Taldea: Gasteiz Antzerki Taldea. Egilea: Andree Chedid. Egokitzapena eta zuzendaritza: Jean Marie Broucaret. Euskarazko itzulpena: Joseba Gorostiza. Gaztelainiazko itzulpena: Carlos Gil. Eszenografia eta jantziak: A. Marie Pihouee. Maskarak: Annie Onchalo. Musika: Paskal Gaigne. Non: Bilboko La Fundición aretoan. Noiz: Martxoaren 1 eta 2an gaztelaniaz, eta 3an euskeraz. Iraupena: ordubete.
Ekialde hurbilean kokaturiko hiru istorio dira Gasteiz Antzerki Taldearen azken lanaren oinarria, joan den asteburuan taularatua izan dena Bilboko La Fundicion aretoan. Baina hiru istorio labur hauetan —gure garaian girotuak eta Andree Chedid egile kairoarrak idatziak- ez da agertzen ez magorik, ez miraririk, ezta lanpara miresgarririk ere; aitzitik, Libanoko mendietan edota Kairki kaleetan bizi diren gizakume apal eta xumeak dituzte protagonista.
Alfonbra biribil eta sinple bat eta lau zumezko otzara handi dira taula apaintzen duten elementu bakarrak. Bertan garatuko dira gizatasunez eta samurtasunez beteriko hiru istorio magiko hauek: Gabonazaharrean semearen bisita itxaroten duen ama adintsuarena, mendian bizitza arriskuan jartzen duen artzainarena adiskideari laguntza ematearren, eta azkenik, dirua batzen duen txoferrarena hil ez den auzoko baten hiletarako. Hirurak elkarren segidan garatzen dira, eta bi aktorek bakarrik hartzen dute parte aurpegia agerian izanik narradorearena egitean, baina maskara ederrak eta adierazkorrak erabiliz pertsonaiak antzezten dituztenean. Dena gure begien aurrean gertatzen da, ez dago tranparik, beharrezkoak diren objetuak saskietatik ateratzen dira eta bertan gordetzen dituzte narrazio bakoitza amaitzean; aktoreak eszenatokian aldatzen dira maskaraz, baina gu istorioari soilik gaude adi. Magia maisuekin gertatzen den moduan, magoari interesatzen zaiona bakarrik ikusten du publikoak. Eta egoera hau lortzen da Jean Mare Broucaret-ek sortutako konbinaketa zehatz bati esker, hau da, sinpletasun osorako atrezzo-a batetik, Pascal Gaigne-ren soinu-banda bikaina bestetik, eta mugimendu ia koreografikoak azkenik, mimika pausatu batez lagunduak.
Amaitzeko, azpimarratu behar da benetan zaindu dela euskaraz eta gaztelaniazko bertsioen arteko oreka. Biak dira bikainak. Eta beste gai bati begira, nik ez nuke esango haurrentzako ikuskizuna dela. Ume txikientzat bereziki idatzi ez diren hiru istorio serio-k osatzen dute nagusientzako edo haur helduentzako ikuskizun hau. Dena dela, eta espero nuen ez bezala, ume txikiek ere jan egun zuten obra osoa tutik esan gabe, aipatutako muntaiaren beste alde erakargarriei esker duda barik.