Konpainia: Abarka. Egilea: Gotzon Barandiaran. Zuzendaria: Ander Lipus. Lekua: Markina-Xemeingo frontoia. Eguna: Ekainak 10.
Oilo nahi gaituzte, oiloak bezain beldurtiak, elkarri mokoka baina produktibo. Hobe elkarri mokoka goikoei mokoka baino, eta goikoek badituzte beren legeak, beren morroiak, beren estrategiak gu oilategian gera gaitezen. Esandako planteamendua muturreraino emanda, etorkizuneko gizarte guztiz ezeztatua diseinatu du Gotzon Barandiaranek bere testuan, non herri euskaldun bateko bizilagunek ezin duten sinistu aitaita-amamaren garaian norberak aukeratzen zuela nahi zuen arraina portutik ekarri berritan.
Barandiaranen testuak asko du giroan Farenheit 451 izeneko film haren giro totalitario depresibotik eta —ia garai bereko beste erreferente nagusi bat ematearren— ezinbestean gogoratu digu Eugene Ionescoren Les Chaises [Aulkiak] antzezlan mitikoa. Nire irudipena da Barandiaranek batetik zein bestetik edan baino gehiago usaindu eta ezpainak busti dituela, sommelier baten antzera, eta nik esango nuke sublimatu egin dituela bata eta bestea, Farenheit-eko giro profetikoa eta Les Chaises-eko absurdu metaforikoa gaurko gure Euskal Herrira ekarrita.
Hala ere, kontuan hartu behar dugu ohiko ikuspegitik esanda dagoela hori guztia, zeren eta antzezlanaren arima eta erdigunea Ander Lipus markina-xemeindarra dugu, haren ekimenez jarri delako testu hau muntaiaren zentraltasunean eta haren zuzendaritzapean igo direlako Abarka talde ez profesionaleko kideak antzezpen-maila bikainera.
Emanaldia hasi aurretik sumatu dugu eszenaratzearen itxura landua. Frontoi batean egon arren —nolatan ez du Markina-Xemeinek XXI. mendean ganorazko antzoki bat?—, eurenak eta bost egin ditu konpainiak ahalik eta kaxa eszenikorik itxurosoena atontzeko, alboetako hanka-oihalak, foku-barrak, soinu-instalazioa eta guzti, eta etekin polita atera die esku arten zeuzkan baliabide ez-oparoei, Amaia Garate Olanoren planteamendu estetikoei segika eta Arantza Floresen argien diseinua lagun.
Eremu eszeniko ia huts horretan protagonismo handia hartu dute egurrezko kutxa ia metafisikoek —azken sorpresa eszenikoa gorde du— eta, zelan ez, aulkiek, era guztietako aulkiek, geu ere era guztietakoak garelako, Mozkin jauna besaulki ultramodernoen enpresariak kontrakoa nahi duen arren. Duda barik, zuzendariak ahalik eta rol egokiena eman dio antzezle bakoitzari, eta haietariko batzuek —atso matxinoa, aguazil patetikoa, Mozkin jauna…— nahiko testu luzeak defendatu dituzte, baina argi dago ordu asko egin dituztela guztiek pertsonaien prestaketan eta denetariko beharretan. Azkenik, aipatzekoa da Mikel Unamunzagaren musika, tarte esanguratsuak txertatu dituelako testuaren trinkotasunean eta ezinbesteko laguntza eman duelako giroak eta eszenak bideratzerakoan.