Hitzak eta musika: Pier-Paul Berzaitz. Errejenta: Jean-Pierre Rekalt. Jantziak: Erramun Gartzia-Zabalegi eta herriko dendariak. Dantzaren bozak: Tittika Rekalt. Makilen egilea: Georges Atxigar. Antzezleak: Atharratze-Sorholüzeko biztanleak. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 18.
Bilboko Arriaga antzokira etorri da Jean Pitrau pastorala, Parisko Udazken Jaialdiaren kolaborazioarekin. Antza denez, bertan arrakasta erdietsi izana dugu Arriagako programazio berrira ekartzeko zio nagusia, eta ez geure teatro-adierazpenik behinena izatearena. Motiboa bat ala bestea izanik, kontua da ikusle euskaltzaleek polito bete dutela gure antzoki handia eta Jean Pitrau laborariaren figura ezagutzeko parada eduki dugula.
Pitrau 1975ean hil zen, berrogeita zazpi urte betetzekotan zegoela, eta pastoral honen nahia izan da haren lan eredugarria ahanzturatik erreskatatzea. Gazte zelarik kristau sindikatu batean hasi zen, nekazariek eta artzainek zuten panorama beltzak kezkatuta: populazioaren zaharkitze geldiezina, gazteen emigrazio masiboa, etorkizunik eza… Geroan Laborarien Ganbera izango zenaren oinarriak ezarri zituen, baserriak eta etxaldeak banan-banan bisitatuz, behar zutenei pertsonalki lagunduz eta gogor eginez sindikatu konformisten kontra jendarmeriaren begirada etengabearen pean. Emanaldirako editatu den liburuxkan irakurri ditugu Jose Bove laborari internazionalistak hari buruz esandakoa: “Jende gutxik eduki du berak bezalako eragina.” (La révolte des montaignards, A. Errotabehere, Elkar, 2011).
Bilbon ikusi dugun pastorala ez da jatorrizkoa izan, haren laburpena baizik, beharbada horrela eman zutelako Parisen, edo, besterik gabe, zaila delako hasierako elementu guztiak —aingerutxo kantariak, artzainak eta haien ardiak…— ganoraz lekualdatzea. Gauzak horrela, bi ordu baino gutxiagoan eta hamabi jelkalditan ikusi dugu hogeita hiru agerpenekoa zen pastorala, eta lehen peredikuaren ostean luze jardun dute dantzariek. Bereziki elegantea izan da zazpi mutilen arropa, eta oinutsik egin dituzten jauziak edertasun handia erakutsi dute, batez ere, isiltasun osoan egindako mutxikoan, oinen hotsak erritmoaren lagun bakarrak zirelarik.
Ikusleen txaloek lagunduta eta besaulki-patioa gurutzatuz sartu dira arizaleak agertokira, eta zortzi musikariko orkestra txikiak interpretatu du musika. Bitxikeria bezala, satanek hitzezko agerraldi bakarra egin dute eta beste guztiak neska dantzarien esku egon dira. Ildo beretik, borroka bakarra gertatu da giristinoen eta turkoen artean, eta era frontalean gauzatu dute, ez ezker-eskuin, askotan ikusi bezala. Azkenik, turkoen bandoan Paristik etorritako udatiar zuberotarrak, enpresari handiak eta jendarmeak egon dira, eta haien agerraldietan nabarmena izan da aldarte txarrak sortzen dien inarrostea, kontraste handian egon dena Pitrauren agerraldietako lasaitasunarekin.
Abestien artean, ederrak izan dira Etxahun Iruriren Goizean argi hastean —goi mailakoa bere lirika bakunean— eta azken peredikuaren aurrean etorri den Xütik bihotz-altxagarria. Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi okzitanieraz abesturiko Gardarem lo Larzac (Larzac gordeko dugu) ereserkia, Pitrauren ama Biarnokoa baitzen, eta Larzaceko lurretan (Okzitania) garaipen ikaragarria lortu baitzuten nekazariek Frantziako armadaren egitasmo erraldoi baten aurka, Europako bakezaleon ezinbesteko laguntzarekin.