antzezpen kritikak
< Maitasunaren legea | Seduzitzeko dohaina >
Halaxe dio bihotzak
Agus Perez
Berria, 2015-11-04
“Etxekoak”

Zuzendaria: Ander Lipus. Zuzendari laguntzailea: Mariya Aneva. Idazlea: Jon Gerediaga. Antzezleak: Javier Barandiaran, Kristiane Etxaluz, Maika Etxekopar, Ander Lipus. Lekua: Luhusoko Harri Xuri aretoa. Eguna: Azaroak 1.

      Barkatuko didate Huts Teatroko kideek, baina ez dut aurkitu esaldi hobeagorik lerro hauen izenbururako: “Halaxe dio bihotzak”. Luhusora joan baino lehen erabakita neukan hitz horiek ebatsiko nituela, iraungo duen maitasuna bezala indartsuak eta egiazkoak iruditzen zaizkidalako.

      Etxekoak obrako muinean Maddi euskaldunaren eta Mamadou afrikarraren arteko maitemintzea dago. Maitemintze zaila inondik ere, elkarrekin bizitzeko burokraziaren oihana zeharkatu beharko baitute. Baina oihan hori fisikoa da, neurtzeko modukoa, tranpaz betea baina neurgarria, epeak, kontaktuak, zure diru apurrak eta zure indar guztiak xede horri begira bideratuta. Beste kontu bat da etxean bertan aurkituko duzuna, kanpotar bat, beltz bat, euskaraz oraindik ez dakien bat etxeko egin nahi izanez gero.

      Egoera dramatikoa lau pertsonaia bereziren bidez gauzatu da, eta bertan ederto islatu da aro honetako familia egitura garai bateko sendiaren hondarra baino ez dela: Maddi gaztea etxera itzultzean argi dago gurasoak bere mundutik kanpo geratu direla, arrazoi bat edo beste direla medio: arbasoekin geratzen zaion lotura bakarra amama zahartua da, eta hura ere adinduen dementziaren atarian dago. Etxe berean amamaren bi semeak bizi dira —Maddiren osabak—, eta haietariko bat adimen urrikoa da, maitekorra baina laguntza gutxikoa oihana zeharkatzeko. Gauzak horrela, beste osabak hartu beharko du Maddi eta Mamadourena portu onera eramateko ardura, gogoz kontra izan arren.

      Nik behintzat benetakotasun handikoa deritzot sendi atipiko horren egiturari. Gainera, oso emankorra suertatu da planteamenduan sendiko kideak adinez eta ikusmoldez oso desberdinak izatea, jarraian ikusiko dugunez: Maika Etxekoparrek pertsonaia dramatiko indartsu eta samurra eraiki du Maddi protagonistaren rolean, eta alboan eduki du Imanol osaba —Ander Lipus—, legaltasunarekin obsesionatuta; Javier Barandiaranek osaba txolinaren rola bete du, bere posiziotik Pernandoren egiak bota eta bihotza beste ezeren gainetik jarriz; azkenik, Kristiane Etxaluzek orbanik gabe gauzatu du amamaren rola, eta haren esku egon da noizbehinkako sententzia sakonak esatea, garai bateko jakituria ezin hobeto laburbilduz.

      Laurak ibili dira elkarren pare, lauren jatorri, presentzia eta gaitasun diferenteen oztopoa aberastasun iturri bihurtuta. Izan ere, lan honetako gauza nabarmena da laurak plano berera ekarri dituela Lipusek, Mariya Anevaren ezinbesteko laguntzarekin, eta bide horretatik aipatzekoa da laurak mintzo direla euskara batuaz. Bakoitza bere jatorriko doinuarekin, baina batueraz eta ahoskera argiz, eta ni behintzat pozik nago emaitzarekin.

      Planteamendu eta egikera bikainaren lagun, dekoratu erdi eskematiko erdi metaforikoa aipatu behar dugu —Karmele Lizundiaren brodatu landuak barne—, eta baita ere Asier Ituarteren musika poetikoa, Maika Etxekoparren kanta hunkigarriekin batera.

      Amaitzeko, ezin dugu alboan utzi estreinaldi honek sortu duen ikusmina: Euskal Herriko leku askotatik etorri dira kultur eta gizarte eragileak, musika, zinema, bertsolaritza, pentsamendua, kazetaritza, dantza eta antzerkia elkartuz, eta emanaldiaren osteko topaketak antzezlanak berak baino askoz gehiago iraun du, ideia trukaketaren ospakizunean.