Konpainia: Gorakada. Testua: Julio Salvatierra. Euskaratzea: Idoia Barcelo. Zuzendaritza: Jose Carlos Garcia. Eszenografia eta gauzakiak: Javi Tirado. Jantziak: Ikerne Jimenez. Argiak: Ion Chavez. Musikariak: Fran Lasuen, Na Gomes. Antzezleak: Aritza Rodriguez, Jose Cruz Gurrutxaga, Javi Tirado. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Martxoak 17.
Etorkizunaren jabe sentitzen da Ulises, Troiako gerratik bueltako bidaian aurkitzen dituen oztopo guztiak gainditzeko prest. Haren alboan Euriloko marinel fidela edukiko du, berak nahiago duen arren itsasontziko sukaldaria izan. Bien inguruan Orfeo ibiliko da beti, itsas-abenturetan igaro beharreko neke guztietan zalantzazko laguntza ematen, eta hori baino gehiago musikaren bidez interpretatzen Ulisesen eta bere zerbitzariaren pasadizoak.
Egia esan, oraingo Orfeok ez du garai haietako lira jo, biolin elektrikoa baizik, eta abestu ere bai noizean behin, abenturetako une bakoitzari alaitasuna emanez eta balizko kutsu epikoa hitzen ironia finean bilduz. Gainera, Orfeo doblea eduki dugu taula gainean —Fran Lasuen biolinean eta Na Gomes gitarra elektrikoan—, baina azken finean mitologiako pertsonaiekin dena da posible, eta are gehiago Gorakada taldearen muntaia irudimentsu, surrealista, aurreratu, umoretsu eta inteligente honetan.
Dena esan behar badugu, ni beldur nintzen ea antzokia polito betetzen zuten sei eta hamabi urte bitarteko umeek eta euren gurasoek ondo hartuko ote zuten nahiko era teorikoan, ia-ia kontakizun hutsean, hasi den eszenaratzea. Baina, egiatan, umeak beti daude prest istorio berriak irensteko eta beren munduan integratzeko, eta nago helduek ere asko gozatu dutela emanaldiaren kalitate ukaezinarekin eta atal guztien planteamendu landuarekin. Gauzak era batekoak ala bestekoak izan, argi dagoena da gurasoak eta umeak laster batean sartu direla Gorakadaren joko eszenikoan bi aktore nagusien gaitasun eta entregari esker eta, bereziki, emanaldian zehar izandako txantxa eszeniko zaparrada itzelaren ondorioz. Enbata horretako une handi batzuk gogoratzean, Eoloren karakterizazioa Na Gomes, sirena baten pertsonaia Javi Tirado eta garai haietako eskuko telefonoen irudikapena etortzen zaizkit burura.
Gorakadaren estilo imitaezinarekin ohituta gaudenontzat urteko oparia da euren sorkuntza berri bakoitza, baina nik uste dut kasu honetan muga guztiak apurtu dituztela tramankulu eszenikoen diseinuan, ohiko gauzei beste erabilera bat ematean —fokuetarako oinarriak eta biserak nagusi izan dira gauzakien alorrean— eta, zelan ez, aktoreen jokoan. Alde horretatik, esan beharra dago haiek guztiak sartu direla antzezpenen joko dibertigarrietan, baina duda barik, aipamen berezia merezi dute Aritza Rodriguezek eta Jose Cruz Gurrutxagak, hurrenez hurren Ulisesen eta Eurilokoren roletan egindako interpretazio kementsuengatik.