antzezpen kritikak
< Minutu bat eta erdi | Euskalakarion festa >
Ikusleak ikerlari
Agus Perez
Berria, 2011-02-23
“L-KM”

Zuzendaritza: Jokin Otegi. Gidoia: Patxo Telleria, Jokin Oregi. Musika: Edu Diego. Eszenografia: Gorka Minguez. Antzezlea: Mikel Martinez. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Otsailak 18.

      Durangoko Liburu Azokan L-KM antzezlanaren estreinaldia galdu genuenok Korrika Kulturalaren barruan dugu ikusteko aukera. Izenburuko hizkiek larria, kutsakorra eta mendebaldekoa esan nahi dute, balizko pandemia modernoek Mendebaldeko gizartean eragindako izuari aipu eginez, eta gai mamitsu horri helduta idatzi dute obraren testua Patxo Telleriak eta Jokin Oregik, azken hori zuzendari ere ibili dela.

      Bien artean idatzitako testuak farmakologiako esperimentu baten parte bihurtzen ditu ikusleak, baina ez akuri moduan, ikerlari bezala baizik, beraiek izango direlako esperimentuaren behaketa zuzena egingo dutenak. Izan ere, txabusina zuria jantzita eta guzti agertokiaren albo banatan eserita egotea esanguratsua da eta ezin hobeto sinbolizatzen du Mendebaldeko herritarroi egokitu zaigun edo erremediorik gabe onartu dugun behatzaile rola.

      Esperimentuaren protagonista diren hiru gaixoak —Mikel Martinezek gorpuzten ditu hirurak— irudimenezko gela batean egongo dira, eta Gorka Minguezen eszenografiak elementu zeharrargi gutxi batzuekin irudikatu ditu gelako perimetroa eta egoera kliniko itxia. Edu Diegoren musika ere laguntza handikoa da une batzuen izaera dramatikoa edo beldurgarria azpimarratzeko, eta argi-panel baten bidez jakin dugu gaixo baten edo bestearen gelan aurkitzen ginela.

      Mikel Martinezek, berriz, bere ohiko efikaziarekin ekin dio akuri hirukoitza antzezteari, eta erraztasun handiz burutu ditu hiru pertsonaien arteko trantsizioak eta hizkeraren erregistro aldaketak, haietariko batek bizkaiera batua erabiltzen du eta. Ene uste apalean, ordea, haietariko bakoitzaren barne-eraikuntza sakonagoa izan zitekeen, baina hala ere, une batzuek —esku arrotzaren sindromearenak, adibidez— artega puntu bat eta guzti sortu digute, eta hiru pertsonaien arteko txandakatzeak oso ondo funtzionatu du, gidoian bertan ezarrita daudelako hiruren arteko inflexio puntuak.