Zuzendaritza: Asier Zinkunegi. Musika: Pello Ramirez. Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti, Gorka Zufiaurre, Asier Zinkunegi. Lekua: Antzoki Zaharra (Donostia). Eguna: otsailak 12.
Bueltaka dabiltza etxe barrutik amona eta aitona, eta haiekin batera Mattin haien biloba, tristura betean murgilduta. Bruno –Mattinen anaia– ez da dago haiekin, eta hirurek nabaritzen dute haren bizipoza agortezinaren absentzia.
Dar-dar ekoizpen etxeak Karlos Linazasororen Etzi izeneko narrazioa egokitu du, antzerkiaren bidez ezagutarazteko Down sindromea dutenen kasua. Argumentuan eta errealitatean Down sindromeduna da Bruno, eta berarekin gogoratzean berreskuratzen ditu etxeak bere koloreak eta haren biztanleek beraien kontentua. Bera da koloretako arropa janzten duen bakarra, anaia eta aiton-amonen jantziak gristasun nabarmena erakusten baitu.
Eremu eszenikoan ere grisa da kolore bakarra, bai etxeko hormetan bai haltzari zein beste elementuetan, eta horrek are nabarmenagoa egiten du pertsonaia koloredun bakarraren beharra eta harekin zerikusia duen gauza ororen bizitasuna. Ildo beretik, etxeko panel grisak zeharrargiak dira, eta horrek ahalbidetzen du eszena koloretsuak haien atzean gertatzea eta horma baten gainean proiekzioak egitea.
Proiekzioak, aldiz, bi eratakoak izan dira: haietariko batzuk errealitatetik hartutako irudi tratatuak dira eta sendikoek haien bidez gogoratzen dituzte Brunorekin izandako pasadizo dibertigarriak –tristeak ere bai, kasuren batean–. Beste proiekzio batzuetan, Brunoren barne-munduko xalotasuna irudikatu da Alberto Francoren marrazki delikatuen bidez. Narrazioa hiru planotan garatzen da –iragan gozoa, orain gogogabetsua eta irudi proiektatuen eremua– eta antzezleek sinesgarri egiten dituzte testuak eskatutako denbora-jauzi ugariak. Saio arrunt baten ohiko parametroetatik ikusita, rol bakoitzaren diseinua barne-garapen eskasekoa eta estereotipatua iruditu dakiguke, baina ulertu behar dugu era horretan antzezlana errazagoa izan daitekeela ikastetxeetako gaztetxoei gai sentikor hau aurkezten zaienean.