antzezpen kritikak
< Familia ereduak | Bakardadea zerumuga >
Jende maitagarriak
Agus Perez
Berria, 2013-07-09
“Cabaret”

Konpainia: Le Petit Theatre de Pain. Lekua: Durangoko Ezkurdi plaza. Eguna: Uztailak 6. .

      Larunbateko arratsalde sargoritsuan hondartza masifikatuetara ez joatea erabaki genuenok babesleku ederra aurkitu genuen Durangoko Ezkurdi plazako zuhaitz handien gerizpean. Bertan jarritako aulki tolesgarrietatik Cabaret ikuskizuna dastatzea pribilegioa zela sentitu genuen, haren eszenatoki apala, belusezko gortina zimelduak eta albo banatan zeuden musika-instrumentu ugariak ikustean. Are gehiago Iparraldeko txoko galdu bateko mandataria azaldu —La Republique-ko zinta gorri-zuri-urdinaz apaindua— eta haren atzetik bera bezain mozkortuta zirudien tropa xelebrea agertokira igo zenean.

      Hortik aurrera denetarik gertatu zen, taula gainean eta inguruetan, ikusleen artean eta haien atzean, beraien laguntzaz eta beren kontura, unean uneko gertakizunen arabera. Antzezleak, bitartean, musikari zebiltzan, herri askotako abestiak interpretatuz eta nesken ahots gozoak era guztietako instrumentuekin lagunduz. Izan ere, aipatzekoa da instrumentuen erakustaldia, haietariko batzuk —biolontxeloa, klarinetea, mandolina, saxoa...— klasikotzat har daitezkeelako, baina beste asko irudimen eta artisautzaren arteko ezkontzatik jaioak direlako. Sormenaren atal horretan, koko hustu erdiak, puxika bidezko soinuak edota lau eskuz jotako gitarra aipatu ahal ditugu, baina urrezko lekua merezi du buruz behera jarritako balde batekin, soka elastiko batekin eta erratz baten kirtenarekin sorturiko kontrabaxuak.

      Hamar antzezleen artean hainbat aurpegi ezagun ikusi genituen: Fafiole Palassio Tartean lan zoragarriaren bakarlaria, Mariya Aneva Juglarea, puta eta eroa lanaren zuzendaria (Donostia Antzerki Saria 2009an), Maika Etxekopar Amaren Alabak ahots-talde zuberotarraren partaidea, Fuchs anaiak, amaiera aldera eta oinutsik aurresku txiki bat dantzatu zutenak... Jatorri askotako jendea dago konpainian —Euskal Herria, Bretainia, Bulgaria...— eta emanaldian zehar zenbait herritako olerkiak ere tartekatu ziren, hala nola okzitanieraz askatasunari eskainitakoa edota Eduardo Galeanok jende xumearen omenez idatzi zuena.

      Aspaldiko muntaia da Cabaret Luhusoko konpainiak bi hamarkadatan plazaratutako lanen artean, baina bere jatorrizko xarma gorde du, oso-osorik, erroak herri-ospakizunen izpirituan sakon finkatuta dituelako, eta baita ere konpainiako kide guztien engaiamendu eta prestakuntzari esker. Durangon hasitako bideak geldialdi ugari izango ahal du Hego Euskal Herriko plazetatik!