Egilea: Xabier Mendiguren. Zuzendaria: Ander Lipus. Antzezleak: Nazaret Froufe, Urki Muguruza, Joana Ocaņa, Eneko Sagardoi. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: Otsailak 27.
Ohe triste bat dago agertokiaren erdian, eta ohe horren inguruan elkartuko dira maitaleak, kartzelako zaindariek markatutako lekuan eta orduan. Aktore batek hareaz marraztuko ditu ohearen inguruko hormak, eta horrela definituko dira gune berezi horren muga gogorrak.
Amodioaren ziega Xabier Mendigurenen testu bat da, eta, beste kontu batzuen artean, pozgarria egin zaigu euskal egile garaikide baten obra bat taula gainera eraman izana. Jakina denez, ez da ohikoa gaurko idazleen sorkuntzak eszenaratuta ikustea, eta hor ere badago debate sakon bat, testu askoren maila literario eta balizko egokitasun eszenikoaren kontura.
Kasu honetan behintzat, testuak erraz gainditu ditu lehen esandako langak: euskara batu estandarrean idatzita dago eta lirismo nabarmena lortzen du gure itsasbazterrei eskainitako pasarteetan. Bestalde, ganora handiz konbinatzen ditu pasarte horiek eta bikoteak denbora mugatu horretan ebatzi behar duen sentimendu-gatazka. Horrenbestez, oso esanguratsua da harearen erabilera eszenikoa, preso dagoenari denboraren iraupenari eustea dagokiolako eta hareak beste ezerk baino hobeto irudikatzen dituelako bai denboraren iragatea bai itsasoaren eta lehorraren arteko lehia etengabea.
Testuaren egokitasun eszenikoari dagokionez, argi dago zuzendariak eta taldeak zerbait egin dutela jatorrizko obrari bizia eta esangura emateko, eta kasu honetan, gainera, elkarlanean jardun dute egilearekin, gaurkotze txiki batzuk egite aldera. Bide horretatik, oso aberasgarria izan da dramaturgiak sortutako pertsonaien bikoizketa, jantzien diseinu eta kolore hautaketak azpimarratuta. Izan ere, bikoizketa horrek aukera eman du bikote bat errealitatearen planoan geratzeko, besteak nahien eta gogoeten eremutik jardun ahal izateko.
Soinu-eremu soil baina esanguratsu baten laguntzaz, bikain aritu dira Lauka teatroko kideak, sendotasun osoz, erabateko elkarlanean murgilduta eta rol bakoitzari zegokion barne indarra ondo neurtuta. Era berean, eredugarriak izan dira lauren antzezpenak, ahots garbiak eta presentzia eszenikoa. Azkenik, polita da jakitea lauretako hiruk Durangoko Karrika talde amateur beteranoan garatu dutela beren trebakuntza eszenikoa, Zu-Bi deialdiaren babes estrategikoa jaso dutela, eta Manex Fuchsek bultzatu zituela testu hau taulara eramatera, Artedramaren Aulestiko jardunaldietan euren gaitasuna neurtu ostean.