Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Urriak 26.
Sorpresa atsegina izan da lan hau niretzat. Izenburu bitxiak jakin-mina pizten du ezinbestean. Izan ere, jakin-mina da intrigazko antzezlan honen hari nagusia, baina ez bakarra, harekin batera pertsonaia baten barne-mundua eta hiruren arteko harremanak baliatu dituelako egileak, trebeziaz baliatu ere, nortasun handiko testu dramatikoa sortu arte.
Antzerkirako idazlan berriak beti dira pozgarriak, eta kasu honetan argi dago argumentuak zehaztasun handiz funtzionatzen duela, egileak ondo dosifikatu dituelako bere esku zeuden baliabideak, eta protagonistaren korapilo sakona abiadura geldoan askatu duelako. Nik, beharbada, Henry Bengoa inventarium-en antz apur bat hartu diot, baina horrek ez dit aparteko eragozpenik sortu, Garbi Losadak argi izan duelako Atxagaren prosa poetiko gaindiezina ez zela lan honetarako eredua izango eta gizon eta emakume apalen gizatasunean oinarrituko zela testuaren interesa, suspensearen arau klasikoak oinarritzat hartuta.
Eszenaratzeari dagokionez, soiltasunera jo du zuzendariak, eta eremu eszenikoak oso era eskematikoan irudikatzen ditu Isabelen etxea eta argumentuak eskatzen dituen gainontzeko giro guztiak. Horrek nolabaiteko pobretasun eszenikoa sortzen du, eta argi baino argiago uzten ditu italiar erako antzerkiaren mugapenak, batez ere alboetatik egindako sartu-irten ugariak ikusita. Agertokiaren diseinu horrekin, ordea, asko errazten dira eszena aldaketak eta denboran emandako jauzi ugariak, eta gainera agerian geratzen da antzezleen lana.
Kalitate berezikoak izan dira hiruren antzezpenak. Lierni Fresnedok dotoreziaz bete du bere pertsonaia misteriotsuaren min ezkutua, Kandido Uranga gizon batzuen sendotasun lasaiaren isla izan da eta Ainhoa Aierberi bere mugetatik hurbil dabilen emakume kementsuaren rola egokitu zaio. Ahoskera garbia eta antzezpen indartsuak eskertu ditut, baina faltan bota ditut laguntasun edo maitasunezko keinu batzuk, batez ere amaiera aldera, emozioak hurbiltasun fisikoa eskatzen duelako pertsonaien barne-korapiloak askatzen direnean.