Egilea: Josep Maria Miro i Coromina. Euskaratzea: Iņaki Ziarrusta. Aktoreak: Eneko Sagardoi, Tessa Andonegi, Xabier Ortuzar, Aitor Fernandino. Lekua: Bilbon, Arriaga antzokian. Eguna: Urriak 30.
Lar maitekor jokatu du igerilekuko begirale batek umetxo batekin, eta horrek arazoak ekarriko dizkio, gurasoen kezkarengatik eta sare sozialetan hedatutako alarmismoarengatik.
Arkimedesen printzipioa sortzeko aspaldion azaleratu diren kasu beldurgarrietan oinarritu da Josep Maria Miro i Coromina, aldez aurretik inor kondenatu barik eta aukera guztiak zabalik utziz. Horrek, jakina, areagotu egin du pertsonaien dentsitatea —jatorrizko testuaz ari naiz—, beraien artean eta inguruko gizartean sortzen diren zalantzak haietariko bakoitzarengan ere ernatzen direlako. Testuak Born saria jaso zuen (Katalunia, 2011), esandako balioengatik seguruenik, zeren eta egitura logikoan badaude zulo batzuk, ikusleen borondateaz bakarrik zuritu daitezkeenak.
Taula gainean lau pertsonaia ikusiko dugu: igerilekuko begiraleetariko bi, bertako zuzendaria eta guraso arduratu bat, egileak funtsezko gatazka —hurkoengan daukagun konfiantza— aktore gutxirengan kontzentratu nahi izan balu bezala. Gainera, denbora-egitura interesgarria eratu du, ispilu apurtuaren antzekoa, eta horren ondorioz ikusleek zerbait jarri behar izan dute beren aldetik, gertaeren benetako irudiaren bilaketan.
Ikuspegi eszenikotik etekin ona atera dio taula zuzendariak denboraren izaera zatikatu horri, eszenak aurreko zein atzeko aldetatik erakutsiz. Ene uste apalean, ostera, energia gehiena gastatu du ariketa estetiko horretan, eta ez du behar zen bestekoa gorde pertsonaien barne dentsitatean sakontzeko eta euren arteko hartu-emanak ganoraz ehuntzeko. Bestetik, lan honek eskatzen du antzezleak ageri-agerian egotea, bakardade eszenikoan ia, aztertzen den auzia antzezpen soilen bidez ebazteko, jatorrizko muntaian bezala. Osterantzean, oraingo eszenografia astun bezain elkorrak nabarmen oztopatu du antzezpenei sinesgarritasuna ematea eta sakoneko kontuetan murgiltzea.
Gauzak horrela, aktoreen berezko gaitasunaren esku geratu da emanaldia portu onera eramateko ardura. Alde horretatik, argi dago pertsonaia txukunak eraiki dituztela, dialogoen deabruzko abiadura gora-behera. Zertara dator hainbesteko presa hori? Ikusleak aspertzearen beldur ote gara? Bestetik, salatzeko modukoa da, ostera ere, ahotsen proiekzio ezin makalagoa, ahotsa delako aktoreek geuganaino heltzeko duten armarik onena. Eskerrak Iņaki Ziarrustaren berba txukun eta biziek nahikoa gatz eta piper eman diotela euskarazko testuari!