Ekoizpena: Glu-glu. Egilea eta zuzendaria: Galder Perez. Antzezleak: Ugaitz Alegria eta Libe Aranburu. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: ekainak 29.
Gizon gigolo galanta da obrako mutil protagonista, eta bere izen-abizenekin bat datozen hiru G horien aurkikuntzak ezinbestean lagunduko omen dio nesken G puntuarekin konektatzeko. Esperma emailea dugu mutila, eta obrako neska protagonista intseminazio artifiziala egitera doanean, hantxe hasiko da bien arteko harreman gorabeheratsua.
Galder Perez da Kanpaiak jo bitartean obraren egile eta zuzendaria, eta bere ohiko estiloko zerbait plazaratu du lan honetan: sexu kontuak konplexurik gabe azaleratuta, freskotasuna parra-parra, elkarrizketa pikanteak, trazu lodiko umorea eta zabarkeriaren bat han-hemenka. Horra hor, adibidez, mutilaren masturbazioaren antzezpen jostagarria edota litro erdiko semen potea, behin eta berriro erakutsi dena eta une batean neskaren ilea ere zikintzeko baliatu dutena.
Bitartean, neska eta mutilaren arteko harremana betiko parametro konbentzionaletatik ibili da, baina egileak txinparta politak atera ditu egoera batzuetatik, eta bat aipatzearren, euskal kanta ezagun batzuekin —Lau teilatu, Aitormena…— jositako solasaldi bitxia aipatuko dugu. Dena dela, argumentuak edo haren garapenak ez dute joko handirik eman eta zuzendariak, horren jakitun izanik, hainbat musika-pasarte tartekatu ditu eszenak apaintzeko eta hala edo nola osatzeko. Izan ere, nik uste dut ekarpen probetxugarria izan dela, musika zatien hautapena egokia izateaz gain, koreografia laburrentzako aukera zabaldu dutelako.
Planteatutako egoeren sinesgaiztasuna gorabehera, Ugaitz Alegriak eta Libe Aranburuk adorez defendatu dituzte beren pertsonaiak, Libek bere jatorrizko ekinarekin eta Ugaitzek bere histrionismo neurturako dohaina luzituz. Eremu eszenikoaren estetika kitsch eskematikotzat jo dezakegu, eta proposamena era batean edo bestean sailkatu behar izanez gero, uda-antzerkiaren eremuarena izango litzateke bere definiziorik onena.