratuko da pisu zaharrera heldu bezain laster.
Beste esaldi bat, airean: Antzerkia bizitza da eta bizitza antzerkia —edo horrelako zerbait, uste dut—. Aktoreek antzokiari berari eta publikoari egiten dizkioten erreferentzietan eta obrak aurrera egin ahala eraikitzen doazen fikzio edo asmakeria geruzetan hartzen du antzerkiaren joko hirukoitz horrek. Gonzalo bera ere ikuslea da obraren barruko kontakizunetan, batzuetan gertatzen ari denaren lekuko soila den arren.
Philippe Claudelena da obraren jatorrizko testua, Martin Agirrek itzuli du eta Begoņa Bilbao Lejarzegik egin ditu bertsio honen zuzendari lanak. Oso ona da moldaketa, frantsesezko jatorrizkoa erabat desagertu baita euskarazko bertsioan. Elkarrizketetan dago Konpromisoaren gakoa, abiadan igarotzen da, hitzak bihurrituz egiten du aurrera, barrea eraginez. Aldi berean, laguntasunaz ari da, laguntasunaz eta maitasunaz, lagun ona izateaz, pertsona ona izateaz. Batzuetan axalekoa irudi dezake, axalekoa dirudi ere bizitzak askotan.